Albistea entzun

donostiako nazioarteko konferentzia

EAJren ustez, konferentziaren ondoren "ETAk zerbait esan" beharko du

Tasio Erkizia: "Gobernuak ordezkari anonimoak izango ditu Nazioarteko Konferentzian". Ramon Jauregi Presidentzia ministroak atzo zioen euren ordezkaririk ez dela izango ekimenean. Kotte Ezenarro sostengu taldeko kideak uste du konferentzia historikoa izango dela.

Berria -

2011ko urriak 12

Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen arabera, bere alderdiak "erne" jarraituko du asteleheneko Donostiako Nazioarteko Konferentzia, eta adierazi du ekitaldiaren ondoren "ETAk zerbait esan" beharko duela, "erabatekoa eta behin betikoa". "ETAk ezin du geratu ezer gertatuko ez balitz bezala". Hala, Ortuzarren arabera, EAJ "exijente" egongo da erakunde armatuak "bere desagerpenarako bidean aurrera egin dezan".

Atzo Josu Erkoreka Espainiako hauteskundeetarako EAJko Bizkaiko zerrendaburuak adierazi zuen "Bake Konferentzia zedarri garrantzitsua" izango dela "Euskadin behin betiko bakea lortu ahal izateko helburua” lortzeko. "Horretarako bidean lehena eta orainaren arteko marka ezarriko du”.

Erkiziak dio Espainiako Gobernuak "informazio zuzena" izango duela

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak esan du Espainiako Gobernuak "ordezkari anonimoak" izango dituela astelehenean Donostiako Nazioarteko Konferentzian, eta "informazio zuzena" edukiko duela. Hala ere, uste du exekutiboa ez dela gauza gaurko egoera politikoari aurre egiteko eta aukera baliatzeko. "Nabarmen geratzen ari dira".

Ramon Jauregi Presidentzia ministroak atzo zioen euren ordezkaririk ez dela izango ekimenean eta konferentziari garrantzia kentzen diotela.

Erkiziaren arabera, konferentzia "oso pauso garrantzitsua" izango da, eta ezker abertzaleak azkeneko bi urtean horrelako urratsak egin dituela azpimarratu du, Info 7 irratian egindako elkarrizketan.

Nahiz eta nazioartea konpromisoa agertzen ari den, ezker abertzaleko kideak dio "prozesu demokratikoak aurrera egiteko euskal herritarren lana" izango dela giltzarria.

Kotte Ezenarro sostengu taldeko kideak esan du historikoa izango dela

Kotte Ezenarro Hendaiako kontseilari orokor (PSF) eta konferentziako sostengu taldeko kideetakoak esan du asteleheneko ekimena historikoa izango dela. Giro egokia ikusten du emaitza baikorra lortzeko. Espainiako Gobernuari "keinu txiki bat" badaere egiteko galdegin dio, "bake prozesuarentzat esanguratsua izan daitekeelako".

Atzo aurkeztu zuten konferentzia, eta Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteko buruak esan zuen "Europako azken gatazka armatua konpontzeko garaia" heldu dela. Antolatzaileek larunbatean jakinaraziko dituzte konferentziko partaideak eta egitaraua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...