Albistea entzun

euskal herria

900 pertsona inguru Aske Gunean, Poliziaren zain

Iluntzean edo gauean atxilotu ditzaketelakoan jende gehiago hurbildu da. Aurore Martin ere Aske Gunean izan da arratsaldean: ”Gakoa herria da, ez da besterik. Gakoa gu gara”, adierazi du. Iñigo Urkulluk esan du Ertzaintzak epaileen aginduak bete behar dituela. Bideoa: Aske Gunea, zuzenean.

Elkartasuna Aske Gunean

Berria -

2013ko apirilak 18

Geroz eta handiagoa da Donostiako Bulebarrean dauden zigortutako zortzi gazteak jasotzen ari diren babesa. Lehenengo gauean baino babes handiagoa jaso zuten atzo, 500 pertsona inguru geratu baitziren lotan Aske Gunean bart gauean. Gaur eguerdian elkartasuna areagotu egin da Ertzainak arratsaldean edo gauean atxilotu ditzakeelakoan. Aurore Martin eta Anaiz Funosas ere han izan dira babesa adieraziz.

”Gakoa herria da, ez da besterik. Gakoa gu gara”, esan du Martinek. Funosasek, berriz, Martin atxilotu nahian ibili zirenean babesak izan zuen garrantzia azpimarratu du: "Aurore ez zuten eraman naturalki herri harresi bat eratu zelako Baionako kaleetan, baita frantses sentitzen zirenek ere”.

Bart Ertzaintza bi aldiz igaro da Donostiako Bulebarretik. Hainbat furgoneta eta auto joan dira Aske Gune ingurura, baina ez dute inor atxilotu. Elkarri helduta, "ez diegu utziko eramaten" eta "euskal gazteria aurrera" oihukatu dute Aske Gunean zeudenek Ertzaintza joan denean.

Ikasleen babesa, goizean

Gaur goizean, berriz, ikasleek adierazi diete babesa auzipetuei. Ikaslez osatutako zutabe ugari abiatu dira Aske Gunera, eta ehunka pertsona batu dira Bulebarrean. Tentsio uneak dituzte Aske Gunean, sare sozialetan zabaldu baita hainbat furgoneta atera direla haruntz. 14:00 aldera ia mila lagun elkartu dira, operazioa berehalakoa izan zitekeelakoan.

Hala mintzatu da Oier Lorente gazte zigortua jendetzaren erditik: "Gaua gogorra izan da, lo gutxi egin dugu, eta tentsio askorekin". "Esan genuen herri harresia eraikitzeko oinarriak jarri nahi genituela, eta erantzuna izugarria izan da", gaineratu du.

Asteartean, 300 lagun lotan

Asteartean 300 bat pertsona izan ziren lotan Bulebarrean, eta atzo ere ehunka pertsona joan ziren gunera, Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdiri babesa adieraztera. 19:30ean elkarretaratzea egin zuten, eta 20:00etan hartu zuten hitza auzipetuek:

"Herri harresira" batzera deitu zuten EAJ, eta Ertzaintza "lege injustuak" betetzera ez bidaltzeko eskatu zioten gazteak babesten ari diren herritarrek. Militantzia politikoa espetxera zigortzea, "XXI. mendeko demokrazia batean, onartezina" dela argudiatu zuten. Gainera, adierazi zutenez, horren aurka dago Euskal Herriaren gehiengoa.

"Polizia judiziala"

Horren inguruan galdetu zioten atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, ETBn eginiko Euskadi Galdezka saioan. Ertzaintzak epaileek agintzen dutena bete behar duela adierazi zuen: "Ertzaintza Polizia integrala izatea nahi dugu, eta integrala den heinean Polizia judiziala ere bada". Bestalde, esan zuen "ezohiko legedia" bertan behera utzi beharko litzatekeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.