Xuban Nafarratek salatu egingo du Ertzaintza

2012ko apirilaren 12a
15:22
Entzun

Joseba Nafarrate, Xuban Nafarrateren aitak jakinarazi duenez, gazteak salatu egingo du Ertzaintza, ustez martxoaren 29an, lan erreformaren kontrako greba egunean, jasandako erasoagatik. 

19 urteko gasteiztarra Zainketa Intentsiboen Unitateara eraman behar izan zuten, Ertzaintzaren karga baten ostean. Nafarratek kolpe gogorra jaso zuen buruan, ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan. Nafarrete eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari zirela esan zuen orduan Herrizaingo Sailaren bertsio ofizialak, eta ertzainei ihesi lasterkari eman zionean erori eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuela. Erabat desberdina da Nafarreteren aitaren eta hainbat lekukoren bertsioa. Ertzainek lau metrotik pilotakada bat eman, lurrean jipoitu eta ahoan grebaren aldeko eskuorriak sartu zizkiotela diote.

Rodolfo Ares Barne Sailburuak agerraldia egin du gaur Gasteizko Legebiltzarrean, Iñigo Cabacasen hilketaren ildora, eta EAk Nafarreterekin gertatutakoaz galdetu dio. Ertzainek pilotakada bat eman ziotela "faltsukeria eta gezur galanta" dela erantzun du Aresek.

Nafarreteren aitak ordea bere bertsioa berretsi du eta lekukoen eta osasun zerbitzuko langileen adierazpenak aurkeztuko dituzte auzitegietan froga gisa. Gainera gaztearen gurasoak ukatu egin du gazteak aurrekaririk duenik M15eko protestetan polizia bati eraso egiteagatik, "epaileak errugabetzat jo du". Herrizaingo sailak dio inputatuta dagoela. 

Gomazko piloten erabileraren inguruan esan du "berehala" desagertu beharko liratekeela. 

Elkartasuna agertu dio Iñigo Cabacasen familiari. Halaber, salatu du Ertzaintza ez zela inoiz Nafarreteren familiarekin harremanetan jarri gaztea nola zegoen jakiteko. 

EAk eskatuta Ares hilaren 24ean Legebiltzarrera agertu beharko da berriro ere, oraingoan Nafarreteren kasua argitzeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.