Elkarrizketa aurrerapena
"Ez dago lotura nahitaezkorik adinaren eta bizitzaren artean"
Laurogei urte inguruko hiru emakume dira Arantxa Urretabizkaiaren ‘3 Mariak’ nobelako protagonistak. Zahar izateak ez ditu atzera begira eta oroitzapenei atxikita bizitzera behartu; ezta egitasmorik, ilusiorik eta bizipozik gabe. Nolanahi ere, ez da zahartzaroa nobelaren gai bakarra, egileak dioenez: Adiskidetasunaz ere bada, bizipozaz, tolerantziaz…". BERRIAk elkarrizketa egin dio, eta bihar argitaratuko du

Hauek dira bihar BERRIA egunkariak paperezko edizioan argitaratuko duen Arantxa Urretabizkaiaren elkarrizketan jasotzen diren zenbait pasarte:
"Muga fisikoez gain, fisikoak ez diren mugak onartzen ditugu. Jendeak esaten dizu berehala: ‘Gure adinean…’. Adina utzi kanpoan! Esan ezazu zer egin nahi duzun edo zer ez duzun egin nahi, baina ez dago lotura nahitaezkorik adinaren eta bizitzaren artean, muga fisikoetatik aparte".
"Dudarik gabe, nire libururik alaiena atera zait. Baina ez diot esan neure buruari liburu alaia egin behar dudala. Ez. Atera zaidana da".
"Lehen, emakumeei buruz galdetzen zidaten eta orain, bat-batean, zahartzaroaz egiten dizkidate galdera guztiak. Orain ez naiz euskal letretako neska, hori desagertu da. Orain zaharren ahots literarioa edo antzeko zerbait naiz".
"Harritu egin nau euskal literaturaren mundua zein gorpuztua dagoen ikusteak, zein antolatua, zein egituratua… Gu hasi ginenean ez zegoen ezer. Nik euskal literatura oso une onean ikusten dut. Urrezko aro batean ez beharbada, baina bai gutxienez zilarrezko aro batean. Gure historian sekula santan izan ez duguna daukagu: irakurlego bat. Gu hasi ginenean, ez zegoen irakurlegorik".
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.