reala

Mikel Aranburuk futbolari izateari utziko dio

Gaur arratsaldean eman du erabakiaren berri Realeko kapitainak. 1998-1999tik egon da lehen taldean, eta 424 partidatan aritu da. "Klubak urtebete segitzeko aukera eskaini dit, baina gauzak bere garaian uzteak badu balioa, eta hau zen unea". 

enekoitz esnaola
2012ko maiatzaren 3a
19:19
Entzun

Mikel Aranburu Realeko jokalariak (Azpeitia, 1979) futbolari izateari utziko dio sasoi amaieran, gaur arratsaldean jakinarazi duenez. 1997an egin zuen debuta Realarekin —Javier Irureta zen entrenatzailea—, eta lehen taldean 1998-1999tik egon da modu finkoan. 424 partidatan aritu da —32 gol sartu ditu—, eta nahikoa dela uste du, klubak eta jarraitzaileek beste urtebeterako hartuko luketen arren.

"Klubak aukera hori eskaini dit, baina gauzak asko pentsatu ondoren hau erabaki dut, unea hau delako. Ez da erabaki erraza izan", esan du Aranburuk, Zubietan. "Gauzak bere garaian uzteak badu balioa. Gainera, maila handiko jokalariak datoz". Prentsa aretoan zeuden taldekideak. Mahaian, bera baino ez da izan. Realak adierazi du Jokin Aperribai presidenteak agenda kontuagatik ezin izan duela agerraldian egon; zuzendaritzakide batzuk bazeuden.

Realak larunbat honetan Iruñean jokatuko du, eta hilaren 12-13ko asteburuan Donostian, Valentziaren aurka, denboraldiko azken partidan. Aperribaik dagoeneko esan dio orduan klubaren urrezko ikurra jarriko diotela. "Espero dut partidako deialdian izatea orduan...", esan du Aranburuk.

Taldeak Espainiako Lehen Mailako salbazioa lortu ondoren eman du erabakiaren berri Aranburuk, egoera lasai dela. Taldeko kapitain izanik-eta ez dira harentzat urte errazak izan azkenekoak: Realaren krisi instituzionala eta ekonomikoa izan dituzte batetik, eta taldea, 40 urteren ondoren, Bigarren A Mailara jaitsi zen 2007an —maila horretan zirela eduki zuen tentazioa uzteko—. "Larritasunak motxilan pisu handiagoa jartzen du", esan izan du.

Hala ere, ez du futbola betiko uzteko asmorik; biharko egunean gaztetxoak entrenatu nahiko lituzke. Dena dela, aurreratu du pixka batean "mundu honetatik aldendu" nahi duela eta horixe jakinarazi diola Aperribairi.

Gorriz, Larrañaga, Zamora, Arconada, Fuentes... eta Aranburu

Realarekin jokatutako 424 partidatatik 400 ligan jokatu ditu —105, Bigarren Mailan—. Klubaren 103 urteko historian beste bost jokalarik baino ez dute gainditu ligan 400 neurketako marka: Alberto Gorrizek, Juan Antonio Larrañagak, Jesus Mari Zamorak, Luis Arconadak eta Miguel Fuentesek. Lehen laurak Lehen Mailako liga irabazitakoak dira. Aranburuk ere ia lortu zuen, 2003an, entrenatzaile Raynald Denoueix zela: bigarren geratu ziren, Real Madrilen atzetik. Xabi Alonsok eta biek jokatzen zuten erdi-erdian.

2005eko kolpetik altxatu

2005eko abenduan kolpe latza jaso zuen Aranburuk, Racingen kontrako partida batean: eskubiko belaunean sei haustura. "Lotailuak gurutzatuta eta belauna atze, kanpo eta aurrean ukituta dauzka. Ez genuen uste inoiz horrelako zerbait ikusiko genuenik", esan zuen Antton Gorrotxategi Realeko medikuak azterketa egin zionean. Osatu zen, baina, Aranburu; 2006ko uztailerako ari zen jokatzen. Min hartu zuen garaian estimu handitan zeukan entrenatzaileak, Jose Mari Amorrortuk: "Jokalari guztiak dira garrantzitsuak baina, batez ere, Aranburu zen inportantea".

Harrobiaren aldekoa

Harrobitik ateratako jokalaria izan da, eta harrobian sinisten du, adierazpen askotan erakutsi duen legez. "Jokalaria heldu gabe egon arren, jokatzeko aukera eman behar zaio, pixkanaka Lehen Mailako jokalaria egin dadin. Realak harrobiko lana alde batera uzten badu eta urtero epe laburreko fitxaketak kanpotik egiten baditu, etorkizunik ez du. Hori nire iritzia da. Hemen dauden instalazioak ikusita eta Lehen Mailan jokatzeko jokalariak beti irten direla ikusita, horri eutsi behar zaio. Bertako jokalari euskaldunik gabe, aurrera irteteko modurik ez diot ikusten Realari. Nik, pertsonalki, ez nuke nahi horrelakorik", "nik, edozein kirol ikustera joaten naizenean, bertako jendea ikusi nahi izaten dut. Beste batzuek kanpoko jendearekin berdin-berdin gozatzen dute. Baina nik balioa ematen diot inguruko herrietako jendea edo txikitatik ezagutzen dudan gaztea Lehen Mailan jokatzen ikusteari. Futbola uzten dudanean eta Anoetara partidak ikustera joaten naizenean, gustura ikusiko ditut txikitatik ezagutzen ditudanak igandero partidak jokatzen, talde handien kontra".

Euskal selekzioarekin maiz aritu da. Espainiakoarekin sekula ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.