Joxe Beobide (Zigoitiako azken euskaldun zaharra)

"Euskaldunari ez diote maitasunik izan"

Arabako Zigoiti herriko azken euskaldun zaharra da Joxe Beobide; bizitza osoan artzain aritua eta gerra garaian preso ibilitakoa da, langileen batailoi batean, eta ondo gogoan ditu euskaraz berba egiteagatik jasandako zigorrak. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1729/?cc=1[/berriatb]

gotzon hermosilla
2013ko martxoaren 24a
16:54
Entzun

Ez da ohikoa astegun buruzuri batean goiz-goizetik auto ilarak izatea Murgiako sarreretan (Araba), ezta kalean hainbeste jende ikustea ere. Zerbait gertatzen da, antza denez. Misterioa laster argituko da: Korrika, euskararen aldeko lasterketa, minutu gutxi barru pasatzekoa da. Azkenean, iritsi da korrikalarien multzoa, doinu eta euskararen aldeko oihuen artean. Jende asko batu zaie, umeak eta gazteak batez ere. Herriko kale nagusiak zeharkatu ostean, bere bideari lotu zaio Korrika, Murgiako korrikalari gazteak atzean utzita. Eskolarako bidean, lasterraldian parte hartu duten umeak euskaraz ari dira euren artean.

Batzuetan, patuak horrelako kasualitateak izaten ditu. Arabako euskararen iragana hobeto ezagutzeko hitzordua egin eta, bidean, Arabako euskararen etorkizunarekin topo egitea kasualitatea izan daiteke, baina esanahiz beteriko kasualitatea da, inondik ere. Joxe Beobide Garmendia (1920, Zigoitia, Araba) Murgian bizi da aspaldian, Sortze Garbiaren mojek han daukaten adinekoen egoitzan, baina, berez, Zigoitikoa da: bizirik gelditzen den Zigoitiko azken euskaldun zaharra.

Gerra, presoaldia, zigorra eta behartutako lana nozitu zituen Beobidek gaztetan, hark dioen moduan, "ideiak" eta "politika kontuak" zirela kausa. Horren ostean, artzain ibili zen urte askoan, eta Gorbeiaren magalean ardiak gobernatzea, ogibide ez ezik, bizimodu ere bilakatu zitzaion. Orain, 93 urte dituela, adinaren ajeak pairatzen hasita dago, eta osasunez makal dabilela esaten du behin eta berriro, baina tinko eusten dio etxean ikasitako euskarari. Garai batean gauza gehiago gogoratzen zituela esaten du; orain, berriz, buruak traizioa egiten dio noiz edo noiz. Hark dioen moduan, "adinak ez du barkaziorik". Hala ere, galderei erantzun die, erdara eta euskara tartekatuz, beharbada oso kontziente izan gabe egoitzaren harresietatik kanpo badaudela hark 93 urtez atxiki duen euskararen lekukoa hartzeko prest dauden gazteak.

Non eta noiz jaio zinen?
1920an, Zestafe herriko San Pedro auzoan [Zigoitia, Araba]. Han bizi izan naiz beti. Nire bizitza han eman dut. Aita Dimako Durangokorta auzokoa zen [Bizkaia], eta ama, berriz, Elosukoa [Legutiano, Araba]. Sei neba-arreba ginen, ni bosgarrena; baneukan arreba bat, ni baino gazteagoa zena. Guztietatik ni naiz bizirik dagoen bakarra.

Garai hartan euskara entzuten zen Zigoitian?
Ez. Gu euskaldunak ginen. Etxean erdaraz egiten genuen, baina aitarekin, beti euskaraz, aitak erdararik ez zekielako. Eta herrian ez zegoen euskaldunik, gu besterik ez.

Gazterik hasiko zinen beharrean.
Bai, etxean. Behiekin, ardiekin, behorrekin eta abarrekin.

Gerrak ere oso gazte harrapatu zintuen.
Gerran preso egon ginen, langileen batailoian. 11. batailoia zen hura, lehenengo konpainia. Urteak eman nituen han. Urte bi eman nituen, hiru ere beharbada bai. Frontean egon ginen, trintxerak egiten.

Zer dela-eta atxilotu zintuzten?
Ni harrapatu ninduten beste edozein harrapa zezaketen bezala. Preso hartu ninduten, eta hara. Gu nazionalistak ginen, eta, badakizu, ideiengatik. Haiek badakite zer zaren, eta harrapatu egiten zaituzte. Gerran hori gertatzen zen.

Non egon zinen langileen batailoian eman zenuen garaian?
Madrilgo inguru denean: Pinto, Valdemoro eta abar. Inguru osoan. Gero, Teruelen, Villarreal de Huervan [Zaragoza], Gaztela osoan, San Pedro de Cardeñan [Burgos]... Leku askotan egon ginen. Erresidentzian nengoela, behin txangoa egin genuen San Pedro de Cardeñara, eta hango inguru guztiak gogoratzen nituen.

