Kultura

Literaturako Euskadi Saria Fermin Etxegoienentzat

Azken egunetan bolo-bolo ibili den zurrumurrua baieztatu, eta euskarazko lanetan epaimahaiak idazle oñatiarraren 'Autokarabana' hautatu duela jakin da ofizialki gaur goizean.

2010eko urriaren 25a
21:44
Entzun
Aurtengo Euskadi Saria Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) idazle, kazetari eta gidoilariari ematea erabaki du epaimahaiak, hain zuzen ere, iaz Pamiela argitaletxearekin argitaratutako Autokarabana nobelagatik. Epaimahaiak nabarmendu du "euskaldunen kronika zehatza eta euskal munduaren kritika ironikoa" egin dituela Etxegoienek lan horretan. Kooperatiba batean lan egiten duen 40 urteko gizonezko arrunt baten gorabeherak jasotzen ditu liburuak.

Idazlea bera pozik agertu da sariarekin Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin egindako agerraldian, eta Autokarabana-k egindako ibilbide oparoa azpimarratu du. Izan ere, 3. edizioa kaleratzear da eta Euskadi Sariaren aurretik Kritikaren Saria ere jaso zuen.

Eztabaida iturri ere izan da azkenaldian Etxegoienen nobela, Argia aldizkariko literatur kritikari Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean.

Era berean, gaur eman da epaimahaiaren erabakiaren berri ofizialki, baina azken egunetan bolo-bolo ibili da Etxegoien zela aurten irabazle zenbait komunikabidetan, eta, bereziki, Interneteko sare sozial eta blogetan.

Autokarabana-ren aurretik Neurona eta zeurona saiakera plazaratu zuen Etxegoienek 2004an. Horrez gain, ibilbide luzea egin du irratian -Bilbo Hirian zein Euskadi irratian-, ikus-entzunezkoen gidoigintzan, eta prentsan iritzi emaile -besteak beste, BERRIAn-.

Gaztelerazkoa: Jose Fernandez de la Sota

Gaztelerazko literatur lan onenari Euskadi Saria, berriz, Jose Fernandez de la Sotari (Bilbo, 1960) ematea erabaki du epaimahaiak, Vacilación poesia liburuagatik. Lanaren "egitura orijinala eta forma aldetiko distira" azpimarratu ditu epaimahaiak. Fernandezde la Sotak ibilbide luzea egin du literaturan: bederatzi poema liburu, eleberri bat, lau narrazio sorta eta saiakera bat ditu argitaratuak, eta baita biografia eta gida liburuak ere. Era berean, aurretik ere hainbat sari jaso ditu, batik bat, poesiaren arloan.

Zurgai poesia aldizkariaren arduradunetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.