Euskara

Euskaldun gehiago daude gazteen artean, baina gutxiago erabiltzen dute euskara

Euskal Herrian 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude, eta 140.239 erdaldun huts gutxiago. Herritarren %27 dira euskaldunak, eta %14,7k ulertzen dute euskara. Gehien-gehienek erdaraz hitz egiten dute, ordea (%84k). Etxean eta lagunartean behera egin du erabilerak, eta eremu formalean, gora.

Inkestaren emaitzak emateko agerraldia.
Inkestaren emaitzak emateko agerraldia. / Juan Carlos Ruiz/ARP

Berria -

2012ko uztailak 16

Euskararen ezagutza hedatu egin da Euskal Herri osoan, 1991tik hona; baina duela hogei urte baino gutxiago erabiltzen dute euskara elebidunek. Gazteen artean nabaritu da aldaketa gehien: belaunaldi gazteen artean gero eta euskaldun gehiago daude, baina 1991n baino gutxiago aritzen dira euskaraz. Urte hartan, 24 eta 35 urte arteko euskaldunen %58k egiten zuten euskaraz; %49 aritzen dira orain. 16 eta 24 urte arteko gazte euskaldunen %49,6k erabiltzen zuten orduan; %43,2k orain.

Gazteen artean bakarrik ez, elebidunen artean orokorrean jaitsi da euskararen erabilera 1991tik. Azken hamar urteetan eutsi egin zaio erabileraren jaitsierari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aldiz, erabilerak behera egiten jarraitu du gainerako herrialdeetan, baita 2001etik hona ere. Adinean nabaritzen da alde gehien, Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako kidearen hitzetan: 35 urtez gorako elebidunen erabilera igo egin da 1991tik; 35 urtez azpikoena jaitsi, ordea. Nafarroan adin tarte guztietan egin du behera erabilerak. Eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gazteen artean emendatzen hasi da erabilera.

V. Inkesta Soziolinguistikoak utzi duen ondorioetako batzuk dira horiek. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak gaur aurkeztu dute inkesta, osorik; joan den martxoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak solte eman zituen Jaurlaritzak.  Aldi berean, EHUko Udako Ikastaroetan antolatutako saio batean eman dute datuen berri. 1991n egin zuten lehen inkesta, eta hogei urteko joerak eta bilakaera aztertzeko moduan eman dituzte datuak.

Elebidunen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, baina jaitsi egin da Ipar Euskal Herrian. Datu orokorra eman dute inkestaren egileek: 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude Euskal Herrian, eta biztanleria osoaren %27 dira (714.136 pertsona). Datua asko aldatzen da lurraldearen arabera: Gipuzkoan %49,9 dira; Bizkaian, %25,4; Araban, %16,8; Nafarroan  %11,7; Nafarroa Beherean eta Zuberoan, %52,1; Lapurdi barnealdean, %23,9; eta Baiona-Angelu-Miarritze inguruan, %6,7. 

Euskara ulertzeko gai direnen kopuruak ere gora egin du hogei urtean: biztanleriaren %7,7 ziren 1991n, eta %14,7 dira orain (388.255 pertsona). Erdaldun hutsen kopurua jaitsi egin da, aldiz, 1991tik: 140.239 gutxiago dira —1.546.607 milioi pertsona, biztanleen %58,4—. Inkestaren egileek aipatu dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan beheranzko joera aldatzen hasi dela, eta pozik agertu dira datu horrekin; gazteen artean, euskararen ezagutzak gora egin du.

Eremu formaletan —lanean, administrazioarekin, zerbitzuetan...— gora egin du euskararen erabilerak, baina etxeko erabilerak eta lagunartekoak behera egin du, inkestaren datuen arabera. Inkestatuen lautik batek erantzun du euskara noizbait erabiltzen duela; herritar guztien %16 baino ez dira, halere, euskararen "erabilera intentsiboa" egiten dutenak. Euskal herritarren %84, beraz, gaztelaniaz aritzen dira nagusiki.

Euskararen aldeko jarrera ere handitu egin da azken bi hamarkadetan. Euskal herritarren %55,2 euskara sustatzearen alde edo oso alde daude, 1991n baino 7 puntu gehiago dira. Aurka edo oso aurka daude, aldiz, herritarren %17,1. Aldeko jarrera txikiagoa da Bizkaia eta Gipuzkoa ez beste herrialdeetan; %40ra jaisten da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pilotazale batzuk maskararekin, uztailaren 4an Labriten. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Maskara beti jartzera derrigortzea aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua

Berria

Gutxieneko distantzia mantenduta ere neurri hori ezartzea aztertzen ari da, azken agerraldien joera eteteko.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldian 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira 64 positibo erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna