'ETBk 30 urte: Iragana eta etorkizuna' elkarrizketa sorta (IV)

Jose Inazio Basterretxea: "ETB1 gaizki elikatutako bonsai bihurtu du ETB2 kateak"

ETB1ek ETB2tik aske izatea eta irratiko eredutik ikas dezala proposatzen du Basterretxeak.

urtzi urkizu
2012ko azaroaren 4a
17:48
Entzun

ETBko hastapenetan bertako kazetaria izan zen Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, Bizkaia, 1959), eta EITBko administrazio kontseiluko kidea da. EHUko irakaslea da gaur egun.

ETB euskara eta kultura sustatzeko jaio zen. Hala dio 1982. urtean onartu zen legeak behintzat. Legea 30 urteotan bete dela iruditzen zaizu?

Bai eta ez. Ezin da ukatu ETBk euskararen aldeko apustua egin duela; nolabaitekoa baina. Hortxe dago arazoa. Egia esan, ETBrik gabe, euskararen garapena beste bat izango zen. Zeren, gainerako telebista gehienek —publikoek nahiz pribatuek— ez baitiote tratamendu egokiagorik eman euskarari, ezta bertsua ere. Hori hor dago. Ez dago zertan ukatu: euskarazko telebista publikorik onena izan da ETB. Baina, egia zor, dezepzionantea izan da gutako askorentzat ETBk euskarari egin dion tokia bere programazioan. Oso bigarren mailako izan da euskara beti, eta hala da egun ere. Aldaketa handiak beharko dira —Eusko Legebiltzarrean, Administrazio-kontseiluan eta Zuzendaritza Nagusian— erdararen aldeko joera historiko hori aldatzeko eta euskararen aldeko apustua benetakoa izan dadin.

Zer eragin izan du ETB1engan 1986tik ETB2 egoteak?

Handia izan da eragina, eta ez onerako. Programazioaren ikuspuntutik begiratuta, umeen programei lotuta izan da euskarazko telebista. Kirolari ere, hein handi batean. Politika, gizarte-gaiak... aldiz, erdaraz tratatu izan dira. Ez nuke esan nahiko euskaraz landu ez direnik, baina oso modu apalean landu dira, ETB2rekin alderatzen baldin badugu. Kasurako, ETB2ko albistegien laburpena dira euskarazko albistegiak, albistegi horien ordutegiak eurak ere, nahikoa esanguratsuak dira... ez dute erdarazkoekin lehiatu gura, desorduetara daude kondenaturik: edo goizegi edo beranduegi, baina prime time delakoa saihestuz beti ere. ETB2ren eragin handiena izan da ezabatu egin duela ETB1etik ezaugarri jeneralista, alegia telebista osoa izateko aukera, desplazatu duelako erdarazko katera edukien sail esanguratsu bat. Zer eragin izan duen? Bada, handia: ETB2k bihurtu du ETB1 gaizki elikatutako bonsai. Hezurretan utzi du euskarazko katea. ETB1entzat, ez da lagun ona izan ETB2.

ETB2 kateak gutxi egin du euskararen normalizazioaren alde. Ba al zuen kate horrek beste zerbait egiterik arlo horretan?

Bai, dudarik gabe. Kontua da ETB2ri etekin politiko inmediatoa eskatu zaiola, hor finkatu dituzte beren atzaparrak lehengo eta oraingo Jaurlaritzek eta Zuzendari Nagusiek. Ez dute betarik hartu bestelako lanak agintzeko ETB2n. Itsuenak ere ikus dezake hori. Botoei begira diseinaturiko katea izan da ETB2; ez zerbitzu publiko integral, moderno eta autozentratua egiteko katea. Ajuriaeneako jostailu bat izan da ETB2, statu quoari eusteko lantresna bat… ez zaio beste lanik agindu…

Duela urte eta erdi Berrian esan zenuen ETB1en diseinua zaharkituta zegoela eta ez duela asmatzen euskaldunekin konektatzen. Zergatik ez du konektatzen euskaldunekin?

