Osasungintza

Handitzen, handitzen

Osakidetzak 30 urte bete ditu berriki; erietxe gutxi batzuk kudeatzen zituen orduan, eta 2.500 milioiko aurrekontua eta 33.000 langile inguru ditu orain, baina urteurrena heldu da murrizketei buruzko polemikaren erdian.

gotzon hermosilla
2013ko ekainaren 23a
16:35
Entzun

Maiatzaren 19an izan zen, ostegunarekin. Egun horretan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea onartu zuten Eusko Legebiltzarrean. Lege horretan erakunde autonomoa sortzea aurreikusten zen, Osasun sailari atxikia, eta Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) osasun zerbitzuak emateaz arduratuko zena. Hori izan zen Osakidetzaren jaiotza agiria. 1983.a zen, eta aurten 30 urte bete dira.

Apalak izan ziren hastapen haiek, hiru erietxeren kudeaketarekin. Baina, geroztik, ibilbide luzea egin du Osakidetzak, EAEko erakunderik handienetako bat bilakatzeraino, 2.500 milioi euroko aurrekontuarekin eta 33.000 langilekin baino gehiagorekin, kontratu finkoa dutenak eta aldi baterako langileak kontuan hartuta.

Badirudi Osakidetzak ospe ona irabazi duela azken 30 urtean. Inkestek, behintzat, adierazten dute EAEko herritarrek iritzi ona dutela Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan. Urteurrenak, baina, une zailean harrapatu du. Azken urteotan krisiak arlo guztiak zigortu ditu, osasun arlo publikoa ere bai, eta murrizketen eraginaren inguruan administrazioa eta sindikatuak ados jartzen ez diren arren, begien bistakoa da ez dela unerik samurrena 30 urte bete berri dituen erakundearentzat.

Agirre, sailburu

Osakidetza sortu zenean, 1983an, Jesus Javier Agirre Bilbao (Bilbo, 1934) zen Osasun eta Gizarte Segurantza sailburua. Lehen Getxoko alkate izandakoa, 1980ko apirilean deitu zion Karlos Garaikoetxea lehendakariak bere lehenengo gobernuan parte hartzeko, eta ardura horretan egon zen 1984. urtera arte.

Agirrek gogoratzen du Garaikoetxea lehendakariak telefonoz deitu ziola eta bi aukera jarri ziola mahai gainean: Ekonomia sailburu izatea edo Osasun sailaz arduratzea. "Nik enpresa pribatuan banuen eskarmentua antolakuntzan, eta garai hartan osasun arloarena antolatu beharreko arloa zen: nahasketa handia zegoen, aurrekontu handia, langile asko eta abar". Agirrek erantzun zion lehendakariari haren esanetara zegoela, eta hark aukeratzeko zein sail egokitzen zitzaion. Azkenean, Osasun eta Gizarte Segurantza sailburu izendatu zuten, eta Agirrek "prentsaren bidez" izan zuen horren berri.

"Ilusioz" hartu zuen izendapena, oso "iradokitzaile" begitantzen zitzaiolako, baina, arduraz jabetu bezain pronto, "sekulako nahastea" zegoela ikusi zuen: "Garai hartan, osasun arloan diputazioak zeuden, udalak, estatua, Gizarte Segurantza, ongintza eta abar. Eta den-dena, koordinatu gabe eta egoera penagarrian".

Hori ikusita bururatu zitzaien sailean zeudenei arlo guztiak koordinatuko zituen erakunde publiko bat sortzea: "Ikusi nuen eskuduntzak laster iritsiko zirela, baina Basurtuko ospitalea Bilborena zen, Zamudiokoa berriz Bizkaiko Aldundiarena, mediku titularrak, albaitariak, ur hornidurako teknikariak, eta abar udalen menpekoak ziren, Gizarte Segurantza ere tartean zegoen... Hori guztia antolatu eta berreraiki behar zen, koherentzia eman behar genion, eta erakunde autonomo bat zen horretarako tresna egokia".

Oinarri politikoa

Erakunde hori sortzerakoan, "oinarri politiko bat" izan zuten gidari, Agirrek dioenez: "Ahalik eta osasun zerbitzurik aurrerakoiena ezartzea, solidarioa, doakoa eta unibertsala. Guretzat, oso garrantzitsua zen aseguru sistemaren araberakoa ez izatea. Lan egin dutenek Gizarte Segurantzari ordaindu diote eta, beraz, badute berme bat, baina inoiz lan egin ez dutenek ez daukate horrelakorik. Guk pentsatzen genuen osasun arloa ez dela hori, eskubide bat dela, eta mundu guztiak jaso behar zuela, Gizarte Segurantzari ordaindu ala ez".

Zerbitzua zergen bidez finantzatua izateari ere garrantzi handia ematen zion Agirrek: "Modu horretara, kontzertu ekonomikoaren sisteman sartzen zen osasun zerbitzua. Gu geu ginen zerga biltzaileak, eta, horrela, kutxa bakarraren kontu hori saihestea lortzen genuen".

