'Egin dezagun urratsa' euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa

Antolatzaileen arabera, "aspaldiko handiena" izan da manifestazioa, eta ez du ibilbide osoa hartu metro gutxigatik

Burua Bilboko udaletxera iritsi denean, bukaera Autonomia kalean zegoen, Avila kalearekin duen bidegurutzean. "Egin dugu urratsa; orain egin dezagun bidea. Euskal presoak etxera", esan du Marifeli Etxeandiak amaiera ekitaldian. Presoen aldeko banderolak erakustera deitu dute. Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak nabarmendu dute zer-nolako garrantzia duen bake eta normalizazio prozesuan presoak Euskal Herriratzeak eta haien eskubideak itzultzeak.

2011ko urtarrilaren 8a
20:43
Entzun
Milaka eta milaka herritar manifestatu dira gaur Bilbon Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa lelopean. Aspaldiko manifestaziorik jendetsuena izan dela esan dute antolatzaileek. "Egin dugu urratsa; orain egin dezagun bidea. Euskal presoak etxera", esan du Marifeli Etxeandiak amaiera ekitaldian. Presoen aldeko banderolak erakustera deitu dute, "taberna, unibertsitate, etxe eta leku guztietan". Etxeandiak sakabanaketa amaitzea eta presoei euren eskubideak itzultzea eskatu du. Haien aurkako erasoak amaitu, eta zigorraren hiru laurden bete dutenak eta gaixotasun larriak dituztenak kaleratzea ere eskatu du.

Manifestazio burua Bilboko udaletxera iritsi denean, bukaera Autonomia kalearen eta Avila kalearen arteko bidegurutzean zegoen. Aita Donostia plaza ingurua jendez bete da manifestazioa hasi aurretik ere, eta, bertan pilatu den jende andanari lekua egiteko, manifestazio buruak aurrera egin behar izan du. Bilbora autobus asko iritsi dira; autobus ilarak sortu dira hirirako sarreretan, eta autobideraino iritsi dira.

Manifestazioan arlo askotako jende ezagunak hartu du parte, tartean Gernikako Akordioa sinatu zuten alderdi politikoetako ordezkariak: besteak beste, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Txelui Moreno, Tasio Erkizia, Niko Moreno, Marine Pueyo eta Marian Beitialarrangoitia; Aralarreko Jon Abril, Aintzane Ezenarro, Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez; EAko Pello Urizar, eta Alternatibako Oskar Matute. Beitialarrangoitiak, Urizarrek eta Zabaletak bake eta normalizazio prozesuan presoak Euskal Herriratzeak eta euren eskubideak itzultzeak duen garrantzia nabarmendu dute.

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen duen ikurra joan da manifestazioaren buruan, eta lepoan Etxerat-en zapia duten zenbait pertsonak eraman dute eskuetan. Ondoren, presoen mila senidetik gora joan dira. Manifestazioa txalo artean eta "Euskal presoak etxera!" oihu arteanegin du aurrera. Senideen atzetik ikusgarria izan da Bilbon bildu den jende kopurua, Autonomia eta Zabalburu kaleak bete baitira. Babes eta sostengu handia jaso ondoren, manifestazio jendetsua espero zen aurretik ere. Herritar talde batek Egin dezagun urratsa ekimena aurkeztu eta gaurko deitu zuen manifestaziora azaroaren 13an, eta harrezkero 5.000 atxikimendutik gora jaso ditu deialdiak, tartean alderdi, sindikatu eta hainbat arlotako eragileenak.

Antolatzaileek jada aurreratu dute ohi baino autobus gehiago iritsi direla Bilbora. Euskal Herri osotik heldu dira: Iruñerritik 11 autobus; Donostiatik gutxienez lau; Altsasutik bi; Etxarritik bi; Baztan, Bortziri eta Malerrekatik bi edo hiru; Lizarratik bat; Arbizutik bat; Lakuntzatik bat; Irurtzundik bat; Garestik bat; Azpeititik lau; Irundik lau; Lazkaotik bi; Lasartetik bi; Errenteriatik bost, Hernanitik bost eta Zaldibiatik bat, besteak beste.

Santiago Pedraz epaileak atzo bertan baimendu zuen, aste guztian PPk eta ETAren biktimen zenbait elkartek debekatzeko eskatu ondoren. Epaileak, hala ere, manifestazioa gertutik zaintzeko agindu dio Ertzaintzari. Aldarrikapenarekin itxaropena uztartu da gaur Bilboko kaleetan. Pello Urzelai BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean adierazi duenez, itxaropen giroa sumatzen zen manifestarien artean.

Euskal presoak, bisitarik gabe

Euskal presoek gaur eta bihar ez dute bisitarik izango, haien senide eta lagunek Espainiako eta Frantziako espetxeetara bisitan joan beharrean Bilboko kaleetan egotea erabaki dutelako, gaurko manifestazioan ikus dadin "750 preso politikoen lekukoa". Presoak ere beren kasa ekimenak egitekoak ziren gaur, Bilboko protestarekin bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.