Santi Vidal (Bartzelonako Lurralde Auzitegiko magistratua)

"Eraso juridikoak ikusiko ditugu independentismoaren aurka"

Euskal Herriaren kasuan, Santi Vidal epaileak uste du iraganeko zauriak egoki ixtea beharrezkoa izango dela prozesu politikoari ekiteko. Zalantzarik ez du Espainiako Gobernua saiatuko dela bide hori oztopatzen.

Jokin Sagarzazu - Bartzelona
2013ko ekainaren 27a
16:46
Entzun

"Gutxi barru elkarrizketa hau ezinezkoa izango da: legez kanpokoa izango da", ohartarazi dio Santi Vidal epaileak kazetariari. Botere Judizialaren Legea aldatzeko prozesua abian da, eta, azkenean, aurreproiektua onartzen bada idatzita dagoen bezala, epaileek ezin izango dute elkarrizketarik egin komunikabideekin. Vidalek, halere, ez dio beldurrik horri. Ahoan bilorik gabe mintzo da. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak asteburuan eginiko jardunaldi batzuetan parte hartu ostean hartu du BERRIA, Bartzelonako Auzitegi Nagusiko bulegoan.

Epailetza modurik eraginkorrenean erantzuten ari da Euskal Herrian sortu den egoera berrian?

Argi eta garbi esan behar da ez direla ari garai honek eskatzen duen mailan. Eta are gutxiago Auzitegi Nazionaleko epaileak; ez denak, baina bai gehienak. Une honetan ezinbestekoa litzateke haien kolaborazioa, legeak eskaintzen duen tartearen barruan, bake prozesuak aurrera egin dezan. Nire iritzia oso negatiboa da, Auzitegi Nazionalak ez ezik, Gorenak eta Konstituzionalak ere ez  dutelako, hein handi batean, prozesu hau hauspotzeko ezer egin.

Eta zer egin behar dute?

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegitik hasita, asko egin daiteke egungo legeria baliatuta, legea urratu gabe, legea aldatu beharrik gabe. Presoak Euskal Herrira hurbiltzea, adibidez. Lagundu ez ezik, espetxeetako lege orokorrak esaten duena beteko luke horrela epaitegiak.

Eta zergatik ez dituzte urrats horiek egiten?

Epaileek erabakiko balute presoak modu progresibo batean hurbiltzea, eta efekturik gabe utziko balituzte eduki errepresibo argia duten sententziak —kolaborazio delitutzat jo direnak edo apologia delitutzat jo direnak, adibidez—, ziur naiz herritarrek bat egingo luketela erabaki judizial horiekin. Politikaren arlotik kritikak jaso ditzakete, bereziki PPren ingurutik, baina imajinatzen dut beste eremu batzuetatik, PSOEtik barne ere, ez zela horrela izango. Halere, epaile batek beti egin behar du, legearen barruan, beretzat justua dena, eta kritikak badaude, ba, hori soldataren parte ere bada. Epaileen erabakiak hartu behar dituzte gatazkak konpontzeko, ez gatazkak sortzeko edo betikotzeko.

Gatazka betikotzea al da asmoa?

Ez nuke hori esango, baina bai arrisku hori badagoela. Auzitegi Nazionaleko magistratu batzuek esan didate  auzitegi horretan aitzakia gisa erabiltzen ari diren argudio nagusiena dela PSOEk aukera izan zuela legea aldatzeko, agintean egon zen garaian, eta ez zuela egin, ez zirelako ausartu, eta orain zergatik haiek arriskatu behar duten. Argumentu hori ezin da inolaz ere onartu. Epaile on batek egin behar duena da, hain justu, kontrakoa.

Alderdi sozialista aipatu duzu. Zer balorazio egiten duzu gobernuan zenean egin zuen lanaren inguruan?

Oso eskasa. Borondatea erakutsi zuen, zerbait egiteko nahia, baina ez ziren ausartu. Ez ziren ausartu, aukera izan zutenean. PSOEren gobernuak izan zuen aukera, testuinguru historiko egokia eta, printzipioz, borondatea ere urratsak egiteko, eta urrats defintiboa egiteko ausardia faltagatik edo ez dakit zein beste arrazoirengatik ez zuen egin. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian.

Esan duzu sententziak baliorik gabe utz daitezkeela. Nola?

Ezohiko berrikuspen helegitearen bidez. Eta uste dut, gainera, bide hori erabiltzeko aski motibo legal daudela. Izan ere, nire irudiko, sententzia horietako askok eta epaiketa askok urratzen dituzte Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.1 eta 6.3 artikuluak. Bide horrek aukera emango luke, gainera, indultuen bidearen zain ez egoteko. Jakinda gobernuak eman behar duela indultua eta PPk gehiengo absolutua duela, indultuaren bideak, egun, ezinezkoa dirudi.

Eta zertan datza zehazki?