Irizpide horietan oinarrituta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea erredaktatzeari ekin zion Osasun eta Gizarte Segurantza sailak. Han agertzen zen erakunde autonomoa eratzeko proposamena. Baina, zergatik aukeratu zuten Osakidetza izena? "Saileko arduradun guztiok astelehen goizez egiten genituen bilera horietako batean Angel Larrañagak, geroago Garaikoetxearen bigarren gobernuan Osasun eta Gizarte Segurantza sailburu izendatu zutenak, izenaren gaia aipatu zuen eta esan zuen osasun eta kide hitzek agertu behar zutela, eta agian Osasunkidetza edo antzeko zerbait izango zela termino egokia. Norbaitek Osakidetza proposatu zuen, eta gustatu zitzaigun, baina, badaezpada, Euskaltzaindiari kontsulta egin genion. Euskaltzaindiak erantzun zigun berez Osasunkidetza zuzenagoa litzatekeela baina Osakidetza ontzat eman zuen, kontuan hartuta izen berezia zela eta erakunde berriak sortzeko prozesuan sartuta geundenez izen bereziak asmatzea zilegi zela".

Eusko Legebiltzarrean adostasun giroan hartu zen Osakidetza sortzeko erabakia, eta, autonomia jaio berriaren beste erakunde batzuek ez bezala, EITBk esaterako, hastapen haietan ez zuen oztopo edo kontrako jarrerarik aurkitu. "Osasun sistema bat abian jartzea ez da berez gai polemikoa, eta ez zen oso zaila izan adostasuna lortzea", gogoratzen du Agirrek. "Gu kanpoan ibili ginen, atzerrian nola egiten zuten ikasteko, nork egiten zuen ondo eta nork gaizki. Ingalaterran, Finlandian eta Suedian ondo egiten zuten; Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Espainian eta Italian, aldiz, gaizki. Ondo egiten zutenen ereduetatik asko ikasi genuen, eta horrek lagundu zigun nahi genuen eredua zirriborratzen. Azkenean, unibertsaltasunean, doakotasunean eta abarretan mundu guztia zetorren bat, eskuina ere bai".

Iñaki Azkuna izan zen Osakidetzako lehenengo zuzendaria, eta ardura horretan iraungo zuen 1987. urtera arte. "Asko kosta zitzaidan Azkunak baiezkoa ematea", adierazi du Agirrek, "ez baitzuen ardura politikorik hartu nahi. Gu ikaskideak izandakoak ginen, elkarrekin joan ginelako jesulagunen ikastetxera, Nafarroan. Jesulagunek beti esaten ziguten bizitzan bide bat baino gehiago agertzen denean, zailena aukeratu behar zela, eta nik hori gogorarazten nion, erdi txantxetan. Azkenean, Azkunak horixe egin zuen: biderik zailena aukeratu zuen, eta baiezkoa eman zidan".

Lehenengo momentuan, hiru erietxeren kudeaketa hartu zuen Osakidetzak, horien eskuduntza 1981ean hartua baitzuen EAEk: Santa Marina (Bizkaia), Amara (Donostia, Gipuzkoa) eta Leza (Araba). Bularraldeko gaixotasunak artatzen zituzten ospitaleak ziren hirurak. Denen artean, mila langile izatera ere ez zituzten. Baina argi zegoen arlo horretako eskuduntzak laster iritsiko zirela Jaurlaritzaren eskuetara, eta Osakidetzak bere burua prestatu behar zuen horretarako.

Beraz, antolaketa sistema egokia topatzea izan zen lehenengo urte haietako kezka nagusietako bat: "Holding baten moduan egituratu genuen, geografikoki deszentralizatua, eta hainbat arlotan banatua. Arlo horiek normalean bat egiten zuten lurralde historikoekin, baina ez beti: beharrezkoa zenean, ez geneukan problemarik Lurralde Historikoen Legearen gainetik pasatzeko. Esaterako, Laudio Araban dago, baina zer dela eta hangoak Santiago ospitalean (Gasteiz) artatu behar dituzte, Bizkaiko erietxeak askoz hurbilago edukita? Orduan lurralde historikoen auzia nahiko delikatua zen, eta EAJren eszisioaren iturburuan ere egon zen, baina guk lurraldeen gainetik arrazoizko irizpideak erabiltzen genituen eta inork ez zuen protestarik egiten".

Bilakaera

Jesus Javier Agirrek 1984ean utzi zuen saila, eta, esan bezala, Angel Larrañagak ordezkatu zuen, baina denbora laburra eman zuen arduran, EAJn gertaturiko eszisioaren ondorioz uste baino lehenago amaitu baitzen Karlos Garaikoetxearen bigarren gobernuaren agintaldia. 1985ean, Jose Antonio Ardanza lehendakari zelarik, Jon Azuak hartu zuen Lan, Osasun eta Gizarte Segurantzako sailaren agintea.

