Albistea entzun

Politika

Ezker Batuko kide batzuentzat batzarkideen babes truke karguak eskatu zirela baieztatu du Bilbaok

Eskaera hori ez zuela talde negoziatzaileak egin gaineratu du, eta EAJrengandik hori jakin zuten bezain laster eskaera mahaitik kendu zutela. Mikel Aranak Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohia eta Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta batzarkideak kanporatu ditu.

Berria -

2011ko uztailak 8

Kontxi Bilbao Ezker Batuko kideak gaur baieztatu egin du Xabier Agirrek atzo egin zuen salaketa egia dela, alegia, Ezker Batuaren bi batzarkideen botoen truke alderdiko norbaitek zenbait afiliatuentzat postuak eskatu zizkiotela EAJri. Ez du esan nor izan zen, ordea.

Bilbaok gaineratu du eskaera ez zuela talde negoziatzaileak egin, eta EAJrengandik horren berri jakin bezain laster negoziazio mahaitik kendu zutela. Eurek gobernu gaiez bakarrik hitz egin zutela EAJko ordezkaritzarekin adierazi du.

Gero, hala ere, esan du alderdiko kideentzat karguak eskatzea ez dela legez kanpokoa, baina huts egite bat bai.

Eskuz idatzitako orria eta lekukoak

Agirrek atzo salatu zuenez, Ezker Batuko 39 kiderentzat karguak eskatu zizkieten atzoko Batzar Nagusiko saioan euren bi batzarkideren babesaren truke. Antza, Serafin Llamas EBko kideak eskuz idatzitako orri bat bada zer kargu nahiko lituzketen azaltzen duena.

Aurreko ostiralean Gasteizko hotel batean egin zuten bileraren hiru lekuko daudela esan zuen Agirrek. Afiliatuen zerrendan Llamasen, Julia Madrazoren eta Jose Navasen izenak zeudela salatu zuen. Horrekin batar 600.000 euroko kreditu bat ere eskatu zutela adierazi zuen.

Gaur goizean Mikel Arana koordinatzaile nagusiak alderditik kanporatu ditu Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta EBko bi batzarkideak eta horiekin batera baita Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohia ere bai. "Javier Madrazok eta negoziazio miserable horretan parte hartu dutenek ez dute lekurik Ezker Batuan", adierazi du. Gainera Agirrek salatu duena ez sinesteko motiborik ez duela gaineratu du.

De Andresek horrelakorik negoziatu duela ukatu du

Javier de Andres izendatu zuten atzo Arabako Batzar Nagusiek ahaldun nagusi Ezker Batuaren bi batzarkideen abstenzioari esker. Gaur goizean De Andresek esan du eurek ez dutela horrelakorik negoziatu Ezker Batuko abstentzioaren truke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...