Osasunbidea, aurrez etxeko lanak eginda

Ainhoa Sarasola.
2013ko ekainaren 21a
11:30
Entzun

Osakidetza baino gazteagoa da Osasunbidea, 1990ean eratu baitzen Nafarroako osasun sistema publikoa. Urte hartako azaroaren 23ko Foru Legeak jaso zituen osasun sistema berriaren ingurukoak, hala nola osasun arretari buruzkoak, foru erkidegoaren eskuduntzak eta funtzioak, osasun egituren eskualdekako antolaketa, egitura organikoa, eta langilegoaren nahiz finantzaketaren ingurukoak, besteak beste.

Gabriel Urralbururen gobernu sozialistaren azken urteak ziren, eta Carlos Artundo Purroy iruindarra zen Osasun kontseilari. Osasungintzaren eskuduntza transferitu baino lehen, lanak aurreratu nahi izan zituztela du gogoan Lazaro Elizaldek, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko Osasunaren sustapenerako medikuak. Garaiko Nafarroako Diputazioaren menpeko Osasun Zerbitzu Erregionalean zebilen garai hartan Elizalde, eta INSALUDeko hainbat ordezkarirekin sei-zazpi urteko prozesua garatu zutela azaldu du, transferentzia iristerako osasun sistema publikoa nola antolatuko zen zehazteko. "Haiek bazuten beste kultura bat; zentralizatua zegoen guztia, kudeaketa aldetik dena Madriletik etorri behar zen eta batzuetan oso zurruna zen. Bi kultura elkartu behar ziren, baina ongi moldatzen ginen bi talde ginen".

Hala, transferentzia noiz iritsiko zen jakin gabe, eskualdekako egiturak, jarduerak eta bestelakoak nola bateratu aztertzen jardun zuten. Orduan zehaztu zituzten 51 osasun eskualdeak eta bost guneak. "Horrek nolabaiteko antolaketa ematen zion lurraldeari". Eskualde bakoitzeko profesionalekin aritu ziren horretan. Tutera eta Lizarraldeko zerbitzuak ere orduan zehaztu zituzten. "Eskuduntza iritsi aurretik eta hura erraztearen alde egin zen hori, eta, nire ustez, nahiko txukun".

Bi eztabaida nagusi ditu gogoan Elizaldek. Bata, protagonismo handiena zein ospitalek —INSALUDen edota Nafarroako erakundeen menpekoek— izan behar zuten, horren ingurukoa. Bigarren mailako zerbitzuak ospitale guztietan eskainiko zirela erabaki zuten, eta hirugarren mailako teknologia eskatzen zutenak, berriz, ospitale batean edo bestean. Kupoari buruzkoa izan zen bestea, politikarien artekoa. Elizaldek ez zuen zuzenean bizi, baina "nahiko gogorra" izan zela du gogoan.

Osasun langileek aldaketa horietan guztietan "arazoak barik abantailak ikustea erronka" izan zutela dio Elizaldek. "Baina ikusita oro har jendeak azpiegitura hobeak zituela, ordutegi hobeak, populazio definituagoa eta kontratuetan ere denek abantailaren bat izateko moduak bilatuta, nire ustez oso ongi hartu zuten". Herritarrek ere ongi hartu zuten sistema aldaketa, Elizalderen ustez, batez ere «osasun etxe berriak eta zerbitzu hobeak nahiz gertuagokoak» ekarri zituelako.

Auzi gatazkatsuak

Aldaketak, beraz, abantailak ekarri zituen gehiengoaren ustez, eta Nafarroan osasun sistema publikoaren aldeko iritzia nagusi dela esan daiteke. Baina Osasunbidearen kudeaketak polemikak ere ekarri izan ditu urteotan. Euskarari lotutakoa da punturik beltzenetakoa. Euskararen Legea "berez murritza" bazen, bere garapena "are murritzagoa" izan zela dio Elizaldek. Txostena prestatu zuten bere garaian, eta salatu, herritarrek euskaraz artatuak izateko eskubidea izan arren, eremu euskaldunean lehen arreta bai baina bigarren mailako arreta jasotzera eremu mistora edo ez-euskaldunera jotzean eskubide hori urratzen zitzaiela. "Hor geratu zen paper hura", dio Elizaldek, oraindik orain konpondu gabe jarraitzen duen auzia dela gogora ekarrita.

Abortuaren auziak ere zeresan ugari eman du urteotan, haurdunaldia borondatez eteteko aukera sare publikoan eskaintzeari uko egin izan baitio orain arte Nafarroako Gobernuak, eta emakume nafarrek beste herrialde batera jo behar izan baitute. 2010ean Espainiako Gobernuak abortuaren legea onartu zuenetik —lege hura "zabor hutsa" zela iritzi zion Maria Kutz garaiko Osasun kontseilariak—, erkidegoak behartuta daude zerbitzu hori edo sare publikoan, edo itunpeko kliniketan edo erkidegotik kanpoko zentroren batean eskaintzera—horren alde egin izan du orain arte foru gobernuak, nahiz eta Antsoaingo klinikarekiko hitzarmena iragarria duen—. Nafarroako Kontuen Ganberak eskatu dio Gobernuari, azkenik, Osasunbidean eskaintzeko aukera aztertzeko, irizpide ekonomiko hutsetan oinarrituta —sare pribatuan egiteak ia kostu bikoitza duela adierazi du txosten batean—. Elizalderen ustez, "aitzakiak" izan dira nagusi gaiaren inguruan, "baina horren atzean erabaki politiko bat dago". Opus Deiren itzala luzea da, oraindik ere, Nafarroan.

Azken urteotako murrizketek eta zenbait zerbitzuren pribatizazioek ere langileen protestak eragin dituzte. Baita erabiltzaileen haserrea ere, Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzuen pribatizazioak, kasu. Ehunka kexa jaso dituzte urtarriletik zerbitzu hori eskaintzen duen Mediterranea de Catering-en aurka, zerbitzua kalitatezkoa izatetik oso urrun dagoelakoan —zigor txostena zabaldu dio Gobernuak berak, gaixo baten platerean barraskilo bat aurkitu zutelako—. "Langileok ez ditugu pribatizazioak ongi ikusten, ez soilik ideologiagatik, eragin praktikoagatik baizik, eta sukaldeena adibide garbia da, ondorio kaltegarriak besterik ez baititu ekarri".

Auzi horien guztien gainetik, Nafarroako osasun publikoa osasuntsu dagoela uste du Elizaldek. "Mehatxuak hor dira, eta adi egon behar dugu; baina, nire ustez, sendotasun asko ere baditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.