ATXILOKETAK

Ezker abertzalea: "ETAk su-etenerako hartutako konpromisoak ez datoz bat tiroketarekin; ulertezina eta onartezina da"

Espainiako Gobernuari eskatu dio "behingoz bitarteko demokratikoei" heltzeko. Bilduk dio larunbateko gertakaria Gernikako Akordioaren "kontrako norabidean" doala. Itziar Moreno eta Oier Gomez atxilotuta daude, jendarme bat zauritzea leporatuta. Limogesko polizia etxean pasatu dute gaua, eta atxiloaldia asteazkenera arte luza daiteke.

2011ko apirilaren 11
18:41
Entzun

"Orain arte dakigunagatik, oso larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Izan ere, ETA erakundeak su-etenerako hartutako konpromisoak ez datoz bat tiroketarekin, eta ulertezin eta onartezina gertatzen da. Ezker abertzaleak errefusatu egiten du, bere larritasunagatik eta Euskal Herrian zabaldu den aro berria galgatzen duelako". Horrela esan du ezker abertzaleak gaur arratsaldean, prentsa ohar baten bidez, asteburuan Frantzian Poliziaren eta ustez ETAren artean izandako gertakaria.

Ezker abertzaleak ETAri su-etenerako hartutako konpromisoak berretsi ditzala eskatu dio, "eta halakorik berriro gerta ez dadin neurriak har ditzala". Era berean, deia luzatu dio Espainiako Gobernuari, "behingoz herri honen gehiengoaren eskaerari erantzunez bide eta bitarteko demokratikoei hel diezaion eta errepresio oro eten dezan". Egiaztatze batzordea "lehenbailehen" sortzeko ere eskatu du.

Polizia bat zauritu egin zen eta ustezko bi etakide atxilotuta daude —Itziar Moreno eta Oier Gomez dira, Polizia iturriek diotenez—. Atzo atxilotu zituen biok Frantziako Poliziak, larunbatean kontrol batetik ihes egin nahian jendarme bat zauritzea leporatuta. Gaua Limogesko polizia etxean igaro dute Morenok eta Gomezek, eta atxiloaldia asteazkenera arte luza daiteke. ETAko kide direlakoan Morenori 2008ko abenduaren 31n EITBren egoitzaren kontrako atentatuan parte hartzea leporatzen diote. Poliziaren arabera Gomez da Jone Lozano atxilotu zutean ihes egin zuen ETAko kidea.

Bilduk dio su-etena indarrean dagoela

Bildu koalizioa osatzen duten aldeek prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, eta larunbatean Frantzia erdialdean izan zen tiroketa Gernikako Akordioaren "kontrako norabidean" doala adierazi dute. Pello Urizar EAkoak, Oskar Matute Alternatibakoak eta Mertxe Aizpurua independentea izan dira agerraldian, eta "soilik bide politiko eta demokratikoak" erabiltzearen alde agertu dira. Bide batez, nahiz eta tiroketa izan zen, ETAk kontrakoa esaten ez duen bitartean su-etena indarrean dagoela nabarmendu dute.

Urizarrek esan du koalizioko kideek edozein indarkeria espresio desagertarazteko lana egingo dutela: "Normalizazio eta bake prozesua oztopatzen duen edozer gauza salatuko dugu". Gainera, Bilduk atzo tiroketa errefusatu ondoren, hori nahikoa ez dela esan dutenen hitzak salatu ditu, Bildu susmopean jarri nahi izateagatik. Urizarren hitzetan borondate txarreko komentarioak dira, "interesatuak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.