Ez du konektatzen gurekin, arrotz sentiarazten gaituelako. ETB1en, euskaraz da diskurtsoa, linguistikoki euskaraz, baina edukiak hein handi batean erabat arrotzak zaizkigu, ez daude diseinaturik euskaldunongan pentsaturik. Segidismo ikaragarria egiten du ETB1ek ETB2rena. Kopia egiten du —albistegietan adibidez—, eta zuri-beltzezkoa da kopia, mundua eta originala koloretakoak direnean. Nola egingo zaigu erakargarria hori? Nola izango da atsegina bigarren mailako herritartzat jotzen gaituen telebista bat? Hara, irratiak bestelako arrakasta du euskaldunen artean. Arrazoi asko egin daitezke horren atzean, baina bat oso nabarmena da: Euskadi Irratia askea dela Radio Euskaditik, erredakzioak eurak ere fisikoki aparte daude, eta horrek bidea ematen dio euskarazkoari beregaina izateko: bere diseinu propioa egiteko, eta bere bezeria propioa zaintzeko. Atzeko patioan bizitzera kondenatu gaitu ETB1ek euskaldunak; ETB2k erdaldunei kale nagusiari begira dagoen balkoia eman dielarik. Jakina, euskaldunak bai, baina tontoak ez gara. Horregatik ez zaigu ETB1 gustatzen, horregatik ez du gurekin konektatzen. Hartara, diseinu berria behar du ETB1ek. Diseinu horretan bi ardatz landu behar dira: bat, ETB2tik aske izatea; eta, bi, arrakastatsua izan den irratitik ikasi eta harenganako sinergiak sortzea. Horiekin, agian, aurrera egingo du ETB1ek. Horiek gabe, nekez.

Azkeneko hiru urteetan EITBko administrazio kontseiluko kidea izan zara. Kontseilu horrek eraginkortasun praktiko handirik ez du ezta?

Bai eta ez, hor ere. Kontu batzuetan, asmatu egiten du; beste batzuetan ez. Oso lerratuta dago Administrazio-kontseilu hori Legebiltzarrean gertatzen denera: han zer, hemen hura. Nik esango nuke Administrazio-kontseiluak bizi duen  barne-kontraesan nagusiak eta paralisi operatibo nagusiak zerikusi zuzena dutela Kontseiluaren beraren osaerarekin: kiderik gehienak alderdi politikoetako komisarioak dira. Ez denak, jakina; baina zati esanguratsu eta erabakigarri batean, halaxe da, izan. Kide gehienentzat, ETB da uhaletatik kontrolpean eduki behar den behorra; ez komunikabide publiko bat, gizarteari zerbitzu eman behar diona. Alderdi horretatik ikusita, Administrazio-kontseilua da Legebiltzar txiki bat. Eta ez du funtsik, horrela ezin izan operatibo. Baina, hori horrela da EiTB sortzeko Legeak hori ahalbidetzen duelako, zati batean behintzat. Legeak eskatzen du Legebiltzarrak izendatzea Administrazio-kontseiluko kideak. Ez du esaten alderdi politikoetako komisarioak izendatu behar direla... baina, tentazioa handiegia da alderdi politikoen artean, eta horixe egin izan dute alderdiek kasurik gehienetan. Hori horrela ez gertatzeko, beste kultura politiko bat behar dute gure politikariek: askeagoa. Legebiltzarrean bertan eztabaidatutako eta bertan agortutako gaiak ekarri dira maiz EiTBko Administrazio-kontseilura… gehiago Zuzendaritza Nagusia estutzeko, EiTB operatiboa sortzeko baino. Tamala da jarduera hori, toxikatua eta gaixoa. Horra hor inoperantziaren arrazoi nagusia.

