Albistea entzun

Urgazle berrien zenbait datu

 

Berria -

2013ko otsailak 25

1. Iñaki Aldekoa Beitia. Oñatin (Gipuzkoa) jaioa, 1961ean. EHUko irakasle titularra (Unibertsitate-Eskolako katedradun) eta doktore. Euskal literaturari buruz ikerketa asko argitaratu ditu. Hona bere liburuetako batzuk: Antzarra eta ispilua (1992); Antologia de la poesía vasca (1993); Euskal ipuinen antologia bat (1993); Zirkuluaren hutsmina (1993); Munduaren neurria (1998); Mendebaldea eta narraziogintza (1998); Historia de la literatura vasca (2004); Euskal literaturaren historia (2008). Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

2. Kaxildo Alkorta Barrena. Getarian (Gipuzkoa) jaioa, 1943an. Filosofian lizentziaduna.  Portugaleten bizi da, orain urte asko. 1969an, ikastolaren alde hasi zen lanean, eskolak ematen. Ondoren, HAEEren, itzultzaile lanean aritu zen, 25 urtez. Mendebalde Kultura Alkarteko presidentea da,  2010etik. Administrazioa Euskaraz aldizkarian argitaratzen ditu artikuluak. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

3. Iñaki Amundarain Arana. Donostian jaioa, 1966an. Euskal Filologian doktorea. Bigarren Hezkuntzako irakasle, azken hamazazpi urteetan Lazkaoko San Benito Ikastolan. Bertan, Euskara eta euskal literatura gaiaren eta Hizkuntza normalizazioaren arduraduna da, besteak beste.  Hainbat artikulu argitaratu ditu, besteak beste Behar izan + partizipioa: geroaldiko balioaz artikulua (Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez liburuan) eta "Juntadura”, Sareko Euskal Gramatika argitalpen digitalean. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

4. Nagore Etxebarria Etxebarrena. Bilbon jaioa, 1974an. Euskal Filologian lizentziaduna. Labayru Ikastegiko langilea da. Gaur egun, Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik. Gaztelania-Euskera Hiztegigintza proiektuaren koordinatzailea eta idazketa taldekoa da, Labayrun. Laster argitaratuko den Frantziskotarren artxiboak. Euskarazko sermoi eta antzeko eskuizkribuen katalogoa (XVIII-XX) liburuaren egilea da. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

5. Beatriz Fernández Fernández. Portugaleten (Bizkaia) jaioa, 1964an. Euskal Filologian doktorea. EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle eta ikertzailea da. Basdisyn, Basque Dialect Syntax euskal hizkeren sintaxia aztertzen diharduen ikerketa-taldeko burua da, Ricardo Etxeparerekin batera. Urteotan EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako MINECOk diruz lagundutako zenbait ikerketa proiekturen buru izan da eta gaur egun ere ikerketa-proiektu bat zuzentzen du MINECOren babesean, euskararen hizkeren gramatika bat egin asmoz.
Artikulu askoren egilea, bakarka eta elkarlanean. Bi liburu eman ditu argitara Jon Ortiz de Urbinarekin batera,  Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan (2007, UEU) eta Datiboa hiztegian (2010, EHU). Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

6. Juan Garzia Garmendia. Legazpin (Gipuzkoa) jaioa, 1955ean. Idazle eta itzultzailea. EHUko Euskara Zerbitzuan egiten du lan, eta, lanpostu horretatik, Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumaren zuzendari eta hizkuntza-arduraduna da. EIZIEko lehendakari ere izana da. Senez aldizkariko idazketa-batzordeko kide da. Bere liburuetako batzuk: Akaso (1987) eta Itzalen itzal (1993) ipuin liburuak eta Fadoa Coimbran eleberria (1995). Itzultzaile bezala, berriz: Bartleby izkribatzailea (1991) William Shakespeareren Soneto hautatuak ( 1995), Jorge Luis Borgesen Ipuin hautatuak (1998; Itzulpengintzako Euskadi Saria 1999an), Samuel Becketten Godoten esperoan (2001), Juan Rulforen Pedro Paramo (2001) eta abar. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.

7. Antton Gurrutxaga Hernaiz. Donostian jaioa, 1958an. Zientzia Kimikoetan lizentziaduna. Elhuyarren lan egiten du. Elhuyar  Fundazioaren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren argitalpen berrituaren zuzendaria izan zen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Zientzia eta Teknikarako Euskara Arautzeko Gomendioak argitalpenaren lantaldeko kidea. 2008tik Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia corpus-proiektuaren Elhuyarko arduraduna. ItzulTerm, itzulpen-memorietatik termino baliokideen bikoteak erauzteko Internet Zerbitzua proiektuaren zuzendaria. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batzuko lantaldeko eta Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko egitasmoko kidea da.

