Komunikabideak

Euskarazko hedabideekin mahai bat osatuko dute EAEko instituzioek, baina ez dute bermatu eskatutako %25eko diru laguntzen igoera

Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak prest agertu dira euskarazko hedabide ez-publikoen sektorearekiko harremanetan sakontzeko eta euskarazko komunikabideek duten egoera aztertzeko. Diru laguntzetan urratsak egiteko konpromisorik ez dute hartu.

mikel lizarralde
2011ko maiatzaren 17a
16:42
Entzun

Euskarazko hedabideetako ordezkariek bilerak egin dituzte azken asteetan Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioekin, euren egoeraren berri eman eta etorkizuna bermatu ahal izateko bidea irekitzeko. Sektorearen berri eman diete instituzioei, eta hainbat eskaera ere egin dizkiete.

Diru laguntza publikoetan 2012rako %25eko igoera eskatu dute hedabideek krisiaren ondorioei hobeto aurre egin ahal izateko. Horretaz gain, publizitate instituzionalaren %25 euskarazko hedabideetara bideratu dadila eskatu diete, baita sektorearen eta instituzioen arteko mahai bat osatzeko ere: "Gure egoera estuaz jarduteko".

EAEko instituzioak prest agertu dira sektorearekiko harremanetan sakontzeko, eta instituzioen eta sektorearen arteko mahaia osatuko da hedabideen egoera aztertzeko. Hori albiste "pozgarritzat" jo dute hedabideen ordezkariek, gune horretatik "elkarlanean krisi egoerari hobeto erantzungo zaiolako".

Nolanahi ere, kezka ere agertu dute hedabideek, 2012ko diru laguntzen igoera aipatzean, instituzioek krisia aipatuta eragozpenak jarri dizkietelako. Krisi garaian laguntza publikoak gora egin behar duela aldarrikatu dute euskarazko hedabideek.

Sektorearen egoeraz kezkatuta, otsailean Euskal Herri osoko 80 euskarazko hedabide baino gehiagok agerraldia egin zuten instituzioei konpromiso handiagoa eskatzeko. Orain, berriz, euskarazko komunikazioaren beharra ekarriko dute gogora kanpaina baten bitartez. Publizitate kanpaina datozen egun eta asteetan ikusiko da prentsa, irrati, telebista eta Interneten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.