Jokin Aranalde (iheslaria)

"Iheslarientzat egoera erabat berria ireki da"

Ekainaren 15erako iheslarien kolektiboak deitu duen ekitaldira begira, BERRIAk horietako zenbaitzuen testigantzak bildu ditu. Jokin Aranalderena da hau. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1797/[/Berriatb]

Aitor Renteria.
2013ko ekainaren 3a
11:39
Entzun

"Jokin Aranalde naiz, 67 urte ditut eta Gaztelun jaioa naiz, Gipuzkoan. Nire bizia Tolosaldeko herri txiki batean egin dut, Ibarran, bost mila biztanle dituen herri batean. Hor egin dut nire bizia, gehienbat. Duela 46 urte, 1967an izan nintzen lehen aldiz atxilotua eta torturatua. Garai beltzak ziren Euskal Herriarendako. Frankismoaren ondorena zen, gerraren ondorena, eta guk bizi izan genuen bizi-bizirik. 1967an, Andeetan Nafarroako mendizale batzuek ikurrina jarri zuten, eta hori dela-eta atera genituen 40.000 papertxo. Atxilotu eta torturatu gintuzten. Garai hartan gazteak gine,n eta ez genuen erarik antolatzeko. Beraz, Elizaren babesean antolatzen ginen gazteria. Hemengo gazteak orain hemen antolatzen diren bezala. Gure torturak-eta salatuak izan ziren, Donostiako Gotzainak berak salatu zituen. 1968an soldaduskan nintzen, eta, han nengoelarik, berriro eraman ninduten. Orduan salbuespen egoera jarri zuten indarrean Espainian, Euskal Herrian, Franco bizi zelarik. Bost egun egin nituen atxiloturik, eta berriz ere torturatu ninduten. Gero atxilotua izan naiz, eta gutxienez kolpatua zinen, umiliatua beti. 2002an atxiloketa batzuk izan ziren gure herrian, eta hori dela-eta berriz ere atxilotua izan nintzen. Torturatua izan nintzen, bortizki torturatua, eta atera nintzen 12.000 euro ordainduta. Handik lau hilabetera berriz etorri ziren ene xeka. Eta pentsatu nuen Iparraldera etortzea egoera horri ihes egiteko nolabait.

Ilegalizazio garaia zen, non kasik dena ilegalizatua zen, gazte mugimendua, Batasuna, Herri Batasuna... Ni Batasuneko koordinatzailea nintzen eskualde horretan, eta hor ere, sartu nahi izan ninduten ardurekin, ilegalizazio horretan. Beraz, egoera bortitz horretan, pentsatu nuen Iparraldera etortzea, eta geroztik hemen bizi naiz.

Esan behar dut maila handi batean zaila izan dela. Ez duzu hizkuntza ezagutzen. Euskaraz ere, euskalkia biziki ezberdina da. Lagunak egin behar dituzu. Nik abantaila txiki bat banuen, nortasun agiria banuen egunean. Gaur ez, baina orduan bai. Beraz, zenbait kudeaketa egiteko eta, errazagoa zitzaidan. Egia da gero gaixorik erori nintzela eta urte batzuk nahiko gaizki pasatu ditudala. Gaur, badirudi hobeto naizela.

Hemengo biziari buruz erran behar dut gisako jende anitz aurkitu ditudala, ez dudala zailtasun handirik izan nire kudeaketak egiteko. Gaixo egon naiz... medikuak, klinikak... Medikuak biziki sentsibleak izan dira nirekin. Nire historia guztia kontatu diet, eta, alde horretatik, eskertu behar ditut.

Donazaharren bizi izan naiz zortzi urtez. Benetan auzoak gisakoak ziren. Orain, Irisarrin bizi naiz, lehengo etxea saldu zutelako eta erosi zuelako beste familia batek.

Egia da nik banituela kasik 60 urte hona etorri nintzenean. Gogorra da. Familia guztia uzten duzu. Alaba ihesera etorri zen nirekin batera. Semea espetxeratu zuten, emazteak amaren etxera joan behar izan zuen, etxea itxi zigutelako. Beraz, egoera gogorra. Baldintza gogorrak izan dira. Baina, hala ere, nik elkartasuna jaso izan dut; lagunek, herritarrek, jende anitzek lagundu dit. Nire minimoak, ekonomikoki ere, beteak izan ditut. Biziki harro sentitzen naiz izandako elkartasunaz, eta benetan, maila horretan, gauza anitz erraztu didate.

Gero hemen, jendea, lagunak topatu ditut, egin ditut. Leku guztietan. Benetan, pozik bizi naiz maila batean, nahiz eta ulertu behar den kasik 60 urtez nire bizia han egin dudala eta han ditudala nire errekak, mendiak, lagunak... Gure nahia itzultzea da eta han bizi ahal izatea, nahiz eta guztia Euskal Herria izan.

