Albistea entzun

Iritzia: Juan Jose Ibarretxe

Murrizketak bai, bultzagarririk ez: bihotza gelditu

 

Berria -

2012ko urtarrilak 26 15:35

Murrizketak bai, bultzagarririk ez: bihotza gelditu (1)

Zer pentsatu ugari ematen dute 2011 urtearen amaieran izan ditugun langabezia datuek. Euskadin zehazki: 192.340 lagun lanik gabe, hau da, orain dela urtebete baino 13.368 langabe gehiago eta Gizarte Segurantzan kotizatzeko 14.478 lagun gutxiago –Autonomia Erkidegoan, + % 6,94 (9.433 langabe gehiago); Nafarroan, + % 9,15 (3.935 langabe gehiago) –. Espainian, berriz, hauexek dira datuak: 4.422.359 pertsona lanik gabe, iaz egun hauetan baino 322.286 langabe gehiago, 355.060 afiliazio gutxiago Gizarte Segurantzan. Espainian dago Europako langabe guztien laurdena. Datu hauek, argazki hauek, gauza askoren erakusgarri izan daitezke; baina, ez dago horretan inolako zalantzarik, hondamendi soziala erakusten dute.

Izan ere, nolako gaitz larria duen gaur ekonomiak islatzen du, batetik, langabeziak, eta, bestetik, orain arteko errezetek ez dutela balio izan gizartearen gaitz larri horri irtenbidea aurkitzeko. Egoera honen aurrean, alor bakarrera bildu dugu gure “jakituria” guztia, bai Europan, bai Espainian eta, zoritxarrez, baita Euskadin ere –EAEn eta Nafarroan–,  aurrekontu publikoak murrizteko lasterketa zoro batera, alegia, batez ere enplegu publikoari, soldatei, gizarte gastuari eta inbertsio produktiboari dagokionez.

Hedabide gehienek eta ekonomia-aditu gehienek diotenez murrizketa “saihetsezinak” dira mundu osora hedatu den krisiari aurre egiteko; hala errepikatzen dute, konpartsa hutsak balira bezala. Gure arazoa, diote, gehiegizko defizit publikoa da, zor publiko eta pribatu handia, Europako erregio baten baino gehiagoren eta haien erakundeen sinesgarritasunik eza eta, are, kaudimenik eza ere. “Ongizate Estatua”ren gehiegizko tamaina ere aipatzen dute.

Baina, hori guztia, dugun gaitzaren diagnostiko partziala baino ez da eta, horrexegatik, azkenean okerra gerta daitekeena. Dugun arazoa bestelakoa dela ere esan bai baitaiteke; hau da, hazkunde ekonomikorik ezak, aberastasunik ez sortzeak ekarri gaituela gauden puntura, horregatik ezin dela lanposturik sortu. Ez dago eskaririk, ez dago kontsumorik, ez dago hazkunde ekonomikorik; eta horrek ezinbestean garamatza gaurko zerga-desorekara. Isatsari hozka egiten dion arraina.

Paul Krugman Nobel saridunak ematen digu arrastoren bat ikuspegi osoa ekonomikotan gauden, eta ihes egin epe laburreko ikuspegi eta analisi estatikoetatik. Beste gomendio bat ere ematen digu Krugmanek: ez dezagula hartu sektore publikoan murrizketak egitea EBko egoeraren irtenbide bakartzat.

Ematen du inor ez dela jabetzen % 3 inguru hazi dela mundua 2011n, eta beste horrenbesteko hazkundea espero dela hasi berria dugun 2012rako. Ekonomia “aurreratuak” direla portaera okerrena dutenak, % 1,4 eta % 1,3ko hazkundea izango baitute, hurrenez hurren, 2011 eta 2012an, Munduko Bankuak 2012ko urtarrilaren 18an argitaratu dituen datuen arabera. Eta ekonomia “aurreratu” hauen artean, bereziki txarrak dira euroguneari dagozkion datuak, ekonomiaren % 0,3ko beheraldia aurreikusten baita 2012rako. Beraz, Europaren ikuspegitik, ez dugu hazkunde arazoa bakarrik, badugu banaketa arazoa ere, ekonomian berria ez den arazoa, bestalde. Nahikoa dugu XX. mendeari begiratu bat ematea: hazkunde erritmo bera izan zuten ekonomiak, eta herrialde batzuen eta besteen arteko aldeek.

