etxe kaleratzeak

Etxetik kaleratzekoa zuten gizon batek bere buruaz beste egin du Donezteben

Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak eman du berria. 59 urteko gizon bat da hildakoa. Justiziako iturriek esan dute 4.200 euroko zorra zuela, alokairuagatik. Azaroaren 9an, Barakaldon, emakume batek bota zuen bere burua leihotik kasu beragatik. 19:30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, etxe kaleratzeen eta murrizketen kontra.

2012ko azaroaren 28a
20:56
Entzun

Etxetik kaleratzekoa zuten lagun batek bere buruaz beste egin du Donezteben, goizean, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak jakinarazi duenez. Alokairuan bizi zen, bikotekidearekin, eta Justiziako iturriek esan dute 4.200 euroko zorra zeukala.

Gizonezkoa da hildakoa —Manolo Reguera—, 59 urtekoa.

Nafarroako Auzitegiak eman zuen gizona etxetik bidaltzeko agindua, eta gaur bertan ziren agindua ezartzekoak. Horrelako arazoak dituzten lagunentzako Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen bitartekaritza lanetarako laguntzarik ez zuen eskatu biktimak, exekutiboaren arabera.

Azaroaren 9an, Barakaldon, Amaia Egaña 52 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen, etxetik kaleratzear zirela.

Bihar, hain justu, Espainiako Kongresuan eztabaidatu eta bozkatzekoak dira PPren gobernuak aurkeztutako dekretua, etxe kaleratzeei aurre egiteko. Hainbat gizarte eragilek salatu dute eragin murritza izango duela, kaleratzea bertan behera uzteko gobernuak jarriko dituen baldintzak oso familia gutxik betetzen dituztelako.

Manifestazioa Iruñean

19:30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, etxe kaleratzeen eta murrizketen kontra. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta. ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, EHNE eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte mugimenduk antolatua zuten protesta, gaurko heriotzaren berri izan aurretik. SOS Arrazakeria, Nafarroako M15, Langabetuen Batzarra, Mugarik Gabe elkartea, Ikasle Abertzaleak, AHT Gelditu! Elkarlana, Bilgune Feminista eta Ekologistak Martxan daude deitzaileen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.