euskal herria

Kaiku kooperatibak 'Euskal Herria Esnea' markagatik jarri du salaketa, ez hizkuntzagatik

Jaurlaritzak hasi zuen ofizioz Euskal Herria Esnearen aurkako espedientea, horrek produktua euskaraz baino ez etiketatzeagatik. Euskal Herria Esnea Espainian ontziratzen dutenez, 17/2008 legea hausten duela dio Jaurlaritzako Elikagai Kalitatearen Zuzendaritzak. Kaikuk dio aipatutako marka ofizialki erregistratu gabe dagoela.

2012ko irailaren 7a
20:35
Entzun

Kaiku kooperatibak arratsaldean prentsa ohar baten bidez argitu du Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitatearen Zuzendaritzan Euskal Herria Esnearen aurkako salaketa markaren izenagatik sartu zuela eta ez hizkuntz irizpideengatik.

Parte joan den maiatzean sartu zuen kooperatibak Jaurlaritzan, eta honek abuztuan espedientea ireki zuen, arrazoitzat hizkuntzari dagokion ustezko lege urratze bat hartuta. Hau da, Euskal Herria Esnea Sorian (Espainia) ontziratzen dutenez, 17/2008 legea betez gaztelaniaz ere etiketatu beharko luketela uste du Elikagai Kalitatearen Zuzendaritak, eta ez euskaraz bakarrik, Euskal Herria Esneak egin bezala. Jaurlaritza izan da, beraz, ofizioz Euskal Herria esnearen aurkako espedientea hasi zuena, produktua euskaraz baino ez etiketatzeagatik. 

Kaiku kooperatibaren xedea ez zen euskaragatik salatzea. Hark dio Euskal Herria Esnea marka ofizialki erregistratu gabe dagoela baina, hala ere, Gasteizko denda batean behintzat esnea izen horrekin saltzen ari direla. Gainera, kooperatibak esan du izen hori erabiltzean pentsa daitekeela esnea euskal abeltzainek ekoiztutakoa dela eta nahasmendua sor dezakeela.

Goizean Euskal Herria Esnea etxekoek BERRIAri Jaurlaritzak bidalitako agiri bat helarazi diote, eta hor azaltzen da salaketaren arrazoia euskararen kontua dela eta parte sartu duena Kaiku kooperatiba dela.

Kaiku korporazioak eta Kaiku kooperatibak ukatu egin dute horregatik salaketa aurkeztu izana (Kaiku korporazioaren adierazpena). Kooperatibako kideek esan dute euskara sustatzen ari direla euren produktuetan, eta euskara erabiltzeagatik beste bati salaketa jartzeak zentzurik ez duela. Kaiku korporazioak, berriz, adierazpenean adierazi du beti bultzatu izan duela "gure kultura eta bereziki gure hizkuntza, euskara".

Kaiku kooperatiba Kaiku korporazioko kide da, %10ekin. Kooperatibak Urnietan du egoitza.

Kaiku, Suitzako Emmiren esku

Uztailaren hasieratik, Suitzako Emmi taldeak kontrolatzen du enpresa, Kaiku Corporacionen akziodun nagusia denak: akzioen %66 ditu orain (lehen, %42,8). Akziodun nagusia zen 2009tik, Iparlatek bere akzioak saldu zizkionetik. Akordioa abuztuan jarri da indarrean. Emmi taldea Suitzako esne eta esneki ekoizle nagusia da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.