politika

Sabin Intxaurraga hil da

Gaixotasun baten ondorioz zendu da bart, 60 urte zituela. EAko kide historikoa izan da, eta bi aldiz egona da Eusko Jaurlaritzan sailburu -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzan, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumenean-. Ezkerreko abertzaleen elkarlanaren garrantzia azpimarratu izan du azkeneko urteetan. Euskaltzalea zen. Eskubide zibil, politiko eta demokratikoen aldeko jarrera ere erakutsi izan du. Bihar izango da hileta elizkizuna, Zeanurin 18:00etan.

2010eko abenduaren 28a
22:46
Entzun
Sabin Intxaurraga Mendibil (Zeanuri, Bizkaia; 1949) Eusko Jaurlaritzako sailburua izandakoa eta EAko kide historikoa hil da bart, hamarrak aldera, gaixotasun baten ondorioz. Duela hilabete pasatxo ondoezik zela-eta medikuarengana joan eta erietxera bidali zuten berehala; minbizia atzeman zioten. Abenduaren 13tik berriro ospitalean zen, Barakaldon, Gurutzetakoan.

61 urte beteko zituen ostegun honetan. Ezkondua zegoen eta hiru seme-alaba zeuzkan.

Bihar izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Zeanurin 18:00etan, Andra Mari Parrokian.

Ekonomia zientzietan lizentziaduna zen Intxaurraga, baina haren jarduera nagusia politika arlokoa izan da:

- Zeanuriko alkatea izan zen 1979-1983, 1987-1991 eta 1991-1995 legealdietan.

- 1979 eta 1984 bitartean EAEko Euskal Kontseilu Nagusiko presidentetzan eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren idazkari postuan egon zen.

- 1984tik 1999ra EAko kide gisa Gasteizen eusko legebiltzarkidea izan zen.

- 1987tik 1991ra Eudel EAEko udalen elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide eta lehendakariordea izan zen.

- 1986tik 1995era Bizkaiko EAko Batzorde Eragileko kide, presidente eta lurralde idazkaria izan zen.

- 1999tik 2001era Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu karguan egon zen.

- 2001etik 2005era Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburu postua izan zuen.

- 2005ean Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saileko aholkulari izendatu zuen Joseba Azkarraga sailburuak.

- 2009an EAko kide bezala hautagaia izan zen Europako Legebiltzarrerako Ezkertiarrak eta Independentistak koaliziotik (ERC, BNG, Aralar, Berdeak, EA).

Euskaltzalea zen oso. 1991-1995 artean Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen Zeanuriko alkate moduan. Besteak beste, Egunkaria-ren auziaren aurkako ekimen ugaritan ere hartu zuen parte, halaber.

Ezkerreko abertzaleen indar metaketa xede

Azkeneko urteetan, batik bat, ezkerreko abertzaleen elkarlanera begira lan egin du. "Ezkerreko abertzaleon arteko esparruak hedatuz, abertzale ez diren ezkerreko euskaltzale eta autodeterminaziozaleekin saiatuz eta mugimendu abertzalearen sektore guztiekin komunikazio bideak zabalduz, elkarlanerako bideak aurkitu behar ditugu, aurrean dugun bide luze eta latzari sendotasunez eta duintasunez aurre egiteko. (...) Lizarra-Garaziko ereduari jarraiki eta inori itxaron gabe; bakoitzaren ardura izango baita gure herriaren aldeko konpromisoak bultzatzea", zioen duela hiru urte BERRIAn. "Hegoaldean Autonomien Estatua deritzan ereduak porrot egin du; eta autodeterminazioa gauzatu nahi dugunok, bakea nahi dugunok, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osorako nahi dugunok, presoak etxean ikusi nahi ditugunok, gatazkak sortutako alde anitzetako sufrimenduari bukaera eman nahi diogunok ez daukagu aitzakiarik geldirik egoteko eta ikuslearen paper erosoa hartzeko, alternatibak sortzeko premia baitaukagu. Euskal Herri burujabea lortzeko gai izango den indar metaketa osatu behar da. Elkarrekin lortzea zail badugu, sakabanaturik ezinezkoa da".

Aurtengo ekainaren 20an Bilbon ezker abertzaleak eta EAk Lortu arte "akordio estrategikoa" sinatu zutenean, Intxaurragak berak ere parte hartu zuen ekitaldian bere alderdiko ordezkari moduan idatzi bat irakurriz. Aberri Egun bateratuaren aldeko ekimenetan ere izan da, eta Independentistak Sareko partaidea zen.

Eskubide zibil, politiko eta demokratikoen aldeko jarrera ere erakutsi izan du EAko militante historikoak. Adibidez, aurtengo udazkenean bertan, Bilbon debekatutako manifestazioak zirela-eta. Aurten Udalbiltzaren epaiketaren aurkako manifestazioan egon da. ETAren desagerpena ere eskatu izan du betitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.