kultura

Martxan da berriro 'Dantzan.com'

Abenduaren 31n itxi zuten, diru sarrerak urritzearen ondorioz. Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien laguntza jaso du atzera abian jartzeko, baina norbanakoen ekarpena ere eskatu du.

2012ko urriaren 1a
17:30
Entzun

"Iratzarri da hartza. Negua, udaberria eta uda ere eman ditugu lezean, baina azkenean hemen dago berriz ere Dantzan.com, ilusioz eta bizipozez beteta. Babesa, laguntza eta dantzen bizitzeko gogoa eskaini duzuen guztioi esker, berpiztu da Dantzan.com. Ea denon artean dantzan mantentzeko gai garen. Bizi dantzan!". Mezu hori dakar webgune hark, ataria berriro martxan dela iragartzeko.

Iazko abenduaren 31n itxi zuten, diru laguntza publikoen beherakadaren eta bestelako diru iturrien urritzearen ondorioz. "Ezin dugu orain hamar urte abiatu genuen gune hau ekonomikoki mantentzen jarraitu", zioten webaren arduradunek ohar horretan.

Baina iragarri zuten finantzazioa lortzen saiatuko zirela. Hala, itxi eta berehala, dantzan.com-ek bere aldeko babes taldea antolatu zuen eta zenbait ekimen jarri zituen abian. Esate batera, sinadura kanpaina bat antolatu eta 1.600 atxikimendu jaso zituen. 

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta diru laguntza izan du berriz ere sarean egon ahal izateko. "Martxan jarri ahal izateko adina bildu dugu, baina ez luzaroan segitzeko. Horregatik, denon artean indar egiten eta bultzatzen jarraitzera gonbidatu nahi zaituztegu; adibidez, Dantzan.com-en parte hartuz eta zuen ekarpenak eginez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.