Era berean, ematen du inor ez dela jabetzen Espainiak % 61eko zorra zuela BPGarekin alderatuaz 2010eko amaieran; hau da, Holandak (% 62,9), Belgikak (% 96,2), edo are Erresuma Batuak (% 79,9), Frantziak (% 82,3) edo Alemania ahalguztidunak (% 83,2) baino txikiagoa. Hala ere, merkatuek zigortu egin dute arrisku-prima handia ezarriaz, eta horrek ikaragarri garestitzen du defizit publikoa finantzatzeko behar duen dirua.

Batzuek dagoeneko Ongizate Estatuaren “lasta” deitzen diotenari dagokionez, berriz, gogoan izan behar dugu askoz handiagoa dela Gizarte Ongizatearen pisua Alemanian, –zer esanik ez iparraldeko herrialdeetan– interbenituak izan diren Irlandan, Portugalen edo Grezian baino… Edo “azkenak” diren herrialdeetan baino. Ez al dira hauek guztiak gogoeta egiteko motiboak?

Guztiok dakigu eska daitekeela mailegu bat etxea edo autoa erosteko (eztabaidagarriagoa da oporretara joateko egin daitekeen ala ez). Baina ez dago inolako zalantzarik ez dela mailegurik eskatu behar supermerkatuan erosketa egiteko. Bestela esanda, ongizate-sistema izan nahi badugu, aberastasun eta diru-sarrera nahikoa sortu beharko dugu sistema hori finantzatzeko, oker handia delako maileguetara jotzea gizarte-politikak finantzatzeko. Murrizketak dira horrelako jokabidearen ondorioa. Gakoa, ekonomia bizkortzea da, horixe baita bidea gizarte-gastua arrazionalizatzeko, horixe da bidea babes sozialeko mekanismoak ez desmuntatzeko.

Etorkizunari begira, zentzuzkoa da aitortzea azkenean ez dela izango zor-maila etorkizun hori baldintzatuko duena. Beste faktore batzuk izango dira benetan baldintzatuko dutenak: ezagupenek, trebetasunek, gure gizon-emakumeen “jakituriak”, beren komunitatearekin duten konpromisoak, naturarekin eta munduarekin duten konpromisoak. Beste modu batean esanda, kapital soziala eta kapital naturala, hortxe jokatzen dugu etorkizuna.

Zoritxarrez, gaurko errezetek beste bide bat daramate. Buru-belarri sarturik gaude “murrizketen olinpiada” zentzugabe honetako lehian. Zenbat eta murrizketa handiagoak proposatu, hainbat eta kudeatzaile hobea izan. Baina, Erdi Aroan gaixoei egiten zitzaizkien odolusteen pareko izango dira murrizketak, ondoan ez badute bultzagarri ekonomikorik, lana, eskaria, aberastasuna eta zerga bidezko sarrerak sortuko dituenik. Odolustutako pertsona haiek ziurrenik min gutxiagorekin hilko ziren, baina hil egiten ziren. Bultzagarririk gabeko murrizketek ere azkenean gerarazi egiten dute gaixoaren bihotza.

Iritzi hau bera agertu zuen Keynesek 1937an honakoa esan zuenean: “Hedaldi garaia da austeritate fiskalerako une egokia, ez atzeraldi garaia”. Bitxia bada ere, urte haietan saiatu zen AEBko presidentea, Franklin Delano Roosvelt aurrekontu publikoak orekatzen, Beheraldi Handiaren ondoren ekonomia suspertzen ari zela ikusirik. Baina azkarregi joan nahi izan zuen, eta jokabide horrek atzeraldi sakonera eraman zuen berriro ere ekonomia estatubatuarra. 

Gainera, Paul Krugmanek zentzuz dioen bezala, zor handiak dituzten herrietatik bakar batek ere ez du lortu finantza-merkatuen onginahia erakartzerik murrizketa drastikoak eginez.

