hauteskundeen ondorena

Ana Madariaga aukeratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente, eta Lohitzune Txarola Gipuzkoakoa

Aurrena EAJkoa da, bigarrena Bildukoa. Bizkaian Bildu mahaitik kanpo utzi dute, foru hauteskundeetan bigarren indarra izan zen arren. Gipuzkoan indar guztiak daude mahaian.

2011ko ekainaren 13a
17:42
Entzun

EAJk hartu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko presidente kargua (Ana Madariagak) eta Bilduk Gipuzkoakoa (Lohitzune Txarolak), gaur bietan egindako bilkuretan erabaki denez —Gernika-Lumon eta Donostian egin dituzte, hurrenez hurren—.

Bizkaian Madariagak hirugarrenez hartu du mahaiko presidente postua. Ezustekorik ez da izan eta, lehen bozketan gehiengo osorik ez duenez lortu, bigarrengoan aukeratu dute, EAJko batzarkideen botoekin. Bildu mahaitik kanpo utzi dute, foru hauteskundeetan bigarren indarra izan zen arren. EAJk, PSEk eta PPk, eta euren artean banatu dituzte karguak. Hain zuzen, Madariagaz gain, lehen presidenteordea Koldo Mediavilla (EAJ) da, bigarren presidenteordea Begoña Gil (PSE-EE), eta idazkariak Jon Andoni Atutxa (EAJ) eta Carlos Olazabal (PP). EAJk 22 batzarkide ditu Bizkaian, Bilduk 12, PSE-EEk 9 eta PPk 8.

Joseba Gezuraga Bilduko batzarkideak EAJren jarrerari kritika egin dio, "ez baitu zuzen jokatu eta horrek ez duelako zerikusirik aro politiko berriarekin". Iñaki Egaña PSEko batzarkideak adierazi du bere alderdiari mahaian talde denen ordezkaritza egotea gustatuko litzaiokeela, baina hori EAJk eragotzi duela. "Ahal zituen postu denak bereganatu nahi izan ditu". Esther Martinez (PP) gustura azaldu da mahaiaren osaketarekin.

Gipuzkoan indar denak mahaian 

Gipuzkoan Txarolak Rafaela Romero PSE-EEkoa ordezkatu du mahaiko presidente karguan. Gaurko bilkuran haren hautagaitza baino ez zegoen eta, Bilduren 22 batzarkideen botoez gain, Aralarrena ere jaso du. Mahaiko lehen presidenteorde Eider Mendoza (EAJ) hautatu dute, bigarren presidenteorde Julio Astudillo (PSE-EE) eta idazkari Iñigo Manrique (PP) eta Rebeka Ubera (Aralar). Gipuzkoan Bilduk 22 batzarkide lortu zituen, EAJk 14, PSEk 10, PPk 4 eta Aralarrek 1.

Txarolaren ustez, alderdi denak mahaian egotea "keinu txikia da baina esanguratsua, aro politiko berriarekin lotuta" dagoelako. Bake eta normalizazio politikorako "indarkeria guztien" desagerpena eskatu du. Eider Mendoza jeltzaleak adierazi du denen arteko lankidetzaren alde egingo dutela. Rafaela Romerok (PSE) zorionak eman dizkio mahaiko presidente berriari, eta eskatu dio ETAri desagertzeko esateko. EAJri kritika egin dio larunbatean udal osaketetan izandako jarreragatik. Juan Carlos Canok (PP) ere EAJren jokabidea salatu du, "Gipuzkoan orain erradikaltasun politikoa" dagoelakoan. Rebeka Uberak (Aralar) "Gipuzkoan aldaketa" gauza dadin lan egingo dutela esan du, eta "desberdinen artean akordioak" lortu behar direla.

PSEn Miguel Buenen ordezkoa Mikel Antxon Arrizabalaga izango da Batzar Nagusietan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea izango da Buen.

Nafarroan eta Araban, etzi

Nafarroako Parlamentua eta Arabako Batzar Nagusietako mahaia asteazkenean osatuko dituzte. Nafarroako mahaiko bost karguetatik hiru UPNren esku gera daitezke. Araban EAJko eta Bilduko hautetsiek gaur jasoko dituzte batzarkide agiriak.

Arabako EAJ eta Bildu indar denak mahaian egotearen alde azaldu dira.

Mahaiak osatu ostean, gertuago egongo da lurralde bakoitzeko gobernua aukeratzeko bilera. Batzar Nagusietan lehen bozketan gehiengo osoa behar dute hautagaiek ahaldun nagusi izenda ditzaten, eta gehiengo sinplea bigarrengoan. Berdinketarik balego zerrenda bozkatuena ordezkatzen duen hautagaiak irabaziko luke. Gaurko eta etziko bilkuren ondotik, bi asteren buruan hautatuko dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.