politika

Euskal presoen kolektiboak bat egin du Gernikako Akordioarekin

“Akordioaren edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko” konpromisoa hartu du EPPK-k, “gatazkari behin betiko konponbide integrala” emateko erreferentzia dela uste baitu. BERRIAk bihar kaleratuko duen agirian euskal presoen kolektiboak dio konponbide prozesuan “nahitaezkoa” dela presoen parte hartzea, eta beraien “eskubidea” dela. Igandean Gernikako ekitaldian gauzatuko da EPPK-k itunarekin bat egitea.

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko irailaren 23a
19:07
Entzun

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioarekin bat egitea erabaki du, “eszenatoki demokratikoa gauzatze bidean erreferentzia” dela uste baitu. BERRIAk bihar kaleratuko duen agirian, EPPK-k dio Gernikako itunaren edukien arabera jokatuko duela aurrerantzean: “Gatibu gauzkaten estatuek inposatzen dizkiguten muga eta traba guztien gainetik, EPPK-k, Gernikako Akordioaren baitan eta Gernikako Akordioaren edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa azaltzen du”. Izan ere, EPPKren iritzian, “gatazkari behin betiko konponbide integrala emateko” erreferentzia da akordioa, sortu zen unetik.

Euskal presoek prozesuan parte hartu behar duela azpimarratu dute kolektiboko kideek. “Umiltasun osoz baina erabateko konbentzimenduaz diogu hau: Gure herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea bera irudikatu eta lortu ahal izateko saihestezineko eragiletzat dugu gure burua”.

Igandean urtebete akordioak

Datorren igandean —irailak 25— beteko da urtebete Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Gernikako Akordioa sinatu zutela. Gernikan bertan ekitaldia egingo dute igande eguerdian, eta han gauzatuko da EPPK-k itunarekin bat-egitea.

Sinatzaileek akordioan ETAri su-etena emateko eskatu zioten, "jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen
erakusle gisa". Euskal presoen eskubideen aldeko hainbat eskakizun egin zituzten, eta eskubide zibilak ere aintzat hartzeko galdegin zuten. Halaber, "akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua" aldarrikatzen dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.