Protestak

"Ezinegona" agertu nahi duten guztiak gaur Donostian 20:00etan Bulebarrean biltzera deitu dituzte

Larunbatean adierazpen askatasuna eta espazio publikoen erabilera librea aldarrikatuko dituzte Bilbon eta Gasteizen. Bizkaiko hiriburuan 30 bat pertsonak elkarturik jarraitzen dute Arriaga enparantzan. Patxi Lopezek eurekin hitz egin nahi duela esan du, "sare sozialen bidez". Madrilgo bilkura debekatu egin dute.

2011ko maiatzaren 18a
19:03
Entzun

"Benetako demokrazia orain" leloarekin asteburuan hasi ziren protestak sendotzen ari dira, eta gaur 20:00etan Donostian "ezinegona" agertu nahi duten guztiak biltzera deitu dituzte, Bulebarreko kioskoan. Maiatzaren 15eko manifestazioaren ondoren elkartu zen herritar talde bat direla diote BERRIAra bidalitako oharrean, eta protestarekin modu baketsuan jarraitu nahi dutela nabarmendu dute. "Horretarako, izaera publikoa duten guneak okupatuko ditugu, gure ezinegona adierazteko".

Madrilen izaten ari direnetan parte hartzen ari direnei elkartasuna adierazteko helburua dutela gaineratu dute deitzaileek. "Hilaren 17an modu asanbleario batean bildu ginen, eta, Madrilgo gure kideekin bat egitea adostu genuen. Elkartasuna adierazteko, asanblea eta kanpaldi bat antolatu ditugu. Zuk ere, zeure ezinegona adierazi nahi baduzu, gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu gaur arratsaldeko 20:00etan Donostiako Bulebarreko kioskoan".

Atzo Bilbon eta Gasteizen izan ziren batzarrak, eta Bilboko Arriaga enparantzan oraindik ere 30 bat pertsona bilduta daude. Biharko Bilbon batzarrera deitu du Benetako Demokrazia Orain kolektiboak. Larunbatean Vendetta Bilbo taldeak Gran Vian adierazpen askatasuna eta espazio publikoen erabilera librea aldarrikatzera deitu du. Gasteizen ere Ibiltari horiak leloa hartuta aldarrikapen festa egingo dute larunbatean. Antolatzaileek Facebook erabili dute deialdia zabaltzeko, eta ekintzak jantzi horiren bat janztera deitu dute. Ekintzan parte hartzen dutenek xingola horiak eta Benetako demokrazia orain leloa duten txapak jasoko dituzte. 18:00etan jarri dute zita Bueno Monreal kalean, eta 20:00etara arte irautea aurreikusi dute.

Patxi Lopez lehendakariak bere blogean protestagileekin hitz egin nahi duela idatzi du, eta "sare sozialen bidez" adostasunak eta desadostasunak zeintzuk diren jakin nahi duela. Aurreko batean sistemaren aurkako manifestariak ez direla esan zuen, baina horien atzetik ezkutuan dauden "eskuak" egon litezkeelako kezka agertu zuen. Politikari guztiak ustelkeria kasuetan ez daudela nahastuta ere esan zuen Lopezek. Adierazpen horiengatik gaur onartu du hainbat erantzun jaso dituela sare sozialetan, eta bihar 13:00ak arte erantzungo dituela esan du. "Bestela, gehiegi izango da", gaineratu du.

Madrilgo bilkura debekatu egin dute

Madrilen "benetako demokrazia orain" eskatzen jarraitzen dute ehunka gaztek, Puerta del Sol plazan. Gaur, ordea, Madrilgo hauteskunde batzordeak arratsalderako deituta zegoen bilkura debekatu du. Protestagileek, ordea, jaramonik ez diote egin debekuari, berez deialdi ofizialik ez dagoela eta debekuaren berri modu ofizialean inork ez diela eman argudiatuta. Gainera, hauteskunde batzordearen agindua ez da loteslea protestagileen hitzetan, "irizpen bat delako". Bilkurak, berez, 20:00etan du hitzordua Puerta del Sol-en.

Atzo arratsean ere han biltzeko deia egin zuten sustatzaileek, eta milaka batu ziren. Berrehun inguruk pasatu dute gau osoa, berri agentziek diotenez. "Irabazten ari gara", esan du gazteen bozeramaile batek. Atzo goizean ez bezala, Espainiako Poliziak ez du taldea desegin. Gazteek gaur goizean beste batzar bat egingo dute, eguna antolatzeko. Igandera arte Puerta del Sol plazan egoteko proposamena egin zuten atzo, eta ostiralean edo larunbatean "mobilizazio handi bat" egiteko asmoa daukate.

Bartzelonan 50 bat gazte daude akanpatuta, Katalunia plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.