Komunikazioa

BERRIAren eskaintza berria, abian

Bihar plazaratuko dira aurreneko aldiz herrialdeetako HITZAk, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko informazio zehatza BERRIAn txertatuko duten astean behingo gehigarriak. Era berean, gaur jarri da martxan BERRIA.INFO berritua, eta haren baitan Berriketan.info informazioaren inguruko euskarazko sare soziala. Proposamen horien bidez krisiari informazio eskaintza osatuari uko egin gabe aurre egiteko asmoa dutela BERRIAk eta haren inguruko enpresa taldeak azpimarratu du Joanmari Larrarte kontseilari ordezkariak.

2010eko azaroaren 4a
20:35
Entzun
BERRIAren inguruko enpresa taldea paradoxa batean aurkitzen da gaur egun Joan Mari Larrarte kotnseilari ordezkariak agertu duenez: inoiz baino gaitasun gehiago dauka metatuta komunikazio proiektu sendoak abian jartzeko eta biziararazteko, baina, era berean, krisiaren ondorioz, gero eta zailagoa du proiektu horiei ekonomikoki eustea. Izan ere, urteetan esperientzia eta giza talde sendoa bildu ditu komunikazioaren arloan indarrez aritzeko, baina egungo krisia -orokorrak zein, zehazki, prentsari eragin dionak- oztopo handi bihurtu da.

Egunkarien salmenta jaitsiera orokorrak eragin dio BERRIAri, baina, hala ere, arlo horretan nahiko duin eustea lortu da. Instituzioen dirulaguntza politika murriztailea eta publizitateko diru sarreren jaitsiera handia (%30 ingurukoa) dira kinka larria sortu dutenak.

Hala ere, Larrartek agertu du BERRIAren inguruko enpresa taldeak argi duela ekimen berriekin egin behar zaiola aurre egoera zailari, eta, odorioz, proiektu berriak jarri direla abian. Paperezko BERRIAri dagokionez, astean behingo herrialdeetako gehigarriek osatuko dute orain arteko eskaintza nazionala: bihartik aurrera Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko HITZA gehigarriak plazaratuko dira ostiralero BERRIAren baitan. Horrez gain, HITZAk dauden eremuetan BERRIAren barruan ere joango dira informazio lokala jorratzen duten agerkari horiek astean lau egunez.

Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean egin den aurkezpen ekitaldian eman du horren guztiaren berri Larrartek. Erakunde, politika eta kultur munduko jende ezaguna ere izan da ekitaldian, hala nola, Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Egunkaria-ko auzipetu izana, Xabier Oleaga Ikastolen Elkarteko komunikazio arduradun eta Egunkaria-ko auzipetu izana, eta Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidea.

Larrarteren hitzaldiaren ondoren egitasmo berriak aurkezten dituen bideo bat eman dute, eta, ondoren, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak hartu du hitza BERRIA.INFOAko berrikuntzak aurkezteko.

Berria.info berritua

Izan ere, azal eta mami berriak estreinatu ditu gaur arratsaldeko lauetan BERRIA.INFOk: itxura erakargarriagoa eta argiagoa batetik, eta informazio eskaintza osatuagoa bestetik.

Aktualitatearen jarraipena hobetze aldera, atal berriak sortu ditu; hala nola, Motzean izenekoa, garapen handirik behar ez duten baina jakingarri diren albisteen eskaintza handitzeko asmoz. Informazio agenda zurrunetik bazterrera geratzen diren gaiek ere leku gehiago izango dute aurrerantzean Hara! atal berrian: osasunarekin, zientziarekin, Internetekin eta teknologiekin, astialdiarekin eta, oro har, bizimoduarekin zerikusia duten berriak jorratuko dira hor. Arrantzuan ere sortu du BERRIA.INFOk; hau da, nolabaiteko euskarazko Interneten hemeroteka.

Baina berrikuntzarik handiena Berriketan.info informazioaren inguruko euskarazko sare sozialaren txertatzea da. Hori ere martxan da dagoeneko. Aurrerantzean informazioaren lanketan kazetariek herritarren laguntza gero eta gehiago beharko dutela aintzat hartuta egin da aukera hori; hots, kazetariak informazio sortzaile baino bideratzaile rola izango duela pentsatuta. Funtsean, irakurle/erabiltzaileei arreta jartzea da helburua, eta informazioa haien parte-hartzearen bidez eta haiekin elkarrizketan sortzea.

BERRIAren eta Hitzen elkarlana

BERRIAk eta Hitzek abiatutako elkarlanaren ildotik, komunikabide horietako kazetariak dira Berriketan.info-ko kideak. Baina horrez gain, euskarazko komunikabideen arloan, euskarazko kazetaritzan eta, oro har, Interneten euskaraz ari diren guztien bilgune izan nahi du eta eragile horien denen kidetza lortzeko bokazioz jarri da martxan. Eta, bereziki, informazioa euskaraz jaso nahi duten herritar guztiena.

Hitzetako webgunean ere aldatuko dira bihartik aurrera. Diseinu eta eduki aldetiko eskaintza hobetzeko asmoz ez ezik, tresna bera herritarrengana hurbiltzeko asmoz egin da aldaketa hori ere. Izan ere, herri informazioa landu nahi duten herritar eta eragileei hartarako tresna eman nahi zaie sareko Hitza-ren proiektu berriaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.