Gogoetaren bat egin beharko dugu etorkizuna ez baita batere erakargarria. Sala i Martik dioenez, aurreko urtearen amaierako ahultasun ekonomiko berberarekin hasi da 2012a ere. Europako periferia atzeraldian dago berriro ere (hots, hazkunde ekonomiko negatiboa duela) eta AEB anemiak jota dago oraindik. Bai han eta bai hemen, zorrak kendu nahian dabiltza gobernuak, bankuak eta familiak, eta horrek gastuak murriztera daramatzate; gastu-murrizteek, aldi berean, eskaria gutxitzea dakarte eta ekonomia uzkurtzea eragiten dute.

Bi fenomeno berri gehitu behar zaizkio horri guztiari: batetik, lehertu egin da Txinako etxebizitzen “burbuila”, nahiz oraindik ikusteko dagoen nolakoa izango den erorialdia, hondamendira eramaterainoko edo geldiagoa. Ikuskizun dago, halaber, nolako eragina izango duen garatzeko bidean dauden gainerako herrialdeetan. Bestetik, eurogunearen erdialdeko herrialdeak ere kutsatu ditu Europaren periferiako krisi ekonomikoak; beraz, Espainiak, Italiak edo Greziak bidelagun izan ditzakete eremu horretako herrialdeak, Alemania edo Holanda esaterako, beren gurutze-bide sozio-ekonomikoan. Argi geratuko da, hartara, guztien etorkizunerako dela lasta “lidergo europarrik” eza. Edo, nahiago bada, gaurko politika europar insolidario eta egoskor honek guztiok itoaraz gaitzakeela.

Horrek guztiak pentsarazten dit gaurkotasun “mingarria” dutela Albert Einsteinek orain dela 100 urte esandako hitzek: “bitartekoetan perfekzioa, helburuetan konfusioa, horixe da, nire iritziz, garai hauen ezaugarria”. 

Murrizketak bai, bultzagarririk ez: bihotza gelditu (2)

Albert Einsteinen hitzak gogora ekarriaz amaitu nuen artikulu nuen lehen partea; izan ere, badirudi horiexek direla gaurko garaian ere ezaugarriak, bitartekoetan perfekzioa, helburuetan konfusioa.

Adibide argigarri bat. Osasun arloan, soldatetan, pentsioetan murrizketak egitea eta, aldi berean, zergak igotzea (PFEZ, OHZ…) izan dira Espainiako Gobernu aukeratu berriak hartu dituen lehen neurriak. Ondorio bakarra izan dezakete horrelako neurriek, ekonomiaren egoera okerragotzea. Badirudi bat datozela oraingo gobernuko politikariak eta aurreko gobernukoak ere: hobe da askori zerbait kentzea, gutxi batzuei asko kentzea baino. Uste dute pertsonak asko izanik, eta kentzen zaien kopurua txikia, ez diotela igarriko; gutxi direnak, aldiz, kexatu egingo lirateke eta ez lukete hain erraz etsiko.

Hori guztia, lidergo falta nabarmena erakutsi duen EB batean, “ahal duena salba dadila” motako politikak aplikatuz guztiok hondora gaitzakeen EB honetan, egunerokoak baitira diagnostikoa egiteko orduan erakusten dituzten aldeak,  liskarrak sortzeraino heltzen direnak. Nik uste dut neurri partzialen bidez egin nahi zaiola aurre arazo global bati (sektore publikoa & sektore pribatua, ekonomia erreala & finantza ekonomia, guztiak hartzen dituenari). Arazoaren erdiari eman diezaiokete irtenbidea neurri partzial horiek, horixe baita sektore publikoa ekonomia osoan, % 50 (azken garaietako politikek helburu ia bakarra dute, sektore publikoa murriztea edo orekatzea). Arrainak oraindik ere isatsari hozka ari dira.

Alde honetatik ezer berririk ez Espainian, euroguneko norabiderik gabeko bideari jarraika hor ere. Ez dirudi zentzuzkoa arazo bati irtenbidea eman nahia arazo horren % 50ez bakarrik arduratuaz, eta albo batera utziaz eragile pribatuek ordezkatzen duten beste % 50a. Izan ere, eragile pribatu horiengan ere badu eragina zorpetze handiak, likidezia eskasiak, espektatiba negatiboek, langabezia-tasa altuek, beherantz doazen kanpo-merkatuek, eta abarrek.