Ni hona heldu nintzenean, ez dut sobera ezagutzen baina Europa mailan atera zen lege bat, non europar guztiok, bederen Europako Batasuneko biztanle guztiok, bagenuen eskubide bat eta ondorioz, nik banuen nire nortasun agiriarekin RMI edo gizarte laguntza izateko aukera. Orduan nirea biziki erraza izan zen maila horretan, edo aski erraza. Lagundu ninduen gizarte laguntzaileak, biziki ontsa, sentsibilitate handiarekin, lagundu zidaten azalduz zer egin behar nuen eta abar. Gero, ikusirik zein baldintzatan zeuden hemengo iheslari gehienak, gehienek ez dutela paperik, pribilegiatua sentitu naiz maila horretan. Lana aurkitzeko ere ez nuen arazorik izan. Nortasun agiria banuen, eta lana aurkitu nuen. Heletan lau urtez egin nuen lan, Ramuntxo Lakorekin. Eta benetan giro ederrean, biziki ontsa. Oraindik joaten naiz hara ahal dudalarik. Erretreta txiki bat badut, baina ahal dudalarik hara joaten naiz esku kolpe bat ematera eta laguntzera. Beraz, nik maila horretan izan dut zortea. Ikusirik nire lagunak, iheslari gehienak nola dauden, batzuk paperik gabe, igual dituztenak 65 edo 70 urte eta erretretarik gabe, egia esan, pribilegiatua sentitzen naiz. Niretzat erraza izan da.

Iheslarientzat egoera erabat berria ireki da. Hausnarketa anitz egin ditugu. Gure artean eztabaidatu dugu anitz. Ulertu behar da nolako zailtasunak ditugun guk iheslariok. Azken batean kolektibo zabal bat gara, oso zabala. Ohartu behar da munduan zabal garela, kontinente ezberdinetan. Gutxi gorabehera bostehun kidek osatzen dugu kolektibo hori. Iparraldean ehun bat bizi gara. Beraz, kolektibo horrek, kolektibo bezala hitz egiteko, denen iritzia, oniritzia behar zuen bildu. Izugarri zaila da hori, bi estatuek ez dutelako laguntzen hori guztia. Baina, hala ere, erran behar da lortu dugula. Bi urte pasa ditu harreman horiek egiten, eztabaidatzen. Guk argi ikusi genuen egoera berri honetan kolektiboak bere ekarpena egin behar zuela, gure errealitatea mahai gainean jarri behar zela. Eta ez gure errealitatea bakarrik. Gatazkaren parte guztiei nolabait benetako soluzio bat eman behar zitzaiela, guk errealitate bat mahai gainean jarri behar genuela. Eta ez hori bakarrik. Ikusirik bi estatuek, ez Frantziako Estatuak ezta Espainiakoak ere, ez dutela laguntzen, ez direla jartzen gatazka honi benetako konponbidea ematen, behar genuela nolabait eragin egoera honetan, pixka bat egoera hori nolabait hausteko eta behartzeko bi estatuei hel diezaieten gatazka honen benetako arrazoiei.

Gaur egun ibilbide bat erabaki dugu, eta hortik dator pixka bat ekainaren 15erako hainbat eragilek egin duten deia Miarritzeko Irati gelan ekitaldi nazional bat egiteko. Guri iruditzen zaigu biziki inportantea dela hori. Hor nonbait eragile hauek nahi dute, babes handi batekin, gure errealitatea mahai gainean jartzea. Eta ez hori bakarrik. Instituzioek eta nazioarteko erakundeek nolabait gure errealitatea eta gure eskakizunak mahai gainean jartzea eta zerbait egitea. Beraz, horren inguruan guk esan genezake izugarri eskertzen dugula eragile horien jarrera, eragile horien sentsibilitatea. Bi estatuek ez dituzte urratsak egiten, baina pentsaera politiko, ideologiko, sozial ezberdinak dituzten jende anitz bada, nahi duena benetan gatazka honi irtenbide bat ematea eta iheslarien gaia mahai gainean jartzea. Iheslarien gaia aipatzen dugunean esan nahi dugu baita ereĀ  deportazioena. Deportazioa baita ere Frantziaren ardura da, ez bakarrik Espainiarena. Errealitate benetan gogor, zail eta legez kanpokoan bizi diren jende anitz badirela eta guk ezin dugula hori horrela utzi. Gure apustua da datozen belaunaldiek ez dezatela beharrik izan berriro ere bizi izan dugun gatazka gordin hori bizitzeko, nolabait pentsatzea armarik gabe ezinezkoa dela aitzinatzea. Guk hori hautsi nahi dugu. Lortu nahi dugu herri honek benetan bere gatazka konpondu eta nolabait onartzea hemen herri bat dela eta berak erabaki nahi duela, askatasunean, bere etorkizuna".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.