Albistea entzun

Hondakinak

Nafarroako hondakinen plana baliogabetu dute auzitegiek

Errauste planten moduko azpiegiturak ezin dira ekimen pribatuen esku utzi, eta hondakinen kudeaketa planek jaso behar dituzte halako azpiegituren kokapenei buruzko xehetasunak, epaiak dioenez. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako mankomunitateak jarri zituzten helegiteak. Plan berria egin beharko du gobernuak.

Mikel P. Ansa -

2013ko urtarrilak 30 14:05

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du herrialde horretako hondakinen kudeaketarako plana —Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratua 2010-2020—. Urtarrilaren 10ean eman zuen ebazpena auzitegiak, eta aste honetan argitaratu du. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako mankomunitateak jarri zizkioten helegiteak planari, bide administratibotik. Arrazoia eman die auzitegiak.

Epaileak zehaztu du lau hilabete baino gehiago igaro zirela planaren ingurumen eraginaren ikerketa aurkeztu zenetik ingurumen eraginaren adierazpena osatu zenera. Prozedura akats bat dela eta, hondakinen planak 10/1998 legearen bosgarren artikulua urratzen du. Sustrai Erakuntza fundazioak eman du auzitegien ebazpenaren berri.

Prozedura akatsak gorabehera, "oinarrizko kontua" beste bat da, Sustrai Erakuntza fundazioaren esanetan. Hondakinei buruzko Nafarroako, Espainiako eta Europako legeek zehazten dute hondakinak tratatzeko azpiegituren kokapenari eta eraikuntzari buruzko xehetasunak jaso behar dituztela kudeaketa planek. Eta ezin dutela, inondik ere, kokapen hori ekimen pribatuaren esku utzi. "Hori da, hain justu, orain gertatzen ari dena Olatzagutiko Cementos Portland lantegiko errausketa proiektuarekin", azaldu du Sustrai Erakuntzak.

Baldintza horiek betetzea "funtsezkoa" da herritarren osasuna eta ingurumena babesteko, fundazioaren arabera. Administrazio publikoek jakin behar dute eta erabaki behar dute non kokatuko diren azpiegiturak, zer-nolako eragina izango duten aztertzeko eta kontrolatzeko. Nafarroako hondakinen kudeaketa planak ez duela puntu hori aintzat hartzen eta Justizia Auzitegi Nagusiak horregatik baliogabetu duela plana adierazi du fundazioak.

Plana egokitu, edo kokapena zehaztu

Horregatik, planak errauste plantaren kokapen zehatza jaso eta aztertu behar zukeela erabaki du epaileak, eta kudeaketa plana onartzeko erabakia baliogabetu du. "Horrek Nafarroako Gobernua behartzen du plan berri bat egitera, edo, bestela, plan hark proposatzen zuen errauste plantaren kokapena zehaztera", nabarmendu du Sustrai Erakuntzak.

Auzitegiek hartutako erabakiaren ostean sortutako egoera bideratzeko eskatu die fundazioak alderdi politikoei. Errauste planta batek izango lukeen eraginkortasun soziala eta ekonomikoa neurtzeko eta lurraldean eta ingurumenean izango lukeen eragina aztertzeko eskatu die.

Hondakinen kudeaketa plana 2010ean onartu zuen gobernuak, eta errauste planta bat eraikitzeko egitasmoa jasotzen zuen. Egitasmoak paperean idatzirik iraun du, baina ez ekintzetan. PSN oraindik Nafarroako Gobernuan zenean, iazko martxoan, errauste planta bertan behera utziko zuela iradoki zuen gobernuak. Harrezkero, Olatzagutiko Cementos Portland lantegian hondakinak errausteko baimenak eman ditu Nafarroako Gobernuak, UPNren eskutik; errauste plantaren eraikuntzari ekiteko urratsik batere ez du egin, ordea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.