Albistea entzun

Protestak

Donostiako Arte Ederretako eraikina okupatu dutenak atera dira kalera

Gazte talde bat sartu da, "eraikinari berriro erabilera kultural eta soziala eman ahal izateko", espekulazioa salatuz. Duela 30 urtetik hutsik dago. Udaltzainak barrura sartu dira 14:00ak aldera. Ordu erdi geroago atera dira protestagileak; ez dituzte atxilotu.

Donostiako Arte Ederretan pankarta bat gaur.
Donostiako Arte Ederretan pankarta bat gaur. / twitter.com/axebra

Berria -

2011ko azaroak 2

Protestagile talde batek Donostiako Arte Ederretako eraikina okupatu du, euren blogean esan dutenez. Bart sartu dira, eta haien helburua eraikinak berriro jarduera kulturala eta soziala izatea zen; 30 urte espekulatzen dio zintzilikatu duten pankartak. Udaltzainak 14:00ak aldera barrura sartu dira. Ertzaintza ere hurbildu da baina atzera joan egin dira gero.

Sare sozialetan babesa eskatu dute okupatzaileek eta horretarako hurbiltzeko deialdia luzatu dute. Twitterren #urbieta61 ari dira erabiltzen gaiaren inguruko iruzkinak biltzeko. 14:30ak aldera protestagileak —lehen datuen arabera, hiru—, kalera atera dira. Donostiako udaltzainek ez dute atxiloketarik egin.

"Beste 30 urte pasa ez daitezen"

Prim kalean dago eraikina, eta azkeneko 30 urteetan ez da erabili, hutsik zegoen. "Beste 30 urte pasa ez daitezen, gazte talde bat barrura sartu eta dena garbitu eta txukuntzen ari gara, berriro eraikin honi erabilera kultural eta soziala eman ahal izateko", diote blogean. "Talde anitzen gune bat izango da, erabiltzaileek kudeatutakoa".

Konfiantza, eskuzabaltasuna edota gardentasuna bezalako baloreak sustatu nahi dituzte eta hala, okupatzaileen arabera, "gauza asko sar daitezkeen proiektu bat da:

- Merkatutik at dagoen eta kultura irekia bultzatzen duen leku bat, inguruko sortzaileen tresna izanda, jakintzen elkar trukearen alde jokatuz.

- Gizarte eskubideen inguruan ikerketa eta eztabaidatzen duen lan gune kolektibo bat, aholkularitza eta esku hartze zerbitzuak eskainiz.

- Teknologia, komunikazio publiko eta ikusentzunezko eremuetan esperimentazioa eta hezkuntza garatzeko lekua.

- Langile guztien eskubide eta duintasunaren alde lan egiteko eremu bat, batez ere, egoera larrienetan dauden pertsonei arreta eskainiz, baita langabetuei ere.

-  Sexu orientazio, genero, sexu, azal kolore edota edonolako diskriminazioen aurka borrokatzeko leku bat.

- Ustekabeko gauzak gerta daitezkeen leku bat...".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...