espainiako hauteskundeak

"Amaiurrek talde propioaren auzia irabazi egingo du, baina ordurako legealdia bukatua izango da", esan du "PPko goi kargudun batek"

Ana Oramas Coalicion Canariako diputatuak jakinarazi du hori kontatu diola. Nafarroan %15 lortzetik %0,14ra geratu zelako utzi zuen Kongresuko Mahaiak talderik gabe koalizioa.

2012ko urtarrilaren 27a
18:34
Entzun

Ana Oramas Coalicion Canaria alderdiko diputatuak jakinarazi du "PPko goi kargudun batek" lehengo batean esan ziola Amaiurri Espainiako Kongresuan talde propioa izatea dagokiola baina, hala ere, Talde Mistora bidaltzea erabaki zutela, koalizioa iazko azaroaren 20ko hauteskundeetan Nafarroan %15era heldu ez zela argudiatuta.

"Amaiurrek Konstituzionalean irabazi egingo du auzia, baina hiru urte pasatuko dira horretarako, eta ordurako legealdia bukatua izango da", kontatu zion PPko kideak Oramasi, hark TVEko 24 horas saioan adierazi duenez. "PPren erabaki politikoa izan zen", esan du Coalicion Canariakoak.

Kongresuko Mahaiak —PPk gehiengo osoa du— abenduaren 15ean erabaki zuen Amaiurrek talde parlamentario propioa ez izatea. Koalizioaren hautagaitza osorik hartu behar dela argudiatuta —lau euskal lurraldeetakoa, Nafarroa bereizi gabe—, eta Nafarroan ez zuenez %15 lortu —%0,14ra geratu zen—, zerbitzu juridikoek zioten ez dituela baldintzak betetzen. Haren txostena ez zen lotzailea, baina Mahaiak aintzat hartu du.

Beste legealdi batzuetan antzeko aurrekariak izan dira, baina Mahaiak onartu egin zituen inplikatuta zeuden alderdiak talde gisa.

Talde Mistoan dago Amaiur, zazpi diputaturekin —Hego Euskal Herrian hark lortu zuen aulki gehien—. Inoizko Talde Mistorik handiena dago legealdi honetan: zortzi alderditako hemezortzi diputatuk osatzen dute, eta hori funtzionamendu arazoak sortzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.