futbola

Lotutako ibilbidea

Mikel Aranburuk bihar utziko dio futbolari izateari, azkeneko hamalau urtean Realeko lehen taldean egon ondoren. Azpeitian, Euskal Herrian eta klubean errotuta dagoela erakutsi du.

Enekoitz Esnaola -

2012ko maiatzak 11

Lehengo asteko ostegun arratsaldean futbolari izateari utziko diola esan Zubietan, eta afaltzerako han zen Azpeitiko soziedade batean Mikel Aranburu (Azpeitia, 1979), ostegunero bezala, lagun batzuekin. Muserako sei ziren, hiru bikote, eta kanpoan tokatutakoan sakelako telefonoko mezuei ematen zien begiratua mutilak, lasai. 

Lagunak, Azpeitia. Reala B-n zenean, ordea, Donostian bizi izan zen etxe batean, taldekide batzuekin, baina Realera igo zutenetik nahiago izan du Azpeitian bizitzea, bere herrian. "Lagun giroari eusteko itzultzen naiz herrira. Izan ere, ikusten dut goi mailako jende bat pixkanaka herriko giroa galtzen joan dela, igual futbolean gehiegi zentratu delako, eta horixe da galdu nahiko ez nukeena", zioen Aranburuk 2000ko irailean Egunkaria-n. "Azken batean, futbola bukatutakoan hori da geratuko zaizuna, lagun giro hori".

Eta lagunen artean hura, beste bat. "Lehen ere futbolariok egundoko zortea dugu, eta, gainera, horixe bakarrik falta zen, gu beste edozein herritarren gainetik egotea. Futbolak ere baditu bere gauza txarrak, baina diru gehiago irabazten dugu, lanorduak ere gutxiago sartzen ditugu... Baina gutako bat gizarteko beste bat da. Hor garrantzitsua da zuk zeuk umiltasuna edukitzea, baina zure inguruak ere badu garrantzia. Niri lagunek errealitatean egoten laguntzen didate". Azpeitiari lotzeko arrazoi izan du.

Inguruaren garrantziaz, futbol munduko adibide bat. Aranburu Realean bezala, Ivan de la Peña ere 18-19 urte zituenerako hasi zen Bartzelonan jokatzen, eta guztiak aho zabalik zeuzkan paseekin. Baina Johan Cruyff entrenatzaileak ez zuen titular jartzen. "Kalitate handiko jokalaria da, baina huts asko ere baditu", esaten zuen Cruyffek, eta garai hartako (1996a zen) Ajax Europako txapelduneko jokalarien ezaugarriak aipatzen zituen: "Ajaxen ez da jeniorik. Futbolari onak dira, baloia ongi pasatzen dute, futbol erraza egiten dute, baloirik galdu gabe. Ofizioa daukate". Eta, orduan, ingurua aipatzen zuen Cruyffek. "De la Peñak pase bat huts egiten duenean, ezin zaio buruan pistola jarri eta ezertarako balio ez duela esan". Zenbat futbolari on geratu izan den erdibidean ingurua ez zaindu edo ez kontrolatzeagatik...

Komunikabideak dira futbol talde batean ere inguruko osagai garrantzitsuenetakoak, eta Bartzelonaren eta Realaren inguruko hedabide multzoa arrunt da desberdina, baina bietan landu behar da. Aranburuk dozenaka prentsaurreko eta elkarrizketa eman ditu hamalau urteotan, eta kazetari batzuen jarrerarekin mina izandakoan ez da oldartu. Baina inoiz, agerraldia bukatu, halako kazetarirengana joan eta azaldu izan dio kexa, nola litekeen. Oraintxe dela hilabete eta erdi bezala, entrenatzaileak libre emanda jokalari batzuek Madrilen larunbat gau batean buelta bat eman zutela-eta zenbait egunkaritan informazioa atera zutenean.

Gozamena harekin jokatzea

Kalitatea ere aipatu behar haren kasuan. Realeko lehen taldearekin entrenatzen hasi zenean Zubietan entzundakoa Luis Perezi: "Gozamena da Aranbururekin jokatzea; baloi denak, hankara". 1999an Louis Van Gaal Bartzelonako entrenatzaileari (1996an, Ajaxekoa) Espainiako Lehen Mailako jokalari gazteren bat nabarmentzeko eskatu ziotenean, Aranburu aipatu zuen. Hotel batean bazkaltzen zirela Alberto atezaina aldizkari batekin joan zitzaion Aranbururi, begira Van Gaalek zer dioen esanez. Jokalariari harrigarria iruditu zitzaion. 2003an berriro Bartzelonatik laudorioak, Raynald Denoueixekin Realak bigarren bukatu zuenean. Aitor Begiristain Bartzelonako kirol zuzendariak Berria-n: "Realeko bi jokalari aukeratzeko? Rekarte eta Aranburu". Ez Nihat (23 gol Ligan), ez Valeri Karpin, ez Xabi Alonso, ez Javier de Pedro, ez Agustin Aranzabal, ez Darko Kovacevic (20 gol)... 24 urte zituen azpeitiarrak orduan.

