Urkullu, lehendakari

Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu dute EAJko kidea, jeltzaleen 27 botoak jasota, gehiengo soilez. Mintegik EH Bilduren 21 botoak jaso ditu, eta PSE, PP eta UPD abstenitu egin dira. Urkulluk esan du "akordioaren legealdia" izatea duela helburu, eta espero du "denon artean autogobernuaren indartze lanean" ariko direla. Larunbatean izango da Urkulluk kargua hartzeko ekitaldia, Gernika-Lumon, eguerdian. erriatb]http://www.berria.info/berriatb/1637/[/Berriatb]

2012ko abenduaren 13a
10:00
Entzun

Auto ilarak izan dira Bilbo irteeran, eta ordu laurdenez atzeratu behar izan dute saioaren hasiera. Lehen bozketan ez bezala, gehiengo sinplea nahikoa izan du Urkulluk. Inbestidura saioko lehen jardunaldian EAJren 27 legebiltzarkideen babesa jaso zuen; Mintegik EH Bildukoen 21ena. UPD, PP eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Emaitza horiek errepikatu dira berriro.

Bitxikeria gisara, bozkatzen nor hasi aukeratzeko zozketa egin dute, eta Urkulluri egokitu zaio aurrenekoa izatea. 

Frankismoaz geroztik, Jaurlaritzako bosgarren lehendakaria izango da Urkullu, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Lopezen ostean. Aurretik Agirre eta Leizaola izan ziren lehendakari. 

Larunbatean hartuko du kargua, Gernikan-Lumon, 12:00etan. Kargua hartzerakoan litekeena da orain arte erabili diren formulei iskin egin, eta beste batekin hartzea. Orain dela hiru urte arte lehendakariek Agirre lehendakariak erabili zuena erabili ohi zuten. Lopezek horri kutsu erlijiosoa zeriolako aldatu egin zuen. Urkulluk bien arteko beste bat erabiliko du ziurrenik.

"Akordioaren legealdia" izatea helburu

"Hunkituta", hitza hartu du Urkulluk lehendakari aukeratua izan berritan. Esan du hasi berria den legealdia "akordioaren legealdia" izatea helburu duela, eta espero du "denon artean Euskadiren autogobernuaren indartze lanean" ariko direla. Halaber, hitza eman du saiatuko dela "hiritar guztiak bizi dezaten Euskal Autonomia Erkidegoan politikariak zerbitzua emateko lanean" ari direla.

Hitzaldia amaitu eta azken legealdiko Jaurlaritzako lehendakari Lopez izan da Urkullu zoriontzen lehena. Ondoren, banan-banan agurtu ditu talde parlamentario guztietako buruak: Basagoiti, Maneiro eta Mintegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.