Aralarrek duela urte eta erdi luze ETBk ararteko finkoa izatea proposatu zuen. Zertan lagunduko luke figura horrek?

Hedabide publiko eta modernoetan, ezinbestekoa den figura da Arartekoarena, entzule-ikuslearen babeslea izango dena. Erakunde publikoa den heinen, EiTBk badu gardentasun eta neutraltasun saihestezin eta eskisito bat gorde beharra herritarrekiko. Hori da Arartekoaren figurak bermatu behar duena. Ingurura begiratu, atzerri hurbil nahiz urrunagora, eta hor daude —izen batekin edo beste batekin— ikus-entzunezkoetako arartekoak. EiTBk badu figura hori. Baina, ez da aski garatu. Inork ba al daki EiTBk baduela arartekoa? Inork aurkitu al du modurik enpresa publikoaren web-orri berrian harekin harreman zuzenean jartzeko? EiTBk debaluatuta dauka figura hori. Eta ez da erabaki ona. Gaur, Administrazio-kontseiluko kideek txandaka -bakoitzak hiru hilabetez- betetzen dute funtzio hori. Ez da serioa... lana ondo egin guran ere, ezinezkoa den zerbait eskatzen zaio administrazio-kontseiluko txandako kideari: gaur bati eta bihar besteari. Dena delako ararteko horien lanak eta ardurak ez dute jarraikortasunik. Funtzionamendu horrek ez du aukerarik ematen gaietan janzteko eta sakontzeko, ezta ikusteko eta ikasteko ere beste telebista batzuek zerbitzu hori nola antolatua duten… EiTBk herritarrekin duen zor demokratiko bat betetzera etorriko litzateke Ararteko finko baten figura. Beharrezkoa da. Zor zaigu. Exijitu behar dugu.

Zuzendaritza honek ETB1eko eduki zuzendari kargua sortu zuen. Baina Rosa Diez Urrestarazuk bost hilabete egin zituen karguan. Beste kargu batera joan zenean, desagertu egin zen figura. Beharrezkoa al du ETB1ek zuzendari bat?

EiTBko Zuzendaritza Nagusiari proposatu zitzaion —gizarte-arlo askotatik— lan-talde bat sortzea, ETB1en edukiei buruz eztabaidatzeko. Eskatu zitzaion lan-talde horretara deitzeko telebistan eta euskal kulturgintzan jantzita zeuden hainbat pertsona. Taldea sortu zen, baina ez zuen aurrera egin. Zama guztia edukien zuzendariarengan utzi zuen EiTBk. Eta, nik dakidan apurragatik, ez zitzaien batere kasurik egin ez taldeari ezta zuzendariari ere. Entzungor egin zitzaien. Alde egin zuen Urrestarazuk. Ordezkoak-edo etorri ziren. Ez dute urrats handirik egin. ETB1en gainbehera geratzeko, eztabaida sakona behar da. Eta beldurrik gabea. Euskaldunak eurak inplikatu behar dira saltsa horretan... eta Zuzendaritzak izua izan dio horri, ez da gai izan eztabaida hori aktibatzeko. Ez da hainbeste zuzendari-aldaketa behar dena, filosofia-aldaketa bat behar du ETB1ek. Hor dago koska. Hori onartu behar du Zuzendaritza Nagusiak, eta kontsekuenteki aktuatu.

Murrizketak dauden garai hauetan, EITBn nondik murriztuko zenuke?

Ez dut ezer berririk esango, esaten baldin badut zerbitzu publiko moderno eta erakargarria eskaini behar duela ETBk. Baina, horixe da egin behar duena. Zerbitzu publiko duina eskaini bere erkidegoari, bere komunitate naturalari. Baita euskal hiztunen komunitateari, jakina. ETB2n euskarazko programak sartzea aukera bat izan al daiteke ETB pixka bat euskalduntzeko? ETB1 indartsua behar dugu, hori hasteko. ETB2n euskara sartzea ondo legoke, noski. Baina ardatza da ETB1 indartsua izatea. Horixe da erronka. Horixe da euskaldunekiko zorra kitatzeko bide nagusia.

