Albistea entzun

Etsaitasunaren logika

Analisia: Pello Urzelai.

Berria -

2012ko maiatzak 9 11:34

Bost epaile Auzitegi Goreneko tribunalean. Hiru zigortzearen alde. Bi kontra. Zigortzearen kontra agertu diren epaileek boto partikular bana egin dute. Batak —Colmenero magistratuak—, Angela Murillo epailearen inpartzialtasunik eza aintzat hartu eta epaiketa berriro egitea hobetsi du. Besteak —Barreiro magistratuak—, inpartzialtasun faltaren argudioa bere egin du, baina argi utzi nahi du zigor epaiaren benetako arazoa frogarik eza dela, eta, kasu horretan, epaiketa errepikatzea akusatuen kalterako litzatekeela. Bi boto partikular horien uztarketak ongi islatzen du zein den auzi honen mamia: zigorraren atzean etsaitasuna dago, eta etsaitasuna dagoelako zantzu frogak ez dira behar bezala aztertu, eta horrek ahalbidetu du zigorra.

Barreiro magistratuaren boto partikularra sendoa eta argigarria da, akusatuen babes helegitearen oinarri ezin hobea. "Instantziako salak, adierazita baina era tazitoan, erabiltzen dituen frogazko arrazoibideek oso arrazionaltasun maila eskasa erakusten dute; era horretan, zantzu bidezko gertaerek ez daukate behar besteko kalitatea eta sendotasuna oinarrizko gertaerak ondoriozko gertaerekin lotzeko". Magistratu honen arabera, tribunalak beste interpretazio bide bat jarraitu beharko zuen: akusatuek beraien "ildo politikoa propioa" jarraitzen zutela, eta "desadostasunak" gertatzen ari zirela, "ezker abertzalearen barruan, eta, batez ere, ETArekiko". Defentsek argudiatutako kontrazantzuek interpretazio bide hori nabarmen babesten zutela berretsi du boto partikular honek. Are gehiago, magistratu honek gogora ekarri duenez, Estrategia eta Fase Politikoaren Argipena dokumentua erabat lotua agertzen da ondoren etorri zirenekin: Altsasuko agiria, Zutik Euskal Herria, Lortu Arte, Gernikako Akordioa edota Euskal Herria Ezkerretik-ekin. "Beraz, kasu honetan gertaeren bilakaerak arrazoia eman die defentsen tesiari, eta ez akusazioenari".

Tribunalaren gehiengoa osatzen duten hiru magistratuek Auzitegi Nazionalaren zigorra babesteko ahalegina egin dute, hark ondorioak lortzeko modua sakonki aztertu gabe. Tribunalak kaleratutako epaian bada isiltasun esanguratsu bat: gehiengoaren epaiak ez du Mugarri txostena aipatzen. Barreiroren boto partikularrak, ordea, nabarmentzen du Mugarri txostenak bai defendatzen zuela borroka armatuaren beharra, ETAren tesiarekin bat eginez, eta Argitzen txostenak, aldiz, bide baketsua.

Beraz, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezi seina urteko kartzela zigorra ezartzea ezin da azaldu etsaitasunaren logika aplikatuz ez bada. Egun, 2012an, etsaitasunaren logika aplikatzeak badu esanahi jakin bat, duela gutxi Jorge Diaz Ferenandez Barne ministroak (Rubalcaba Barne ministro ohiaren ildotik), adierazi zuen bezala: "Behar beste buru argitasunez jardun behar dugu balak ez dituzten pertsona hauek botoak ere ez ditzaten ukan". Gako horren arabera ulertzen da Estatuaren sektore nagusiaren jarduna; independentismoaren indartze elektorala oztopatzea, nola edo hala. Garai berrirako pisuzko bost aktibo politiko preso atxikiz, Egiaztatze Batzordearen lanari ezikusiarena eginez, elkarrizketa teknikoari uko eginez edo presoen egoera blokeatuz. Estrategia horren boomerang eragina gutxiesten ari dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...