politika

Abian da Sortu eratzeko prozesua

Gaur aurkeztu dituzte, Donostian, prozesuaren nondik norakoak 250 'sortzaile' inguruk. Iragarri dutenez, Euskal Herri osoko "ezkertiar independentisten bilgune politiko berria" izango da antolakunde hori, eta "iraultza demokratikoa martxan jartzea" izango du fase politiko berrirako helburua. Datorren astean hasiko dituzte herri eta auzoetako batzarrak, eta otsailaren 23an egingo dute lehen kongresua.

Hodei Iruretagoiena.
2012ko azaroaren 10a
17:30
Entzun

Donostiako Zientzia Museoan aurkeztu dituzte Sortu ezker abertzaleko alderdia eratzeko prozesurako oinarri nagusiak, izaerari zein metodologiari dagozkienak. "Euskal Herri askearen alde lanean eta borrokan diharduten independentista eta sozialisten herritar batasun historikoaren adierazpen politiko berria" izango da antolakunde hori; zehazki, "Zutik Euskal Herria ebazpenaren adierazpen politikoa, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea jasoko duena".

Ezker abertzaleko hainbat arlo eta belaunalditako militanteak izan dira aurkezpenean; besteak beste, Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Maite Aristegi, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Bakartxo Ruiz, Joseba Alvarez eta Joseba Permach.

Ugarteburuk azaldu duenez, 300 lagun inguruk hartu dute parte joan den udaberrian abiatutako prozesuan, eta haiek jasotako ekarpen guztiekin osatu dituzte eztabaidagai izango diren txostenak. Aurreikusi dutenaren arabera, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako 293 herritan egingo dituzte eztabaidarako batzarrak, hiru txandatan: azaroaren 17tik 24ra bitartean eztabaidatuko dituzte oinarri ideologikoak; abenduaren 15ean ildo politikoa; eta urtarrilaren 26an antolaketa eredua.

Esku artean zuten lehen txosten aurkezpenean izan direnek, oinarri ideologikoak eta antolaketa eredua biltzen dituena. Izan ere, herriz herriko banaketa egina dute, eta Interneten ere ikus daiteke. Eztabaiden ostean, otsailaren 9an egingo diren hauteskundeen bidez hautatuko dituzte barne kargu guztiak eta txostenei egindako ekarpen eta zuzenketak.

Gaur argitutako xehetasunak Hego Euskal Herriko lau lurraldeei dagozkie, baina Ugarteburuk argitu du nazio osokoa izango dela Sortu. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan beste bat izango da eztabaiden egutegia, baina otsailaren 23ko kongresuan egingo dute bat lurralde guztiek.

"Iraultza demokratikoa"

"Fase politiko berria Euskal Herrian iraultza demokratikoa egiteko baliatu behar dugu", adierazi du Barrenak. Bide horretan, "lehentasunezkotzat" jo dute Euskal Herria subjektu politiko gisa onartuko duen eta erabakitze eskubidean oinarrituko den esparru demokratikoa lortzea. Dena den, Barrenak zehaztu du "kamuflatutako diktadura politiko eta ekonomikoak" baino ez direla gaur egun demokraziatzat hartzen diren ereduak, eta ezinbestekotzat jo du "herritarren parte hartzea bermatuko duen gizarte eta instituzio eredua" bultzatzea.

Horretarako bitarteko izan nahi du antolakunde berriak, Barrenaren hitzetan: "Sortuk ez dio lekurik hartzen utziko ez neoliberalismoaren goroldioari, ez eta Espainia eta Frantziaren herdoilari. Aurrez aurre izango gaituzte; zin egiten dugu". Horrela, beren burua ezkertiar eta independentistatzat duen eta Zutik Euskal Herria ebazpena bere egiten duen oro gonbidatu dute prozesuan parte hartzera, "aurrez ezker abertzaleko kide izan ala ez".

Iazko otsailaren 7an aurkeztu zituen Sortuk bere estatutuak, eta joan den ekainaren 20an legeztatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.