Hori bai,  dagoeneko badakigu “erruduna” nor den. Lehen, finantza-krisi esan zitzaion hartan, Aurrezki Kutxak ziren errudunak; oraingoan Autonomia Erkidegoak dira defizit publiko ikaragarriaren erantzuleak. Eta sendabidea: horiek interbenitzea. Lehen aldia da Espainiako azken urteetako historian, Estatuko Administrazioa autonomia erkidegoetako aurrekontuak kontrolatu eta horien gaineko erabakiak hartzen saiatzen dena; baina, egia esan, hori ere ez da gauza berria. 

Kontua da Espainiako gobernuak Bruselari agindu diola 2011 urtea ixten denean defizita ez dela izango BPGaren % 6koa baino handiagoa. PP Gobernura iritsi ondoren, onartu behar izan du defizita % 8koa edo handiagoa izango dela, eta 40.000 milioi eurora hel daitekeela egin beharreko egokitzapena. Gainera, Rajoy buru duen lehen ministro kontseiluaren ondoren emandako datuek adierazten dute gertatu den goranzko desbideratze horren % 0,3 bakarrik dela Administrazio zentralak sortua. Autonomia erkidegoak dira gainerakoaren, hau da % 1,7aren, erantzule. 

Eta datu honek agerian uzten du batetik, nolako aldeak dauden autonomia erkidegoen artean: batzuk nazio dira, geneetan daramate autogobernua eta badakite eskumenak zentzuz gauzatzen; beste batzuk, aldiz, artifizialki sortu ziren, eta ospea eta entzutea jarri dituzte erantzukizunaren aurretik. Eta bestetik, argi geratu da arazo politiko larria sortuko dela batez ere Estatuko nazio historikoekin, baldin eta Alemaniak berarekin jokatu duen moduan  jokatu nahi badu Espainiako Gobernuak  autonomia erkidegoekin; izan ere nazio diren erkidegoek erantzukizunez jokatu dute eta baita frogatu ere badakitela nola kudeatu efikaziaz baliabide publikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak badute, gainera, zerga- eta finantza- autonomia zabala, oro har buru argiz garatu dutena, geure kultura sozio-ekonomikora egokitutako neurri propioak hartuz (orain ere ez dituzte zertan “kopiatu” Rajoyren zerga-igoerak). Ez batek eta ez besteak sortu diote inoiz desorekarik Estatuaren kontuei; aitzitik, autogobernua ongizatearekin dagoela lotua erakutsi dute. Beraz, oso erne egon behar lukete biek ala biek zer gertatzen den, guztientzat zuzenketa-neurri berak aplikatu nahi izate hori benetako mehatxua baita; berdin dio aldez aurretiko zentsore moduan jokatzen duten edo ondorengo berresle moduan.

- Eusko Jaurlaritza, bultzagarririk gabeko zorpetzea

Azken hilabeteetan eten gabe egin du gora “arrisku-primak” Estatu osoan. Bilakaera horrek berehalako ondorioa izan du, administrazio publikoek baldintza garestiagoak izango dituzte zorra birnegoziatzeko garaian. Hainbat herrialdek izan dituzten zailtasunek –hor ditugu Portugal, Irlanda edo Grezia–, eta Italiak eta Espainiak  gaur dituztenek argi asko erakusten digute zenbateraino eragiten digun eta eragingo digun guri ere zorra garestitzeak.

Zorpetzea berez ez da txarra, baldin eta neurri eraginkorrak hartzeko bada, eta ez gastu korrontea handiagotzeko. Hau da, garai hauetan kontu handiz erabaki behar dugu zertarako zorpetu nahi dugun eta zenbateko zorra hartu nahi dugun geure gain, bestela ikaragarria izango baita kostua. Zorpetu bai, ekonomiaren dinamismoa emendatuko duten bultzagarriak sortzeko, ikerkuntzan eta berrikuntzan inbertitzeko, prestakuntzaren eta jakintzaren aldeko apustu estrategikoa egiteko; gaur, zalantzarik gabe, erabaki beharrezkoak eta egokiak dira horiek guztiak.