Zer eredu planteatzen duzu ETB1erako?

Eredua baino, filosofia bat planteatzen dut. Alegia, EiTBk ulertu behar du euskaldunak hazi eta heldu egin garela —aspaldi—, adinez nagusi garela. Atzean utzi ditugula panpinak eta mekanoak… Zergak ordaintzen ditugu, eta zerbitzua exijitzen dugu.

Jose Luis Lizundiak EITBren legea gaurkotu beharraz hitz egiten du. Zer diozu zuk?

Jose Luis Lizundiak eta beste askok planteatzen dute eta dugu EiTBren legea gaurkotu behar dela. Hogeita hamar urte bete ditu erakundeak, asko aldatu da mundua, gizartea, informazioa, teknologiak... Txorakeria da, baina EiTB sortu zenean, eskuko telefonoa izan zitekeenik ere ez genuen asko uste, eta telefono hori smart telephon bat izango zenik are gutxiago... Alegia: telefonoa patrikan? Eta, telefonoa telebista ikusteko? Ba atera kontuak… Dinosauro batek diseinatutako telebista-egitura dugu: interesgarria paleoantropologoentzat..., baina batere praktikoa ez dena gaur egun.Lege berriak ahalbidetu beharko luke: bat) irizpide profesionalak eta ofizioari dagozkionak gailentzea EiTBko erabakiguneetan; bi) autonomia nahikozko bat erakundearentzat, EiTBk bere bizitza diseinatzeko, Legebiltzarreko tirabiretatik aske; hiru) egitura malgu bat, ikus-entzunezko sektoreko gainerako eragileekin beharrezkoak diren sinergiak sortzeko eta garatzeko.

Aste honetan EITBko administrazio kontseiluak erredakzio estatutua onartu du. Zer onura ekar diezaioke horrek EITBri?

Lan tresna interesgarri bat da. Informazio ekoizpenean baliagarria izango da. Gainera, oraingo egoera hobetzeko balioko du. Iraganean zentsura akzio batzuk egon izan dira eta horiek gainditzeko baliagarria izango da. Informazio kudeaketan demokratizatzeko ere ona izango da, joko arau eta joko zelai bat markatzeko.

Desoreka bat badago Eusko Jaurlaritzak ETBrentzat ematen duen dirua eta tokiko euskarazko kateentzat ematen duenaren artean. Aurten ETBrentzat 124 milioi eta euskarazko tokikoentzat milioi erdia (zazpi kate). Nola baloratzen duzu desoreka hori?

Desoreka diozu… lasai hitz egiteko gaia da. Telebista publiko bati buruz eta zazpi telebista pribaturi buruz ari zara... ez dut uste gai hori horrela planteatu daitekeenik... Bi gurdi dira horiek, eta gurdi bakoitzak bere atoia behar du. Laguntza behar dutela telebista pribatuek? Dudarik ez. Beste inork ematen ez duen edo eman ezin duen zerbitzu publikoa ematen duten heinean, gainbegira eta diru publikoa zor zaizkie, noski. Lan handia egiten dute euskararen alde, euskaldungoa kohesionatzearen alde. Beraz, arbitratu behar da moduren bat telebista pribatu horiek gehiago jaso dezaten, baina ez telebista publikoaren diru-sarrerak oztopatuta. Ez da hori bidea. Niri, behintzat, ez dit barrenak hala agintzen. Aipatzen dituzun zenbaki horiek ez dira inoren gustukoak, ez dira euskaldunen gustukoak, ez dira nire gustukoak. Ez ditut nik erabaki, ezta EiTBk berak ere... baina, ez dezagun ahaztu bat erakunde publikoa dela; eta besteak, pribatuak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.