EUSKAL HERRIA

Kukutza: "Udalak baditu eraistea eragozteko baliabideak"

Larunbatean manifestazioa egingo dute, eta "Kukutza proiektuaren indarra eta esentzia" islatu nahi dituzte bertan.

2011ko uztailaren 14a
15:01
Entzun

Kukutza gaztetxeak larunbaterako manifestaziorako deialdia egin du gaur. Azken egunetan protesta ekintzak ugariak izan dira, eta auzoko jende asko ari da parte hartzen horietan. Izan ere, azken hamahiru urteetan Kukutza gaztetxea izan den eraikina botatzeko agindua dago, eta herriak ez du eraikina uzteko asmorik.

Protesta horien harira, larunbaterako manifestazioa antolatu dute Bilbon, arratsaldeko 18:00etarako. Antolatzaileen hitzetan, manifestazio "koloretsu eta bizia" izango da, eta batukada eta puzgarriak izango dira besteak beste, "Kukutza proiektuaren indarra eta esentzia" islatu nahi baititu.

Argi utzi du Kukutzak ez dagoela eraikin alternatiborik duten gaztetxerako; batetik, euren lanarekin txukundu eta prestatu dutelako, eta, bestetik, eraikinaren sabai altuak garrantzitsuak direlako: antolatzen dituzten ekintzetarako, eta, esaterako, Euskal Herriko rokodromo handiena dutelako prestatuta. Beraz, oraingoz ez dute beste eraikinik okupatzeko asmorik.

Udalarengana ere zuzendu da Kukutza, eraistea eragozteko behar adina baliabide badutela salatzeko, eta hori alternatiba "erreal, bidezko eta politikoa" litzatekeela esateko. Azkunak adierazi du ez dituztela sei milioi euro ordainduko "batzuk gaztetxean egon daitezen".

Horren aurrean, Alternatibak allkateari leporatu dio ez zitzaiola "hain larria iruditu sei milioi euroko galera Bilbo Scalextric antolatzea otu zitzaionean". Bildu ere ez da pozik agertu alkatearen hitzekin, eta gaztetxea salbatzeko "borondate politikoa" behar dela esan du, "arazoa ekonomikoa ez delako". Gainera, garrantzitsutzat jo du gaztetxe autogestionatu honek auzoari eman dion zerbitzua, eta Azkunari gogorarazi dio, azken urteetan Udala ez dela gai izan "auzoak behar zituen guneak eta kultura ekintzak asetzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.