8. Patxi Juaristi Larrinaga. Markina-Xemeinen (Bizkaia) jaioa, 1967an. Soziologian doktorea. EHUko irakaslea da, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Euskal kulturari buruz, euskaldunon baloreei, euskarari eta, orokorrean, hizkuntzei buruzko zenbait ikerketa, artikulu eta liburu argitaratu ditu. 2006. urtetik, Gerra Zibilari loturiko hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu. 2000. urteko Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria irabazi zuen Euskal Herria Globalizazioaren aurrean liburuarekin, eta 2009an, Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saria Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila liburuagatik. Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kidea da.

9. Gerardo Luzuriaga Sanchez. Nazarren (Nafarroa) jaioa, 1956an. Filosofia eta Letretan lizentziaduna, Geografia eta Historia arloan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailean, Liburutegia, Dokumentazio gune eta Artxibo zerbitzuaren arduraduna da. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kide. Euskadiko Liburutegien Aholku batzordekoa. Besteak beste, liburu hauen egilea da: Oñatiko Unibertsitatea, bertako liburutegiaren bidez: XVI mendea: Historia, irakaskuntzako metodoak, bizitza akademikoa, ikasgaiak eta zentsura, eta Oñatiko Unibertsitateko liburutegiko XVI. mendeko inpreso eta inkunableen katalogoa. Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako batzordeko kidea da.

10. Elena Martinez de Madina Salazar. Gasteizen jaioa, 1962an. Euskal Filologian lizentziaduna. “Topodok” Hizkuntz Zerbitzuak eskaintzen dituen enpresan lan egiten du. Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean egiten ari den Gasteizko Toponimia egitasmoko ikertzailea da. Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura aldizkariaren Erredakzio Kontseiluko kide. Artikulu askoren egilea da. Azkena, Roberto Gonzalez de Viñasprerekin batera, Observaciones para una delimitaciòn de la lengua vasca en Álava izenburukoa, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitara emanda. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da.

11. Felix Mugurutza Montalban. Laudion (Araba) jaioa, 1965ean. Euskal Filologian lizentziaduna. Laudioko Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako teknikaria. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen aginduz, hainbat herritako toponimia bilketa lanetan aritu da, horien artean Orduña, Gorliz, Aiara, Zaratamo edota Zamudio. Etnografia, antropologia, arkeologia, historia, edota toponimia bezalako gaiak jorratzen dituen Aunia aldizkariko zuzendaria. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da.

12. Manu Ormazabal Galarza. Igorren (Bizkaia) jaioa, 1956an. Zinpeko itzultzailea. Euskara itzultzailea da, Bilboko Udalean. Administrazioko 4. hizkuntza-eskakizuneko aztertzailea da. Mendebalde Kultura Alkarteko kide. Besteren artean, Euskara-Swahili, Swahili-Euskara. Hiztegi Txikia hiztegiaren egilea da, eta ipuinak eta kontakizun laburrak ere argitara eman ditu Pérgola, Txistulari, Hemen eta Susa aldizkarietan. Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldeko kidea da.

13. Erramun Osa Ibarloza. Zizurkilen (Gipuzkoa) jaioa, 1964an. Euskaltzaindiaren idazkariordea da, 2011ko urtarriletik. 1991-2001 aldian Bizkaiko AEK-ko arduraduna izana da. 2001. urtetik aurrera Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduraduna izan da. 2007-09 aldian Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria izan da. Ikastolen Konfederazioak, Elkarrek eta Elhuyarrek 2009-2010 aldian garaturiko euskal entziklopediaren prototipoaren egitasmoaren zuzendaria izan da. Soziolinguistikaz, euskararen ikaskuntza eta ikaskuntza prozesuez ikertu eta idatzi du. Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko idazkaria da.

14. Iratxe Retolaza Gutiérrez. Donostian jaioa, 1977an. Euskal Filologian lizentziaduna. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Euskal Filologia Sailean irakasle. Euskaltzaindiaren Euskal Literaturaren Antologia atontzen dihardu gaur egun, Literatura Ikerketa batzordearen barruan. Zenbait ikerketa proiektutan hartu du parte, eta argitalpen —liburu atalak, artikuluak, irakasmaterialak— askoren egilea da. Besteak beste, 90eko hamarkadako narratiba berria: literatur kritika eta Malkoen mintzoa. Eleberrigintza eta Arantxa Urretabizkaia liburuak idatzi ditu. Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.