ARKEOLOGIA

Neanderthal garaiko gizakiak eginiko tresnak aurkitu dituzte Praileaitzen

Haitzuloan aurkitutako objektu zaharrenak duela 12.000-17.500 urtekoak ziren, eta joan den irailean aurkitutako harrizko tresnak duela 40.000-120.000 urteetakoak dira. Horrek esan nahi du Cro-Magnongo gizakiaren aurreko aztarnak aurkitu dituztela arkeologoek, Neanderthal garaikoak hain zuzen.

Igor Susaeta.
2013ko maiatzaren 10a
21:12
Entzun

Joan den irailean eta azaroan egin zituzten indusketak, bi hamabostalditan banatuta. Debako (Gipuzkoa) haitzuloko hiru espaziotan egin zituzten: atarian, mendebaldeko galerian eta barneko bigarren gelan. Datorren irailean gune horietan sakontzen jarraituko dutela jakinarazi du Xabier PeƱalver arkeologoak. Langintza horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratuko dituela adierazi du Ikerne Badiola Kultura diputatuak (iaz 33.203 euro eman zituen diputazioak).

Badiolak, gainera, Praileaitzen babes maila handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Ez da nahikoa inondik ere; are gutxiago Espainiako Kongresuak Kosta Legea aldatu duenean". Hala adierazi zion Jaurlaritzari iazko ekainaren 7an, Praileaitz babesteko abian jarritako espedienteari alegazioak aurkezterakoan. Bi aldaketa planteatu ditu diputazioak. Batetik, Praileaitz I haitzuloaren perimetro babesa 65 metrotik 100 metrora handitzea, eta babes handiko zona horretan Deba ibaiaren ondoko mendi magala sartzea, haitzuloaren paisaia kulturala mantentzeko. Eta bestetik, eremu hori Ondare Legearen bidez babestea, eta ez soilik Kosta Legearen bidez, egun gertatzen den bezala

Izan ere, herenegun Espainiako Kongresuan onartutakoaren arabera, itsasadarretan babes zortasuna 100 metrotik 20ra pasa ahal izango da Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, udalek hala eskatuz gero.

Badiolak eskatu dio Jaurlaritzari "ausart" jokatzeko, eta Praileaitz babesteko neurriak "berehala" hartzeko, "ondarea interes ekonomikoen gainetik jarriz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.