Sortu, legeztatua

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio ezker abertzaleko alderdiaren babes helegiteari. Auzitegiak dio Sorturen sustatzaileei alderdi politikoa eratzeko eskubidea urratu egin ziela Gorenak. Hiru boto partikular izan dira. Iturri batzuek diote aldeko sei boto izan direla eta kontrako bost. 2003an hasi ziren ilegalizazioak.

2012ko ekainaren 20a
13:18
Entzun

Ezker abertzalea berriz ere legezkoa da Espainiako Justizian, bederatzi urteren ondoren. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoaren defentsak aurkeztutako babes helegiteari arrazoi eman dio, auzitegiak berak arratsaldeko bostak pasatxo zirela esan duenez, eta Sortu legezko da, estatutuak aurkeztu eta urtebete pasara.

Konstituzionalak dio Sorturen sustatzaileei alderdi politikoa eratzeko eskubidea urratu egin zietela eta, ondorioz, baliogabetu egin du Auzitegi Gorenak emandako debekua. Sortuk gaur —11:30— Bilbon egingo du erabakiaren balorazioa, agerraldi batean.

11 magistratuk osatu dute epaimahaia, baina auzitegiak ez du bozketaren berri eman. Kaleratutako ebazpenean esan duen bakarra da hiru boto partikular izan direla eta hurrengo egunetan aterako duela sententzia. Elpais.es-ek eta Efek Konstituzionaleko iturriak aipatuz diote aldeko sei boto izan direla eta kontrako bost.

2003an hasi ziren ezker abertzaleko alderdi edo plataforma politikoen aurkako ilegalizazioak; Auzitegi Gorenak urte hartako martxoan utzi zituen legez kanpo Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela jota.

Iazko martxoaren 23an Gorenak Sortu ez erregistratzea erabaki zuen, eta alderdiaren abokatuek horren kontrako helegitea sartu zuten Konstituzionalean joan den urteko maiatzaren 18an, legez kanporatzea "badaezpadakoa" izan zelakoan. Orain etorri da ebazpena.

Goreneko 61eko aretoko bederatzi epailek bat egin zuten Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnazioetan aurkeztutako tesiarekin; alegia, Sortu ezker abertzaleko legez kanpoko alderdien "segida" dela eta estatutuak 2011ko maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko "amarru" zirela. Zazpi magistratu Goreneko gehiengoaren erabakiaren kontra azaldu ziren, eta boto partikularra eman zuten.

Iazko otsailean aurkeztu zituen estatutuak

Sortuk 2011ko otsailaren 7an aurkeztu zituen bere estatutuak, Bilbon, Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Handik bi egunera joan zen Madrilera, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan erregistratzera. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak Bilboko ekitaldian zioenez, alderdi politiko berria printzipio berrietan oinarritzea erabaki zuten, "neurri historikoa duen hausnarketa baten" ondorioz. Bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa agertu zuen Sortuk, "irmoa eta zalantzarik gabea".

Iñigo Iruin abokatuak ekitaldi hartan zioenaren arabera, bereziki, estatutuetako hirugarren artikulua da esanguratsua: "Ekintza politikorako tresna edo helburu politikoak lortzeko bitarteko gisa indarkeria erabiltzearen arbuiotik garatuko du alderdi berriak bere jarduera, edozein dela bere jatorria edo izaera; ETArena barne, pertsonen oinarrizko askatasun eta eskubideak urratzen dituen subjektu aktiboa den heinean". 

2010eko azaroaren 27an Rufi Etxeberria eta Marian Beitialarrangoitiak Iruñean emandako prentsaurreko jendetsu batean aurreratu zuten ezker abertzaleak alderdi politiko berria izateko estatutuak aurkeztuko zituela Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan, eta euren erakunde horrek Espainiako Alderdien Legea beteko duela. Hala, besteak beste, "indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu" egingo ditu alderdiak, zioten.

Ezker abertzaleak 2010eko otsailean egin zuen bere apustu politiko berriari buruzko agerraldia, Zutik Euskal Herria adierazpena aurkeztuta. 2009ko azaroan Altsasuko adierazpena aurkeztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.