POLIZIA OPERAZIOA

Espainiako Poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu, tartean Arantza Zuluetaren bulegoko bi abokatu, Segiko kide direlakoan

Haizea Ziluaga eta Haritz Eskudero abokatuei gazte erakundea "aholkatzea" leporatzen die epaileak. Beste atxilotuetako bat Iruñeko Zurgai tabernan presoen argazkiak jartzeagatik azaroan epaitu zuten gazte bat da. Atxilotutako batzuen izenak urriko polizia operazioan ere atera zirela salatu du AAMk.

2010eko abenduaren 16a
18:44
Entzun
Grande-Marlaska epailearen aginduz, Espainiako Poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu bart. Guztiei Segiko kide izatea leporatzen die. Espainiako Barne ministerioko iturrien arabera, tartean daude Arantza Zuluetaren bulegoko bi abokatu, Haizea Ziluaga eta Haritz Eskudero, eta horiei, zehazki, Segi "aholkatzea" leporatzen diete. Abokatuek Bilboko Elkano kalean duten bulegoa miatu du Poliziak.

Bi horiek Espainian atxilotu ditu, lehena Aranjuezeko espetxearen atarian eta bigarrena Kanariar Uharteetan zegoela. Escuderoren bikotekidea, Irune Berro BERRIAko kazetaria, atxiloketaren lekuko izan da, eta Berriketan.info sare sozialean oporretan zeudela azaldu du. Kanariar Uharteetan Espainiako Gobernuak duen ordezkariaren arabera, Eskudero jada Madrilera eraman dute.

Beste sei atxilotuak Hego Euskal Herrian atxilotu dituzte: Garazi Autor eta Izaskun Goñi Iruñean, Eneko Villegas Atarrabian eta Oihana Lopez Burlatan, Ainhoa Villaberde Gasteizen eta Saioa Zubiaur Bilbon. Izakun Goñi azaroan Auzitegi Nazionalean epaitu zuten Iruñeko Zurgai tabernako zerbitzari izanik bertan zeuden presoen argazkien erantzule zelakoan. Terrorismoa goratzea leporatzen zion hasieran fiskalak, beste auzipetuari bezala, baina gero desobedientzia delitua argudiatu eta urtebeteko espetxe zigorra eskatu zuen. Villegasen eta Villaverderen kasuan Internet bitartez "Batasunaren inguruko ekimen eta plataformei babesa ematea" leporatzen zaie.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, gaur atxilotuetako batzuen izenak urriko operazioan ere atera ziren, eta ondoren bai Usurbilen baita Donostian hainbat gaztek atxilotuak izateko arriskuaz ohartarazteko egin zituzten agerraldietan izan zirela. “Gazte hauek jakitun ziren torturaren zerrenda beltzean zeudela. Baina beraien lana publikoa zela aldarrikatu zuten agerraldi hauetan, eta atxilotu dituzten arte beraien egunerokoan jarraitu dute, unibertsitatean ikasiz, lanera joanez eta gazte mugimenduan parte hartuz”.

Urtebetean Segiko kide direlakoan Grande-Marlaskak egiten duen hirugarren operazioa da bart gauekoa. Izan ere, 2009ko azaroan 35 pertsona atxilotu zituen, eta aurten, urrian, hamalau. Segi ETAren zati bat dela argudiatzen du epaileak. AAMk atxilotuek jasan dezateken tratuarekiko kezka agertu du, Espainiako Poliziak berak orain dela aste batzuk burutu zuen operazioa gogora ekarriz, “non tortura salaketa larriak egon ziren, tartean sexu jazarpenak eta ospitalizazioak”.

Abokatuak, jomugan

Zortziak atxilotzeaz gain, hainbat etxe miatu ditu Poliziak, Bilbon, Gasteizen eta Atarrabian, baita Arantza Zulueta abokatuaren bulegoa ere Bizkaiko hiriburuan. Arantza Zulueta apirilean atxilotu zuten, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuekin batera, ETArentzat postari lanak egitea eta presoei ihesaldietan laguntzea leporatuta. Orain dela bi aste, abenduaren 2an, bermepean utzi zituzten aske, epaileak ihes egiteko arriskurik ez zegoela argudiatuta.

Azken aldian ETAko presoen aldeko defentsan aritzen diren abokatuak Espainiako eta Frantziako Justiziaren jomugan daude. Aste honetan bertan Parisen, besteak beste, Mikel Albisu eta Marisol Iparragirre epaitzen ari diren epaiketan fiskalak ETAri laguntzea leporatu zien defentsako abokatuek, eta horrek horiek protesta eragin zuen, epaiketa eteteraino. Epaitegiko abokatuen dekanoak hartu behar izan zuen esku.

Ez da gauza berria, ordea, abokatuen atxilotzea. 1990. urtetik hamalau abokatu atxilotu dituzte ETA laguntzea leporatuta. 1990ean Jose Mari Elosua atxilotu zuten Emiliano Revillaren bahiketan bitartekari lanak egitea leporatuta. Hamar hilabete espetxean pasa ondoren absolbitu zuten. Arantza Zulueta ere 1993an atxilotu zuten lehen aldiz, eta bere kasuan ere errugabetu egin zuen Auzitegi Nazionalak.

“Abokatuok errepresiorik eta espetxe politikarik ankerrenaren lekuko dira, eta errepresio jasaten duten herritarren zerbitzura lan egiten dute, preso politikoen defentsa eginez, torturak salatuz, torturatuak defendatuz e.a”, esan du AAMk, eta abokatuak atxilotuz errepresioaren zuzeneko testigantzak isildu nahi dituztela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.