Konferentziara etorriko diren nazioarteko kide esanguratsuak

Kofi Annan, Bertie Ahern eta Gerry Adams Donostiako konferentziara etorriko dira, astelehenean

Tony Blairren ordez Jonathan Powell izango da. Gro Harlem Norvegiako lehen ministro izandakoa eta Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia ere izango dira. Konferentzia 14:00etan hasiko da, eta 17:00etan bukatu, Bakearen Etxean. Helburua, "normalizazio politikoa lortzeko beharrezko diren osagaiak partekatzea" da.

2011ko urriaren 15a
08:35
Entzun

Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia eta Gerry Adams Sinn Fein Irlandako alderdiko presidentea asteleheneko Donostiako Nazioarteko Konferentzian izango dira, antolatzaileek arratsaldeko seietan jakinarazi dutenez. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia ere etortzekoa zen, baina Ekialde Hurbilean beste konpromiso batzuk dituela esan du, eta bere ordez Jonathan Powell bere kabineteko burua izandakoa etorriko da.

Antolatzaileek iragarritako "nazioarteko sei buruzagi esanguratsuetatik" beste biak Gro Harlem Norvegiako lehen ministroa izandakoa eta Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia (1981-1984) dira. 

Konferentzia 14:00etan hasiko da, eta 17:00etan bukatu, Donostiako Bakearen Etxean. Han izango diren beste eragileek aste honetan izan dute ekarpenak egiteko aukera.

Konferentziaren helburuak

Silvia Casale Harremanetarako Nazioarteko Taldeak esan du konferentziaren helburua "normalizazio politikoa eta jarduera politiko oso eta gardena lortzeko beharrezko diren osagaiak partekatzea" dela. Horretarako "indarkeriarik" ez du egon behar, hark adierazi duenez, eta "bitarteko demokratikoak" baino ez dira erabili behar.

Annan, Ahern, Adams, Powell, Harlem eta Joxek "bake eta gatazkaren konponbide prozesuetan esperientzia, ezagutza eta zuzeneko inplikazioa" dutela azpimarratu du Casalek, "eta normalizazio politikoa lortzeko lanean ari diren gobernu, erakunde, alderdi eta gizarte entitateen ahaleginak aberastu ditzateke".

Euskal Herriak gatazkari konponbidea emateko "itxaropena berreskuratu" duela iritzi dio hak.

Eragileak

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak esan duenez, EAJ, PSE-EE, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Ezker Batua, Geroa Bai, AB, Ezkerra, ELA, LAB, EAEko CCOO eta UGT, CFDT, UMP, PS eta Modemeko ordezkariak izango dira. Riosek adierazi du gonbiteari uko egin diotenen erabakia errespetatu egiten dutela, eta saiatuko direla ekitaldiko ondorioak haiekin partekatzen. 

Bihar, egunean zehar, Haremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek "gizarte zibileko" eragileekin hartu-emanak izango dituzte Donostian, Lokarriko koordinatzaileak iragarri duenez.

Riosek eta Casalek elkarrekin eman dute prentsaurrekoa gaur, Donostian, Bakearen Etxean.

Asteartean aurkeztu zuten konferentzia

Lehengo asteartean aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof FoundationConciliation ResourcesThe Desmond and Leah Tutu Legacy FoundationHarremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.

Ahern etorri izan da, Espainiaren "baimenarekin"

Ahernek aste honetan esan du iaz eta aurten hainbat aldiz etorri izan dela Euskal Herrira gatazkaren bukaera aztertzera, Espainiako Gobernuak horretarako "baimena" emanda. The Irish Times egunkariari emandako elkarrizketan jakinarazi zuen hori Ahernek berak, asteartean. Hain zuzen, Donostiara etorri izan dela zioen.

Dena dela, ez zuen hemen egindako lanen xehetasunik eman. "Azkeneko urteetan honetan lan asko egin izan dut, eta gauza asko isilik egin behar dira".

Irlanda iparraldeko bake prozesu garaiko zati handi batean izan zen Irlandako lehen ministro Ahern. Duela hiru urtetik Munduko Foro Ekonomikoko lan talde bateko kidea da, eta gatazken konponbideak bilatzen dihardu. Talde bereko kidea da Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izandakoa —honek ere modu zuzenean bizi izan zuen Irlanda iparraldeko bake prozesua—.

Ahernek Munduko Foro Ekonomikoko talde horretan IRAko presoak askatzeko negoziazioetan hartutako "arriskuen" berri eman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.