Urte hartan, 1985ean, eta Lurralde Historikoen Legearen ondorioz, Diputazioen esku zeuden osasun zerbitzuak hasi ziren Osakidetzaren menpeko izaten. Erakunde autonomoak bere gain hartu zituen Gipuzkoa ospitalea (Donostia), Santiago (Gasteiz) eta Gorlizkoa (Bizkaia) eta zenbait ospitale psikiatriko: Elurretako Andre Maria (Gasteiz) eta Bermeo, Zaldibar eta Zamudiokoa (hirurak Bizkaian).

Horrek asko handitu zuen Osakidetzaren tamaina, antolaketari zein langile kopuruari dagokienez: lau mila langile baino gehiago ere izan zituen. Baina benetako aldaketa 1987tik aurrera gertatu zen, Espainiako Insalud Osasunaren Nazio Institutuaren menpe zeuden zerbitzu eta erietxeak Osakidetzaren esku gelditu zirenean. Tamaina handiko hiru erietxe, Gurutzetakoa (Barakaldo, Bizkaia), Txagorritxu (Gasteiz) eta Arantzazu (Donostia), Osakidetzak kudeatu zituen handi aurrera, hainbat osasun zentro txikiagorekin batera. Ordurako, Osakidetzak 18.000 langile baino gehiago zituen, eta saila Jose Manuel Freire sozialistaren eskuetan zegoen.

Udalen menpe zeuden erietxeen eskualdatzearekin osatu zen puzzlea. Basurtukoa (Bilbo), horien artean garrantzitsuena, 1992an gelditu zen Osakidetzaren esku. 1996an, Itsasoko Gizarte Institutua, itsas langileen Gizarte Segurantzako zerbitzuak kudeatzen dituen erakundea, Osakidetzaren menpeko bilakatu zen.

Handitze horrek aldaketak ekarri zituen. 1997an, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea onartu zen, "eredua garatzeko", legearen zioetan ageri zenaren arabera. Hurrengo urtean Osakidetzaren izaera juridikoa aldatu zen, eta erakunde autonomo zena "zuzenbide pribatuko erakunde publikoa" bihurtu zen, horrek erakundearen eraginkortasuna handituko zuelakoan.

Argiak eta ilunak

Osasun erakundearen bilakaera ikusgarria izan da 30 urtean, azpiegitura, baliabide eta teknologia aurrerakuntzei dagokienez. Horrek itzala eman dio Osakidetzari: 2004an egindako ikerketa baten arabera, EAEko biztanleen %82k adierazi zuten pozik edo oso pozik zeudela jasotako artarekin, %75ek uste zuten Osakidetzaren jarduera ona zela, eta %55ek uste zuten Espainiako osasun zerbitzu publikoena baino hobea zela. Osasun arloak jasotzen zuen baloraziorik onena administrazioaren jardueren artean.

Baina bide horretan une ilunak ere izan dira. 1990ean, Osakidetzako oposizioak bertan behera utzi zituzten, eta 50.000 bat lagunek azterketa berriro egin behar izan zuten, frogatu zelako azterketak manipulatu zituztela, PSE-EE eta UGTko zenbait kideri goi mailako postuetan sartzea errazteko. Osakidetzarekin zerikusia duten beste ustelkeria kasu batzuk ere ikertu dituzte epaitegiek, esaterako, Marguello auzia izenekoa, 1996tik 2009ra Osakidetzak eta zenbait enpresa pribatuk egindako kontratazio ustez irregularrak zirela eta. Patxi Lopez lehendakari eta Rafael Bengoa Osasun sailburu izan ziren garaian, informazio batzuk agertu ziren, PSE-EEko goi kargudunekin harremana zuten zenbait enpresari kontratu ustez irregularrak egin zizkietela salatuz.

Edozein modutan, Osakidetzarentzat garairik zailenak azken urteotan iritsi dira, austeritate politiken ondorioz murrizketak orokortu baitira esparru publikoan. Lanaldiaren luzapena ezartzen duen dekretuaren onarpena izan da Jaurlaritzaren eta Osakidetzako sindikatuen arteko azken liskar iturria, baina ez bakarra.

Horretaz aparte, badago beste gabezia bat, Osakidetzaz hitz egiterakoan beti aipatzen dena eta euskaldunentzat bereziki mingarria dena: euskararena. 30 urte geroago, euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen segitzen du EAEko osasun zerbitzu publikoak. Jesus Javier Agirrek onartzen du gabezia: "Horren erantzukizuna nirea eta nire moduko askorena da. Euskara ikasteko presioa sentitzen den lekuetan bizi ez ginenok eroso sentitu ginen, eta egia da gure belaunaldiko askok ez dugula ahalegin handirik egin arlo horretan, euskararena ondo zihoalakoan. Arlo horretan gehiago egin beharko genukeen".

Arazoak arazo, Agirrek oso balorazio ona egiten du Osakidetzak 30 urtean egindako bideaz: "Sistema hura abian jarri genuenean ez genuen uste hain ondo funtzionatuko zuenik. Eta horren merituaren zati handi bat hor aritu diren pertsonena da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.