Albistea entzun

politika

Aralarrek alderditik egotzi ditu Ezenarro, Basabe eta Erostarbe

"Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek alderdiaren kanpo utzi dute beren burua berariaz eta autoesklusioz, eta beren burua alderdiaren disziplinatik kanpo uzteaz gainera, alderdiaren printzipioen kontra ere egin dute", dio Aralarreko Zuzendaritzak gaur bidali duen prentsa oharrak. Hala, "beraiek beren jarrerarekin behartu duten egoerarekin, Zuzendaritza hau behartuta ikusi da baja administratiboa tramitatzera", dio oharrak.

Koldo Aldabe -

2012ko maiatzak 7

Aralarreko Zuzendaritzak gaur arratsaldean aztertu du alderdiko Berme Batzordearen ebazpena. Ebazpen horrek dioenez, Ezenarro, Babasabe eta Erostarberen jarrera “oso larria da”, Aralarreko Zuzendaritzak, “asanbladetan hartutako erabakiak betez”, emandako aginduei  “men ez egiteagatik”

Aralarren Zuzendaritzak uste du Berme Batzordearen ebazpenak bere aurreko erabakia berresten duela: “Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek alderdiaren kanpo utzi dute beren burua berariaz eta autoesklusioz, eta beren burua alderdiaren disziplinatik kanpo uzteaz gainera, alderdiaren printzipioen kontra ere egin dute”.

Zuzendaritzaren arabera, Espedientea ireki ondoren Legebiltzarrean, jendaurrean eta komunikabideen aurrean izan duten jokabideak “agerian utzi dute beren burua Aralar alderdi politikotik kanpo autoesklusioz jartzeko zuten borondatea”. “Horrenbestez, beraiek beren jarrerarekin behartu duten egoerarekin, Zuzendaritza hau behartuta ikusi da baja administratiboa tramitatzera”.

Zuzendaritzak hiruei eskatu die beren karguak eta Eusko Legebiltzarreko bozeramailetza alderdiaren esku uztea. Dena den, ez daude derrigortuta karguak alderdiaren esku uztera, eta orain beraien esku dago Legebiltzarrean jarraituko duten edo ez. Jarraitzen badute, eta hala egingo dutela iragarri zuten joan den apirilaren hasieran, Dani Maeztu bakarrik geratuko litzateke Aralarreko legebiltzarkide gisa, eta Talde Mistora joan beharko luke. Ezenarrok, Erostarbek eta Basabek, berriz, talde propioa osatu ahal izango lukete.

Bestalde, El País egunkariak publikatu duenez, Aralarretik irten diren militante ohi batzuek alderdi politiko bat osatu dute dagoeneko, eta Barne Ministerioaren onespenaren zain daude legezko izateko. Alderdi berriaren izena Nahia izango litzateke iturri horren arabera, eta hein handi batean Aralarreko hiru kide egotzi berri horiei hurrengo bozetara aurkezteko plataforma bat eskaintzeko sortu dute.

Iragan azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara Aralarrek Amaiur koalilzioan joatea erabaki ondotik piztu zen Zuzendaritzaren eta orain alderditik egotzi dituzten hiru legebiltzarkideen arteko desadostasun sakona. Desadostasun hori, dena den, itzulerarik gabeko haustura bilakatu zen martxoan, Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek, Zuzendaritzaren iritziaren kontra, Eusko Legebiltzarreko Elkarbizitzarako lantaldea osatzearen aldeko boza eman zutenean. Ordutik Aralarrek esan zuen hiru legebiltzarkideak alderditik  kanpo jarri zutela euren burua eta Berme Batzordearen esku jarri zuen Ezenarro, Basabe eta Erostarberen jokabidea epaitzea. Berme Batzordeak atzo igorri zion Zuzendaritzari ebazpena, eta horren arabera hartu du erabakia.

Atzo goizean, artean Aralarreko Zuzendaritza bildu aurretik, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusia gaiaz mintzatu zen. Bere ustez, «transfugismoa politikaren ustelkerietako bat da», eta hiru legebiltzarkideen ardura ez ezik, egoera horretaz baliatzen diren beste alderdiena ere bada: «Alderdi baten izenean aukeratuak izan eta postu politikoarekin geratzen direnen erantzukizuna da, baina baita egoera horretaz baliatzen direnena ere», esan zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.