Arkeologia

Orain dela 19.000 urteko bisonte baten buruhezurra aurkitu dute Mutrikun

Hautsita zegoen arren, osatu egin dute, eta modu horretan Iberiar Penintsulan 'Bison priscus' aitzinako bisonte espeziaren buruhezur oso bakarra bihurtu da. Europa mendebaldean pieza "ezohikoa eta bakarra" dela esan du Aranzadik.

2011ko urriaren 5a
15:11
Entzun

Aranzadik orain dela 19.000 urteko estepako bisonte baten buruhezurra aurkitu du Mutrikun (Gipuzkoa). Pedro Castaños Aranzadiko paleontologoak eta Xabier Murelaga EHUko irakasleak jakinarazi dutenez, hautsita zegoen arren, osatu egin dute, eta modu horretan Iberiar Penintsulan aurkitutako bisonte baten buruhezur oso bakarra bihurtu da.

Adituen arabera, arra zen bisontea, Bison priscus espeziekoa. Sima batera erorita hil zen. Espezie hori gaur egungo Amerikako eta Europako bisonteen aitzindaria izan zen. Aranzadiren Munibe taldeko arkeologoek aurkitu zuten 2006an, Kiputz IX izeneko aztarnategian. Castañosek esan duenez pieza "ezohikoa eta bakarra" da, ez Iberiar Penintsulan bakarraik, "baita Europa mendebalde osoan ere".

 

Estepako bisonteak hainbat kobazuloetan margoturik agertzen direnak dira, eta 800 eta 900 kilogramo artean pisatu zitzaketen. Europan eta Asia iparraldean bizi izan ziren, eta neantertalek eta cromagnonek ehizatu zituzten, azken glaziazioan desagertu ziren arte, orain dela 10.000 urte.

Kiputz IX kobazuloan hainbat animalien hezurrak aurkitu ditu Aranzadik, eta Iberiar Penintsulako historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenetako bat da horregatik. Kobak sei metroko sakonera du, eta bi metro eta ediko diametroa. Lau urte darama Aranzadik indusketak hor egiten, eta 12.000 fosil baino gehiago aurkitu dituzte, asko osorik. "Gehiago badaude", azaldu du Castañosek, eta esan du hemezortzi bisonteren hezurrak aurkitu dituztela, 23 elur oreinena eta 48 oreinena. Hartz, ahuntz, azeri eta animalia gehiagoren hezurrak ere aurkitu dituzte. Lehoikume baten hezurrak ere aurkitu zituzten.

"Paleontologoek gure ametsak bete direla esan dezakegun une horietako bat da gaurkoa", esan du Castañosek, eta batzuetan "zorteak eta kausalitateak, ondo landuta, horrelako opariak" egiten dituztela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.