Hamarna urteko kartzela ezarri diete Otegi eta Diezi, eta zortzinakoa Zabaleta, Rodriguez eta Jacintori

Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoko epaileen arabera, lehen biak ETAko buruzagiak dira eta beste hirurak etakideak. Epaimahaiak dio ETAk 2008ko abenduan Otegiri eta Diezi indar subiranistak batzeko agindu ziela. Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin dituzte. 

2011ko irailaren 16a
18:25
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaletik atzo filtratutakoa bete da: auzitegi hartako laugarren aretoko epaileek kartzela zigorrak jarri dizkiete Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto ezker abertzaleko kideei Bateragune auzian, ETAkoak izatea egotzita. Talde bat osatu zuten bostek, epaileen arabera, eta Otegi eta Diez ziren buruak, "sustatzaile, arduradun eta koordinatzaile" modura.

Otegi eta Diezi hamarna urteko espetxe zigorra ipini diete, ETAko buruzagitzat jota, eta zortzinakoa Zabaletari, Rodriguezi eta Jacintori, etakideak direlakoan. Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin dituzte.

Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek osatutako epaimahaiak 144 orrialdeko autoa atera du. Haien arabera, ETAk 2007an gogoeta egin zuen ildo estrategiko berriaz, eta 2008ko abenduan Otegi eta Diezi agindu zien "prozesu independentistarako" indar subiranistak batzeko, erakunde armatuak "zaindutakoa". Epaileek diote zigortuek "adierazpen eta parte hartze politikorako eskubidea gainditu egin dutela, "indarkeria erabiltzeko babesa" emanda. Epaimahaiak azaldu du hori guztia frogatzen duten bilerak eta dokumentuak daudela.

Espetxe zigorraz gain, Otegi eta Diezi hamarna urteko kargu-gabetzea ezarri diete, eta zortzinakoa beste Zabaleta, Rodriguez eta Jacintorentzat.

Operazioa, duela bi urte

Polizia operazioa 2009ko urriaren 13an egin zuen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz ere atxilotu zituzte,n baina gero euren aurkako salaketa kendu zuten. Atxiloketaren garaian, ezker abertzalea estrategiari buruzko gogoeta haster zen, Otegik-eta sustatuta. Aurtengo ekainaren 27an hasi zen epaiketa. Bukatu, uztailaren 7an.

Vicente Gonzalez Mota fiskalak hamarna urteko kartzela eskatu zuen Otegi eta Diezentzat, bederatzikoa Zabaletarentzat, eta zortzinakoa Rodriguez eta Jacintorentzat. Defentsak guztien absoluzioa eskatu zuen; orain, Gorenera jotzeko aukera izango du, helegitea sartuta.

Epaiketan fiskalak adierazi zuen Otegi eta Usabiaga ETAko buru zirela "Bateragune prozesuan zuten arduargatik". Auzipetu guztiek, ordea, bide soilik politiko, baketsu eta demokratikoen alde agertu ziren epaiketan. Atxiloketak izan zirenetik asko izan dira absoluzioa eskatu dutenak; besteak beste, Gernikako Akordioko sinatzaileakBrian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko burua eta mundu osoko hainbat sindikatuk.

Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek auzipetuen askatasuna eskatu zuten eta Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak "egungo egoera" aintzat hartzeko eskatu zien epaileei, absoluzioa argudiatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.