Alkorta babestu dutenak zoriondu dituzte, "amorrua eta ezinegona indar eraikitzaile bihurtzeagatik"

2013ko maiatzaren 15a
12:24
Entzun

Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotuta eraman ondoren prentsaurreko bat egin dute ehunka herritarrek Ondarroan. Alkorta babesteko giza hesia osatu dutenei eskerrak eman eta zoriondu egin dituzte,  "amorrua eta ezinegona indar eraikitzaile bihurtzeagatik". Halaber, nabarmendu dute Aske Guneak "bakearen eta konponbidearen aldeko zubi lana" egin duela.

Bizitako uneen eraginez hunkituta daudela nabarmendu dute. "Korapilo mingarria" eragin die Alkortaren atxiloketak, "Euskal Herriaren konponbidearen aldeko langile fina delako", eta "kartzelaratze politikoa" izan dela adierazi dute: "Estatuak min ematen besterik ez daki".

"Urtza bera buru izanik, jakin dugu amorrua eta ezinegona indar eraikitzaile bihurtzen, elkartasuna gorpuzten, egunean 24 orduz. Eta horregatik pozik gaude", azaldu dute. Donostiako Aske Gunea ere gogoan izan dute: "Donostian eraikitzen hasitako herri harresiari Ondarroako partea erantsi diogulako ere pozik gaude, bakearen eta konponbidearen aldeko zubi lana egin baitugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.