Albistea entzun

Emakumeen nazioarteko eguna

Ez da aski baliabide Martuteneko preso andrazkoentzat

Gainerako kartzeletan bezala, Donostiakoan ere presoen arta ez dela ona ondorioztatu du Emakunderentzat eginiko ikerketa batek. Elkarrizketatutako preso ohiek diote oso garrantzitsua dela lanerako aukerak izatea. Gipuzkoako Hitzak gaia landu du erreportaje batean.

Onintza Lete Arrieta / Gipuzkoako Hitza -

2013ko martxoak 8 10:44

"Donostiako Martuteneko kartzelan emakume presoei ez zaizkie beharrezko tresnak eskaintzen beraien autonomia hobetu dadin, eta aske geratzen direnean beraien autonomia maila ez da  espetxeratu aurrekoa baino hobea". Horixe da Emakunderentzat egindako ikerketa batek ondorioztatu duena. Emakumezko preso ohiak, hauskortasuna eta autonomia izeneko ikerketa lana Hego Euskal Herriko espetxeak kontuan hartuta egin dute bost emakumezkok. Edurne Bengoetxea donostiarra eta Laura Vara pasaitarra dira egileetako bi. 2011. eta 2012. urteen artean egin zuten azterlana, eta hemeretzi emakumeren testigantzak jaso zituzten bertan. Andrazkoek jasaten duten diskriminazio anizkoitzaren inguruko beka bat atera zuen Emakundek, eta espetxe arloa aukeratu zuten ikerlariek azterlana egiteko. 

Martuteneko kartzelako emakumezkoen moduluan egondako sei emakume elkarrizketatu zituzten, eta espetxe horren inguruan lan egiten duten hainbat erakunde eta elkarterekin ere hitz egin zuten. Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren partetik, apenas lortu zuten argibiderik: "Behin eta berriz eskatu genizkien datuak, baina ez ziguten ezer eman. Espetxera sartzea ere eskatu genuen, lana egiteko aberasgarria iruditzen zitzaigun, baina ezezkoa eman ziguten. Ikerketa Emakunderentzat egiten ari ginela esan arren, alferrik izan zen".

Martutenekoa "espetxe berezia" dela azaldu dute; oso txikia da, eta bertako arauak beste hainbat kartzelatakoak baino malguagoak direla nabarmendu dute Bengoetxeak eta Varak. Hala ere, balorazioa ezkorra da: "Defizitarioa da zentzu guztietan". Espazio aldetik, adibidez: "11 ziega bikoitz ditu, baina 22 preso baino gehiago egon ohi dira normalean". Osasun arloan zer hobetua badagoela uste dute, eta bereziki andreei eskaintzen dizkieten erremintei dagokienez "hutsune nabarmenak" atzeman dituzte. "Hainbat elkarte eta erakundek lan egiten dute kartzelan, baina ez dute sustatzen emakumeak autonomoak izatea kalera ateratzen direnerako. Erakundeen bidez egiten diren gauzak ez daude horretara bideratuta".

Espetxe barruko egoeraren adierazgarri diren emakumeak elkarrizketatu nahi izan dituzte: "Etorkinak daude, alde batetik; ijitoak —horiengana iristea ez da oso erraza, askotan ez direlako gizarte zerbitzuetara joaten familiaren babes handia dutelako—; droga menpekotasun handia dago, eta talde hori ere hartu dugu kontuan; eta nahiz eta egoera oso desberdinean egon, preso politikoen taldea ere nabarmendu nahi genuen". Emakume horien egoera aztertu dute, hiru momentu kontuan hartuta: kartzelara sartu aurreko egoera, espetxealdikoa eta berriro aske geratu direnekoa. "Gure ondorioetako bat izan da andre hauek hauskortasun egoera batean zeudela kartzelara sartu aurretik, eta espetxealdiak areagotu egin duela hori guztia; diskriminazioak areagotzen ditu, eta kanpora ateratzen direnean, preso ohia izatea oztopo bat da beraien autonomiarentzat", dio Varak.

Autonomia, ekonomiari lotua

Autonomiaz hitz egitean, hainbat alor hartu dituzte kontuan: autonomia ekonomikoa, fisikoa –autoestimua eta norbere gorputzari buruzko eskubideen jakitun izatea– eta gizarte eta kultura arloko autonomia. Ondorioa argia da: "Elkarrizketatu ditugun emakumeen arabera, sartzerakoan autonomia baxua zuten, hau da, lan prekarioak, ezegonkorrak, gaizki ordainduak zituzten; zaintza emakumeen gain zegoen, indarkeria jasan zuten batzuek, eta gehienak ez ziren etxebizitzaren eta halako ondasunen jabe". Espetxetik irtetean ere, egoera iluna: "Gutxienez sartu aurreko zailtasunak zituzten, eta horiei gehitu behar zaie aurrekariak izatea, horrek sortzen duen estigma, eta bidean galdutakoa: besteak beste, etorkinen kasuan paperak, eta ama direnek seme-alaben jagoletza zenbaitetan".

Elkarrizketatutako emakumeek lanaren garrantzia nabarmendu dute, batez ere. Laguntza alor horretan behar dutela jakinarazi dute. "Ateratzen direnerako diru iturri bat egotea oso garrantzitsua da, eta lan bat aurkitzea ezinbestekoa da; hori da, batez ere, denek azpimarratzen dutena: espetxean eta handik ateratzean lanari lotutako erreminta gehiago eta egokiagoak jartzea beraien eskura". Argi daukate: "Preso egondakoek ez dute uste gizarteratzeko beharrik dutenik, lan duin bat baizik. Hor ikusten dute arazoa". Espetxeko esperientzia bakoitza desberdina izan arren, ikerketan parte hartu duten preso ohi guztiek esan dute kartzelak ez duela ezertarako balio eta ez dituela bere helburuak lortzen. "Hortaz, hor lan asko dago egiteko, eta emakumeen kasuan gehiago, gizartean dauden diskriminazioak espetxean ere badaudelako. Gizartearen ispilu dira espetxeak".

Ikerketaren arabera, egoera ekonomikoak bultzatuta egindako delituengatik daude espetxean andrazko gehienak. "Osasun publikoaren kontrako delituengatik zigortu dituzte emakume gehienak, ez dira beste munduko delituak, eta ezartzen zaizkien zigorrak gizonenak baino altuagoak dira. Beraz, hausnartu behar dugu dagoen pentsamenduaz, jendea sentsibilizatu behar dugu, beste diskurtso batzuk ere garatu behar ditugu, publiko egin behar ditugu, emakumeak kontuan izan behar ditugu, haien ahotsa entzun behar dugu, eta eragile gisa hartu behar ditugu", adierazi dute Bengoetxeak eta Varak.

Bakardadeari eta erruduntasunari buruzko gogoeta ere egin dute ikerketan. "Normalean, gizonekin alderatuz, bisita gutxiago jasotzen dituzte emakumeek. Bakardade handiagoa sufritzen dela esaten da, batik bat emakume etorkinen kasuan, askotan familiarik ez dutelako hemen. Eta ateratzen direnean harremanak berreskuratzea kostatu egiten da, estigma hor dagoelako. Zama handia da", azaldu du Bengoetxeak. Gainera, "gizonek ez bezala", emakumeek erruduntasun sentimendua izan ohi dute: "Familiaren arduradun sentitzen direlako; familiari huts egin diotela esan digute gehienek". 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.