Baina, azter dezagun Eusko Jaurlaritzaren zorra. 2008an baino zorpetuago dago gaur EAE, eta are zorpetuago egongo da datorren urtean. 2008an, Eusko Jaurlaritzaren zorra ez zen 700 milioi eurora heltzen. Gaurko Eusko Jaurlaritzak egin duen ekonomia eta aurrekontu-kudeaketaren ondorioz, 5.500 milioi euroraino egin du gora zorrak 2011n; eta ez dezagun ahaztu PPren abala ere izan duela kudeaketa horrek. Eta bi alderdiek eragingo dute, Gobernuaren lehen aurreikuspenak berresten badira behintzat, zorra 7.000 milioikoa izatera iristea 2012an. Eta hau gertatzen bada inguruan arrisku-primak gora egiten jarraitzen duen bitartean, eta Espainiako primak kutsatzen gaituen bitartean, guztiz logikoa da ondorio honetara iristea: zorpetzea garestien gertatzen den unean ari dira PSE eta PP, elkar harturik, lau urtean Jaurlaritzaren zorra sei aldiz biderkatzen.

Makroekonomiaren ikuspegitik horrek esan nahi du Jaurlaritzaren zorra gure BPGaren % 8koa izango dela 2012an; duela lau urte, berriz, 2008an, % 1ekoa zen. Aurrekontuei dagokienez zorra handitze honek eragin izugarria du, suntsitzailea. 425 milioi euro gorde beharko dira datorren urteko aurrekontuan zorrari erantzuteko, 170 milioi amortizaziorako eta beste 255 milioi interesak ordaintzeko. Kopuru hau 800 milioi eurokoa baino handiagoa izango da 2014an, zama finantzario oso garrantzitsua epe ertainera, hurrengo Gobernuaren jarduna lotuko duena, zalantzarik gabe. Nahikoa da datu bakarra zifra hauen neurria ulertzeko. Administrazioko funtzionarioen eskubideak murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Gobernuak dioenez, 100 milioi euroko “aurrezkia” ekarriko dute neurri hauek; baina 225 milioi euroko gastua ekarriko du, ekitaldi berean, zorraren interesak ordaintzeak.

Hala ere, galdera hau egin behar diogu geure buruari: zertarako erabaki du gaurko Jaurlaritzak horrenbeste zorpetzea? Eta ez dirudi erantzuna izango denik helburu egokietarako erabiliko direla mailegu bidez lortutako baliabideak: alegia, egoera ekonomikoa bizkortuko duten bultzagarriak eskaintzeko, edo berrikuntzan, jakintzan inbertsioak egitea sustatuko dutenak.

Adibide batekin azaldu dezakegu hau guztia. Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko 18,24 murriztu du berrikuntza teknologikoan egindako gastua 2008-2010 epean; eta Nafarroak, % 10,38, INEk 2011ko abenduaren 14an argitaratu dituen datuen arabera. Estatuan oraindik ere erreferente izaten jarraitzen dugun arren, bereziki larria da halako murrizketa gure enpresen lautik bat berritzaileak direnean teknologiaren alorrean; zehazkiago esanda, % 24,70 EAEn, % 25,72 Nafarroan. Bereziki larria da, oraindik ere teknologikoki aurreratuak diren enpresa asko dituen herria garelako, eta EAEn enpresek egiten dituzten salmenten % 35,87 berrikuntzari loturikoak direlako. Baina honek ez du luzaro iraungo berrikuntzan inbertitzeari uzten badiogu.

Bitxia da Euskal Autonomia Erkidegoan aldi berean inbertsioek behera egin izana eta zorra, berriz, neurri gabe gehitu –sei aldiz biderkatu baita–. Bestalde, hor dugu dagoeneko inbertsioak gutxitzearen lehen ondorioa: Europarekin alderatuta, atzera egin izana berrikuntzarekiko konpromisoan. Ahalegin handia egin ondoren, 2008an lortu zen, lehen aldiz, Europako batez bestekoaren gainetik egotea: 0,49 EAEko indizea, 0,48 Europako batez bestekoa, 2008ko Berrikuntzaren Indize Europarrak (EIS) emandako datu ofizialen arabera. 2010ean eman dituzten datuek, aldiz, erakusten dute atzera egin dugula: 0,52 da Europaren batez besteko indizea, 0,45 gurea.