Bizimodu gogorra izango zen hura, ezta?
Bai, oso gogorra. Politika kontua zen dena. Euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen. Ni zigortuta egon nintzen euskaraz hitz egiteagatik; 30 bat kiloko zama eraman behar izan nuen zaku batean hiruzpalau egunez.

Euskaldun gehiago zeuden batailoi hartan?
Bai, asko. Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak.

Zertan aritzen zineten langileen batailoian?
Trintxerak egiten genituen, metrailadore zuloak eta abar. Gerrarako lanak izaten ziren denak. Eta gorpuak batzen eta lurperatzen ere aritu ginen. Fronteetan, gorpuak kamioietan ekartzen zituzten, zama irauli, eta gu, lurperatzera. Oso gogorra zen hori, oso gogorra. Dena dela, gerraren garaiko gauza asko ahaztuta dauzkat dagoeneko. Burua ez dago gauza askotarako.

Zer egin zenuen libre gelditu zinenean?
Etxera itzuli nintzen, San Pedro auzora. Han artzain aritu nintzen, ardiekin, Gorbeia aldean.

Bizimodu hori ere gogorra al zen?
Bai, nahiko gogorra. Elurra botatzen zuenean nahiko txarto ibiltzen ginen. Gerrirainoko elurtearekin eta ardiekin ibili behar izatea gogorra da. Alderdi batzuetan otsoak ere egoten ziren. Guk arakatzeak egiten genituen, otsorik ote zegoen ikusteko. Horretan eman dut bizitza, ardiekin, gazta egiten eta saltzen eta abar. Hori izan da nire bizimodua.

Eta beti Gorbeia aldean?
Bai, beti. Hori zen gure mendia. Gorbeia bi daude, bata, Gorbeia Txiki, Oketa izena duena, eta bestea, Gorbeia Handia. Gu bietan ibiltzen ginen.

Artzain asko zineten Gorbeian?
Bai, nahikotxo, Bizkaikoak eta Arabakoak. Asko batzen ginen. Bizkaikoekin euskaraz egiten nuen, eta Arabakoekin, berriz, erdaraz. Arabakoek ez zekiten euskaraz.

Baina hori aldatu da. Orain, euskara gehiago egiten da Araban.
Bai, gazteek-eta, eskolan ikasi dutenek gehiago egiten dute euskaraz. Baina nire garaian debekatuta zegoen. Ni han ibili nintzen, 30 kiloko zakuarekin, eta ilea arrasean moztuta, euskaraz berba egiteagatik.

Korrika zer den badakizu?
Ez.

Euskararen aldeko ekitaldia da, lasterketa moduko bat. Gaur [joan den asteazkenean] hemendik pasatu da.
Bai, egia da, lehen pasatu dira, nik logelatik ikusi ditut. Asko joan dira, denak gaztetxoak. Leihotik ikusi ditut.

Ondo iruditzen zaizkizu euskararen aldeko horrelako ekitaldiak?
Euskaraz berba egitea zigortuta egon da. Ez dute nahi guk euskaraz berba egitea. Euskal separatistak garela diote. Apur bat jazarrita egon gara euskaldunak, lanean eta. Beti debekatu izan digute euskaldunoi, aurrera egin ez dezagun. Euskaldunari ez diote maitasunik izan. Orain egin behar da horretan indarra.  

Denbora luzea daroazu egoitza honetan?
Dagoeneko urte batzuk egin ditut. Hemen 60 bat lagun gaude, mojak eta guzti. 40 inguru gara, eta gainerakoak, mojak. Badago bat ni baino zaharragoa dena. 94 urte ditu, eta nik, 93. Hemen oso ondo nago, edozein lekutatik begiratuta, tratuan, janaren aldetik eta abar. Gauza bat da ondo egotea, eta beste bat oso ondo egotea, eta gu oso ondo gaude. Hemen ezin gara kexatu. Eta kexatzen denak ez dauka arrazoirik.

Irteerak eta guzti egiten omen dituzue.
Bai, baina ni dagoeneko ez naiz joaten. Besteak bai, joaten dira, baina ni ibiltzen naiz txarto. Adinak ez dauka barkaziorik.

Hemen euskaraz egiten duzu?
Ez, inorekin ere ez. Hemen ez dakite euskararik. Hemen erdara da txapeldun.

Zelan zaude osasunez?
Ez nago ondo. Gorputzez, ez naiz ondo ibiltzen, eta burutik ere ez nago ondo. Zorabiatu egiten naiz. Trumoi baten moduan dut burua. Eta erdi gortuta ere banago. Urteek faktura pasatzen dute, horrek ez dauka atzera bueltarik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.