dm3-askatasuna auzia

D3M eta Askatasunako auzipetu denak absolbitu egin dituzte

Hamahiru lagun epaitu zituzten joan den maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta. Epaiak dio ezin dela frogatu nahita jardun zirenik erakunde armatuaren alde eta D3M eta Askatasunako kideek ere askatasun politikoa dutela. Hiru epaileetatik batek boto partikularra eman du. Fiskalak 11 lagunentzat espetxea eskatu zuen.

2012ko ekainaren 18a
19:32
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu D3M eta Askatasunako auzipetu guztiak. Joan den maiatzaren 3tik 17ra artean izan zen epaiketa, hamahiru lagunen aurka, eta fiskalak ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatu zien 11 auzipeturi. Epaiak, ordea, dio ezin dela frogatu nahita jardun zirenik erakunde armatuaren alde eta, ondorioz, ezin dela esan ETAko kide direnik edo laguntza eman ziotenik.

Epaiak gogoratu du D3M eta Askatasuna bere garaian legez kanpo utzi zituzten arren, bertan aritutako kideek askatasun politikoaren eskubidea dutela.

Manuela Fernandez Prado aritu da epaimahaiburu lanetan, eta Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda izan dira beste bi epaileak. Povedak boto partikularra eman du, auzipetuak zigortzearen alde. Fernandez Prado eta Saez Valcarcel epaileek Egunkaria eta Udalbiltza auzietan ere absoluzioa eman zuten.

2009ko urtarrilaren 23an izan zen polizia operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, eta urte bereko otsailaren 8an D3M eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendak baliogabetu egin zituen Gorenak. Auzitegi Konstituzionalak lau egun geroago berretsi egin zuen bien legez kanporatzea.

D3Mk, hala ere, ehun mila boto pilatu zituen martxoaren 1eko bozetan, denak baliogabeak, eta boto horiekin zazpi legebiltzarkide zituzkeen. 

Auzipetuta izan direnek gaur arratsaldeko bostetan prentsaurrekoa eman dute Donostian, hotel batean. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eleduna ere haiekin izan da.

Fiskalak zigor eskaerak pixka bat murriztu egin zituen

Vicente Gonzalez Mota Espainiako fiskalak D3M eta Askatasuna auziko 11 auzipeturentzako kartzela zigor eskaerak pixka bat jaitsi egin zituen epaiketako azkeneko egunean —maiatzaren 17an—, eta absoluzioa eskatu zuen Fernando Antia eta Aitor Liguerzana auzipetuentzat.

Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira jaitsi ziem fiskalak —ETAko kide izatea leporatzen zien—, eta Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari zazpi urteko eskaera bostera —ETAri laguntza ematea egozten zien —; Antia eta Liguerzanaren aurka lehen zazpi urteko kartzela zigor eskaera egin zuen fiskalak.

Defentsak auzipetu guztien absoluzioa eskatu zuen. Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek epaiketan salatu zuten Poliziaren susmoetan oinarrituta zigortu nahi izan dituztela. Nabarmendu zuten auzi saioetan lekuko zein peritu gisa deklaratu duten poliziek auzipetuen eta ETAren arteko lotura frogatuko lukeen egitate bakar bat ere ez zutela aurkeztu. Egunkaria eta Udalbiltza auzietako absoluzio epaiak gogoratu zituzten defentsa abokatuek.

Azken saioan auzipetu guztien izenean Amparo Lasheras mintzatu zen, labur. Adierazpen askatasuna eta proiektu politiko guztien parte hartze askea aldarrikatu zituen.

Maiatzaren 3an ekin zioten epaiketari

Maiatzaren 3an hasi zen epaiketa, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. D3M plataforma eta Askatasuna alderdia 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ETAren aginduz sortzea egotzita eraman zituzten auzitara hamahiru lagun.

Auzipetuek lehen saioan deklaratu zuten ez zituztela ETAren edo Batasunaren aginduak jarraitu, eta euren jarduna "publikoa eta legezkoa" zela berretsi zuten.

Perituek —poliziek eta guardia zibilek— ez zuten froga zehatzik aurkeztu auzipetuen aurka bigarren saioan, eta hurrengo saioan auzipetuen xedea politikoa zela berretsi zuten. Azken saioan, perituen arteko kontraesanak agerian geratu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.