Orain artekoa nahikoa ez eta, 2011ko aurrekontua eta 2012koa alderatuz gero, ohartuko gara 175 milioi euroko murrizketa izan dutela gure etorkizunerako guztiz funtsezkoa den I+B+g alorra sustatzeko diru-partidek. Eta ez du ematen Gobernuak programaturiko inbertsio produktiboa denik ere zorpetzea eragin duena. 2012an (euskal “Y”aren eragina albo batera utziz) 151,5 milioi euro gutxiago izango dira inbertsio errealetarako, iaz baino % 9,2 gutxiago.

Honi gehitu behar zaio, krisia burua erakusten hasi zenean, 500 milioi erabili zituela Eusko Jaurlaritzak batetik, laguntza finantzarioko programak ezarriaz enpresa txiki eta ertainei, PYME delakoei laguntzeko, eta, bestetik, gure enpresen aktibo zirkulatzailea sendotzeko. Programa honetako 300 milioi baino gehiago erabiliak zeuden PPren laguntzari esker sozialistak Eusko Jaurlaritzan sartu zirenerako. 2009ko maiatzean osatu zen euskal Administrazioak erabaki zuen abal-emaile izateari utziko ziola, baina programari eutsi zion. Ondorio hauxe izan du erabaki horrek: iaz 57 milioi euro eskas erabili ziren  laguntza finantzarioaren behar gorrian dauden euskal Pymeak sustatzeko. Beste modu batean esanda, egunetik egunera handiagoa zorra, baina murritzagoa ekonomia errealaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren sustapena. Murrizketak bai, baina bultzagarririk ez.

Begien bistakoa da nolako ondorioa duten halako politikek. Orain dela bi urte baino pobreagoak gara. Hala adierazten dute Eustaten azken estatistikek, 2011ko abenduan argitaratuek: euskaldunen per capita errenta bost puntu jaitsi da 2008-2010 tartean, Europako batez bestekoarekin alderatuta; 2008an % 138koa izatetik, 2010ean % 133koa izatera pasatu da.

Bitartekoetan perfekzioa, helburuetan konfusioa, horixe iruditzen zait niri ere, azkenean, gure garaiaren ezaugarria. Gezurra dirudi, baina horixe da gertatzen zaiguna. Hain zuzen, Europa bitartekoak perfekzionatzen ari da ahaleginean krisi historiko honetatik ateratzeko, baina ez daki nora joan nahi dugun. Ezagutzan aurrerapen handiak egitea, ezagutza hori behar bezala aplikatzeko behar dugun jakiturian ere aurrerapen handiak egitea eskatzen dute gaur aurrean ditugun arazoek, erantzuna eman beharreko espektatibek.

Oraingoz Zainketa Intentsiboko Unitatean gaude. Garaiz ohartuko ote gara murrizketek gaitza arindu dezaketela, baina, bultzagarririk ezean, denbora kontua dela zorigaiztoko amaiera izatea?  Jabetuko ote gara zenbaterainoko garrantzia duten sustapen publikoaren aldeko politikek, egoera “makurrean” aurkitzen garenean: inbertsioaren, zientziaren, hezkuntzaren, azpiegituren, ordezko energien tokiko aurrezkia bideratzearen aldeko politikek? Jabetuko ote gara murrizketak ez direla nahikoa ekonomia biziko bada, edo, areago, “murrizketak bakarrik eginez, bultzagarririk ez badago, gaixoa hil egingo dela azkenean”, “oparotasun urteak aprobetxatu behar direla finantza publikoak saneatzeko”? Konturatuko al gara behingoz oparoaldia ongi kudeatzen jakin behar dela, Espainiak egin duenaren guztiz alderantzizkoa egin behar dela, alegia -horretan, umiltasun osoz diot, egokiago jokatu dugu duela hiru urte arte-, horixe delako bide bakarra gero ur nahasietan zuzen nabigatu ahal izateko; konturatuko al gara oparoaldia ongi kudeatzeak bakarrik berma dezakeela aurrekontu publikoaren eta Estatuaren “betekizun antiziklikoa”?

Jakingo ote dugu esperientziatik ikasten, XX. mendeko gertakizun ekonomikoetatik: 29ko Depresio Handia, 70 eta 80 hamarkadetako krisiak, Japoniako krisia, Latinoamerikakoa? Hori guztia iradoki nahi du gogoeta honen tituluak eta baita mamiak ere: ondoan bultzagarririk ez duten murrizketek “bihotza gerarazten” dute, ekonomia eta pertsonak austeritatean itotzen dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...