Baina Realak 2003ko udara hartan Bittor Alkiza kuttuna fitxatu zuen euskarri posturako. Eta, Alonso artean taldean zenez, Aranburuk pribatuan aitortzen zuen denboraldia aulkian hasi beharko zuela. Halaxe gertatu. Laster zen titular. 2004ko udaran beste stop moduko bat egin zion taldeak: Glasgow Rangersetik Mikel Arteta ekarri zuen zelai erdirako. Pixka bat aulkia berotu ostean, titular atzera azpeitiarra. 

2005-2006rako bidea libreago zeukan; 26 urte zituen, taldean aurreko belaunaldia ordurako bukatua zen (Aranzabal eta De Pedrorena), eta 1979 eta 1980an jaiotakoen artean hura zen jokalaririk nabarmenena (Mikel Labaka, Mikel Alonso, Igor Gabilondo, Jose Javier Barkero eta Gari Uranga ziren adineko besteak). Abiada hartzeko unea zen. Adierazgarria izan zen, adibidez, 2005eko irailaren 21eko Reala-Atletico Madril lehian egin zuena: lider baten moduan sentitu, eta ez zen mugatu entrenatzaileak jarritako tokian jokatzera (zelai erdian ezkerrean). 

Jokalari diziplinatuegia izaten hasia zegoen, talde lanei lotuegia bezala —"ez dut jokalari eskuzabalagorik ezagutu. Interes kolektiboa beti jarri izan du bere interesen aurretik", esan du aste honetan Xabi Alonsok—, eta, betiere taldeko jokoaren barruan, nolabait jite hori hausteko garaia izan zitekeen, puntako jokalari gisa ere arrastoa uzteko. Dozena erdi bat urte lehenago Realeko harrobiko teknikariei entzuna da: "Zamoraren garaitik sortu den jokalaririk onena da Aranburu". Begiristain, Joxe Mari Bakero, Alkiza, De Pedro...; Zubietako harrobitik ez ziren jokalari makalak pasatu Jesus Mari Zamoraren eta Aranbururen artean.

2005eko udazkenean, Espainian gehien saltzen den egunkarian denboraldiko ordura arteko hamaikako titularrean jarri zuten. Aranburuk 2000rako esana zeukan, ordea: "Ez zait burutik pasatzen Reala uztea". Ez zen egindako esaldia. Klubari lotua zegoen. Herria ere uztea litzateke.

2005eko abendua mugarria izan zen haren ibilbidean: eskubiko belaunean sei haustura. "Ez genuen uste inoiz horrelako zerbait ikusiko genuenik", zioen Antton Gorrotxategi Realeko medikuak. "Jokalari guztiak dira garrantzitsuak baina, batez ere, Aranburu zen inportantea", esan zuen orduko entrenatzaileak, Jose Mari Amorrortuk.

Lesio hartatik aurrera, taldean eta klubean beste paper bat izan du, Bigarren Mailarako jaitsierak eta krisi instituzionalak eraginda asko. Kapitain papera betetzea tokatu zaio, kapitain jenerala izateko asmorik gabe.

"Euskal gizartearen kapitaina"

"Euskal gizartearen kapitaina" ere izan da bere ibilbidean, Irutxuloko Hitza-k atzo zekarren bezala, ideia batzuei lotuta Euskal Herriko hainbat arlotan inplikatu baita. Aspaldi egin zuen Aranburu futbolari profesionalak hautu hori. 2000ko iraileko Egunkaria hartan bazioen: "Ni futbolaria baino lehenago pertsona naiz. Pertsona publikoa naiz, hori ere badakit, eta kontua izan behar dudala ere badakit, baina horregatik ez naiz isilduko, eta nire pentsaera adieraziko dut, betiere modu onean eta lehenago ondorioak aztertu ondoren". "Kontrolatuta" sentitzen zen ordurako, eta Realeko presidenteren batek inoiz salatariren bat eta dena izan du. Iaz, berriz, beste taldekide batzuek bezala euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio bat babesteagatik Jokin Aperribai presidentea kexu azaldu zen, horrek taldearen batasunari onik egin ez ziolakoan.

Bihar utziko dio Aranburuk futbolari izateari, eta Aperribaik berak jarriko dio urrezko intsignia. Ez hamalau urteotako futbol ibilbideagatik bakarrik; klubaren balioak indartzeagatik eta Realak esan nahi duenari eta izan behar duenari lotzeagatik ere bai.

Mutila gauzak natural hartzen saiatuko da —Ikasberri Azpeitiko ikastolak naturaltasunaren saria eman izan dio, hedabideen aurrean azpeitiarrez "naturaltasunez" hitz egiten duelako—. Baina ez du erraza izango.

Behin Labakak elkarrizketa egin, eta galdetu zion: "Oheratu aurretik irratsaio batera deitu duen pertsona batek honela esan dik: 'Realak galtzen duenean ez dut lorik egiten'. Zer pentsatu duk?": Aranbururen erantzuna: "Hurrengo gauean azkarrago hartuko dik lo". Akaso, orain aldean berak ere bai datorren astetik aurrera.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pilotazale batzuk maskararekin, uztailaren 4an Labriten. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Maskara beti jartzera derrigortzea aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua

Berria

Gutxieneko distantzia mantenduta ere neurri hori ezartzea aztertzen ari da, azken agerraldien joera eteteko.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldian 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira 64 positibo erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna