Albistea entzun

Heriotza

Azken agur hunkigarria egin diote Manex Goihenetxe historialari zenari

Baionako San Andres eliza jendez bete da gaur goizean Manex Goihenetxe historialari eta euskaltzale zenari azken agurra emateko. Euskalgintzako ordezkariek, Seaskako irakasle eta ikasleek, senide eta lagunek omenaldi beroa egin diote. Ekitaldia elizan egin duten arren, ez da meza izan, Goihenetxeren ingurukoek fededuna zenetz ez zekiten-eta. Gorpua gaur arratsaldean erraustuko dute Errenterian (Gipuzkoa).

Berria -

2004ko maiatzak 7 17:36
Goizeko hamar eta erdietan hasi da Baionako San Andres elizan Goihenetxe zenari egin dioten omenaldia, eta ia bi orduz luzatu da, asko baitziren historialari, euskaltzale eta irakasleari zioten maitasuna hitzez, bertsoz zein kantuz adierazi nahi ziotenak. Goiehenetxeren ingurukoek zalantza zuten fededuna ote zenetz, eta, horregatik, hileta erlijiosoa egin ordez nahiago izan dute omenaldia egitea. Hala, haren hainbat lagun eta hurbilekoek historialari zenaren inguruko lekukotasunak eman dituzte azken agur gisa. Besteak beste, Filgi Claverie Seaskako lehendakariak, Jean Haritxelhar euskaltzainburu eta Ikas elkarteko kideak, Pello Etxeberri-Antxiart historialariak, Seaskako ikasleek zein Au˝amendi Mendizale Elkarteko kideek egin diote azken gorazarrea; hots, Goihenetxek bizitzan zehar ukitu dituen arlo ugarietako ordezkariek: historialari handia, Seaskako irakaslea, Ikaseko idazkaria zein mendizalea izan baitzen, besteak beste. Frantxua Garat Garaziko erretoreak otoitz bat egin du, eta irteerakoan Goihenetxeren ikasle ohiek aurreskua dantzatu dute. Aipatutakoez gain, San Andres elizara hurbildu direnen artean asko ziren euskalgintzako aurpegi ezagunak, besteak beste, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia eta Txomin Peillen euskaltzaina. Seaskako ikastolen artean, Baionako lizeoa, zein Ziburuko (Lapurdi) eta Kanboko (Lapurdi) kolejioak itxi egin dituzte gaur goizean, hartara, Goihenetxeren lankide zein ikasle izanek omenaldira joateko aukera izan zezaten. Gaur arratsaldean erraustuko dute historialari zenaren gorpua, Errenterian. Familiak gero erabakiko du zer egin errautsekin. Marie-Anne Landhe Pagarde Goihenetxerekin batera, mendi istripu berean, hil zen adiskidea, berriz, gaur 15:00etan ehortziko dute, Hazparnen.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...