Albistea entzun

itunak

Prozesu politikoa eta programa izango dira Bilduren bi ardatzak gobernatzeko

Martin Garitanok dio beste alderdiak dagoeneko jarri direla koalizioarekin harremanetan. Gipuzkoako eta Arabako aldundietan EAJk gobernatzen jarrai dezakeela dio Urkulluk. PSEk baztertu egin du Bildurekin akordioak egitea. Nafarroan UPN eta PSN harremanetan dira dagoeneko. Patxi Zabaletak dio herrialdean eta Iruñean "aldaketa posible" dela.

'Euskal Herriak konponbidea nahi du. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira' lelopean milaka eta milaka lagun bildu dira Bilbon Egin Dezagun Mugimenduak deitutako manifestazioan.

Berria -

2011ko maiatzak 23

Marin Garitano Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak zehaztu du "Euskal Herrian abian den prozesu politikoa" eta hauteskunde hauetara koalizioak aurkeztu duen programa izango direla euren bi ardatzak erakundeetan gobernatzeko. Juan Carlos Izagirre Donostiako alkategaia ere harekin izan da gaurko agerraldian, Donostian. Gustura agertu dira bi ordezkariak, "babes masiboa" jaso dutela iritzita. "Ez diegu kale egingo herritarrei", adierazi du Garitanok.

Hain justu, Bilduk irabazi ditu Gipuzkoako foru hauteskundeak, 22 batzarkiderekin. EAJk 14 lortu ditu, PSE-EEk 10, PPk 4 eta Aralarrek bat. Donostian ere Bildu izan da zerrendarik bozkatuena: 8 zinegotzi. PSEk 7 erdietsi ditu, eta EAJk eta PPk 6na.

Garitanok eta Izagirrek jakinarazi dute beste alderdiak dagoeneko jarri direla Bildurekin harremanetan, eta eurek haiekin hitz egiteko prestutasun osoa daukatela.

Bilduk atzoko udal eta foru haustekundeetan jasotako emaitza onek utzi duten ondorio nagusietako bat hitzarmenen beharra izango da. Erakunde politikoak irauliko ditu koalizioak, eta horrek agintea izan nahi duena hauteskunde akordioak lortzera behartuko du. Nafarroako Parlamentuan, esate baterako, hiru aldeen arteko akordioa beharko da gehiengoa izateko.

Urkulluren helburuak

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak gaur goizean esan du bere alderdia libre dela beste alderdiekin akordioetara iristeko, baina koherentzia eskatu du, "erakundeen sinesgarritasuna" kolokan ez jartzeko. Hori esanda, Gipuzkoako eta Arabako aldundietan gobernatzen jarrai dezakeela adierazi du, eta horretarako beste alderdiekin "proiektu estrategikoez" hitz egingo duela gaineratu du. EAJ bigarren geratu da bi herrialde haietan. Bizkaian aurrena.

PSE-EEk, ordea, ateak itxi dizkio Bildurekin akordioetara iristeari. Jose Antonio Pastor bozeramaile eta Bizkaiko ahaldun nagusigaiaren arabera, Bildu "demokraziara iritsi berria" da, eta demokrazian sinesten duela erakutsi behar du. Pastorrek onartu du alderdi sozialistaren emaitzak ez direla onak izan, eta krisiari eta Bilduren sarrerari egotzi dizkio.

Nafarroan UPN eta PSN harremanetan dagoeneko

Begoña Sanzberro UPNren hautagai eta Nafarroako Gobernuko kontseilariak jakinarazi duenez, UPN eta PSN dagoeneko jarri dira harremanetan legebiltzarrerako akordioa erdiesteko eta UPNk lehendakaritza lortzeko. Iruñean ere legealdiko bazkide logikoena PSN izango litzatekeela iritzi dio Sanzberrok, Euskadi Irratian gaur arratsaldean esan duenez.

UPNk 19 parlamentari eskuratu ditu, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPk 4, Ezkerrak 3. Iruñeko Udaleko indarrak: UPNk 11 hautetsi, NaBaik 7, PSNk 3, Bilduk 3, PPk 2, Ezkerrak 1.

Santiago Cervera PPren Nafarroako lehendakarigaiak gaur ere ez du zehaztu zein alderdi babestuko duen gobernua eratzeko, baina "Nafarroaren egonkortasuna eta gobernagarritasuna" lehetsiko dituela esan du.

Patxi Zabaleta NaBai2011ren lehendakarigaiak esan du "zalantzarik gabe" Nafarroan eta Iruñean aldaketa posible dela atzo emaitzekin. NaBai gako ezinbestekotzat jo du akordioetarako, eta hori Nafarroarentzat ona dela esan du. "Nafarroan gehiengo progresistak aurrera egiten jarraitzen du. Eskuinak lehen zeukan ordezkaritza murriztu du, eta jaisten jarraitzen du". Bilduren zazpi parlamentariak aintzat hartuko dituztela esan du Zabaletak, eta Nafarroako Parlamentuan hamabost parlamentari abertzale ez direla sekula egon azpimarratu du.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak "[Espainiako] estatu eta erkidego zentzua" izateko eskatu du, eta azpimarratu du "independentismoak" ezin duela "gobernuaren giltza" izan. "Hurrengo exekutiboa Foru Hobekuntzaren eta [Espainiako] Konstituzioaren inguruan eratu behar da".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna