euskara

Behatokiak ohartarazi du hizkuntza eskubideen bermean urraketak salatzea dela aurrerabide bakarra

2011. urteko txostena aurkeztu du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Horren arabera, euskaraz bizitzeko eskubideak bermatu gabe jarraitzen du, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Bideoa: Xabier Maritorena, Behatokiari azaldutako kexen berri ematen.

2012ko ekainaren 7a
15:33
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2011. urteko txostena aurkeztu du gaur Iruñean. Behatokiaren lana herritarren bizipenetan oinarritzen da, eta azken horiek Euskararen Telefonoaren bitartez egiten dituzten kexek, zoriontzeek eta abarrek osatzen dute aipatutako txostena. Behatokiaren arabera, "urraketak salatzea da hizkuntza eskubideen bermean aurrerabide bakarra".

Petriatik azaldu du Behatokiak aurreko urtetan berretsitakoa ez dela 2011n aldatu.  "Euskaraz bizitzeko eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Honek ondorio batera garamatza: bitartekoak jarri behar dira euskaldunok jasaten dugun ezintasun egoeratik ateratzeko".

Horrekin batera, salatu du hizkuntza eskubideak "lurralde osoan eta administrazio guztiek" urratzen dituztela. Petriatiren arabera, hizkuntzarengatiko bereizkeria "eguneroko ogia" da euskaldunon bizitzan. "Herritarrek euskaraz bizitzeko adierazten duten nahiari ez zaio erantzun eraginkorrik ematen eta Administrazioek utzikeriaz jokatzen dute euskaldunekin. Aukeratzeko askatasuna eta hizkuntza-eskubidea erreala izan dadin, euskararen erabilera gizarte funtzio guztietan ziurtatu behar da eta horretarako baliabideak jarri behar dira", nabarmendu du.

Hainbat administrazioren inguruko informazioa ere eman du Petriatik. Frantziako Estatuko Administrazioari dagokionez,  salatu du Toubon Legearen atzean "ezkutatzen" segitzen duela administrazioak. "75.1 artikuluak ez du egoera aldatu eta euskarak ez du inongo balio juridikorik", esan du.

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, berriz, legeak eskubideak aitortzen dituen arren, Petriatik azaldu du hizkuntza bat zein bestea erabili nahi duten herritarren berdintasuna ez duela bermatzen eguneroko bizitzan. 

Nafarroako Gobernuak "euskararen eta euskaldunen eskubideen aurka urte luzeetan daraman etenik gabeko hizkuntza politika murriztaileak" ez du aldaketarik izan 2011n, txostenaren arabera. 

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, euskarak ofizialtasuna eta aitortza duen arren, Behatokiaren arabera "nabarmenak" dira euskaraz bizitzeko sortzen diren ezintasunak.  "Ez da urrats esanguratsurik eman herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartzeari begira". 

Herritarren kexak

Behatokiak hainbat herritar, zerbitzuaren erabiltzaile direnak, euren bizipenak zuzenean konta zitzaten gonbidatu ditu, eta parte-hartzaileetako bat izan da Xabier Maritorena. Maritorenak salatu du maiz autobusa hartzen duenean geltokian ez daudela kaleen izenak euskaraz, eta lanean ere, euskaraz ez dakien jendea egonda, gaztelaniaz egin behar izaten duela.

Aisialdiko jarduerak ere euskaraz ezin dituela egin azaldu du Maritorenak. Horregatik, euskaraz bizitzeko duen eskubidea ukatzen diotelako, Behatokira jotzen du gertaeraren berri emateko. "Jakin badakit, Behatokian nire kexa jaso ondoan kexa hori bideratuko dutela; dagokion Administrazio edo enpresari euskaraz bizitzeko dudan eskubidea urratu didatela adieraziko diotela eta arazoa konpontzeko eskatuko diotela", adierazi du Maritorenak.

Egoera horren aurrean, hizkuntza eskubideen urraketen aurrean herritarrek egiten dute lana baloratu du Behatokiak, eta ildo horretan jarraitzeko deia egin du, "horrela soilik lortuko baitugu aurrera egitea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.