Araubidearen arabera, bi instantzia daude. Ezin da aurrerago jo. Baina badago arau horren salbuespen bat, eta hori da aipatu dudan helegitearena. Horrek aukera ematen du, ezohiko arrazoiengatik, Goreneko sala berezi batek berrikusteko zigor epai irmo bat, eta efekturik gabe uzteko. Eta uste dut Euskal Herriaren kasuan badirela ezohiko arrazoi horiek.

Bide hori ez da normalean aipatzen; bai, ordea, indultua.

Bai, baina niretzat zigor bat baliogabetzen duen sententzia batek legitimitate handiagoa dauka eta arrazoituago dago. Epaileek zigortu eta epaileek berek kentzen dute zigorra. Indultuaren kasuan, epaileek zigortu eta gobernuak, hiru lerroko azalpen batekin, erabakitzen du indultua eman edo ez. Hori zuzenbide estatu batean... Montesquieu gaixoa!

Kasu horretan bezala, zein beste tarte daude legearen barruan?

Ez da ia ezer aldatu behar uztartu ahal izateko sententziak betetzeko obligazioa eta bake prozesua laguntzea. Borondatea eta imajinazioa behar dira. Adibidez, Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna eman zionean Espetxe Zaintzako epaitegiak. Erabaki horrek oso kritika gogorrak jaso zituen hasieran, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor salak babestu zuen. Legearen barruan gauza asko egin daitezke, are gehiago helburua bada bakean sakontzea. Ondo legoke erabaki judizial horiekin batera erabaki politikoak egotea; baina norbaitek hasi behar du bidea.

Auzitegi Nazionalak, baina, ibilbide bat du, jurisprudentzia bat, oso zail egiten duena zuk diozuna aurrera eramatea.

Bai, baina alda daiteke. Delitu mota batzuen interpretazio oso zabalak egin dira, eta hori desegin beharko litzateke aurrena. Jurisprudentzia errealitate sozialera egokitu behar da; hala dio zuzenbidearen oinarrizko arauak: Kode Zibilak. Epaileok arauak aplikatu behar ditugu, zigorrak ezarri, eta hala badagokio, baita arau horiek eta zigorraren aplikazioak nola izan behar duten interpretatu ere, errealitate sozialera egokituz, kasuak banan-banan aztertuz. Beraz, orain arte egindakoa eten eta bide horretan atzera egin beharko litzateke, egungo errealitatea ez delako berdina. Jurisprudentzia alda daiteke inolako arazorik gabe.

Bateragune auzian, besteak beste, ez da hori egin. Zergatik?

Niretzat deitoragarria da. Itxaropentsu nengoen Auzitegi Konstituzionalarekin; uste nuen azken erabakia hartu bitartean Otegi eta besteak aske utziko zituela, baina zoritxarrez ez da horrela izan. Akats bat da, akats juridikoa eta politikoa.

Erabaki politiko bat izan dela diozu?

Juridikoa eta politikoa. Konstituzionalak ez die soilik arrazoibide juridikoei erantzuten. Hori ez da egia. Auzitegi Konstituzionalak argudio juridikoak erabiltzen ditu, baina baita argudio politikoak ere. Katalauniako auzietan ere ikus dezakegu hori. Kaleratzen dituzten epaiak forma aldetik zuzenak izan daitezke, baina maila politikoan konnotazio nabarmenak dituzte.

Magistratu batzuen arabera, Alderdien Legeak ekarri gaitu egoera honetara. Berdin pentsatzen duzu?

Ez. Bertan behera utzi behar da lege hori. Akats bat izan zen sortu zenean. Eta onartuko bagenu efektu positiboren bat izan duela, eta nik ez dut hala pentsatzen, onartu beharko litzateke baita ere lege horrek behin-behineko izaera zuela eta, beraz, egun ez daukala batere zentzurik. Hori egitea izango litzateke onartzea botere legegilea bere eskuetan duten alderdiek kontrolatu nahi dutela justizia, beraiei gustatzen ez zaizkien planteamenduak dituzten alderdien aurka jotzeko. Horrek Euskal Herriko alderdiei eragiten die, bai eta Kataluniako mugimendu independentistari ere.

Indarrean mantenduko dute?

Bai. Konturatzen ari dira Espainia aldatzen ari dela. Atzera bueltarik gabeko prozesu bat abian da, eta Espainia ez da inoiz gehiago izango orain arte izan dena. Eta eboluzio hori nora joan daitekeen kontrolatzeko modu bat da indarrean mantentzea. Datozen urteetan eraso juridiko latzak ikusiko ditugu independentismoaren aurka, Kataluniako prozesuaren aurka, bereziki, Euskal Herrian oraindik ez dituzuelako hartu hemen hartu ditugun erabakiak.

Santi Vidal Bartzelonako Lurralde Auzitegiko magistratua.
Euskal Herriaren kasuan, Santi Vidal epaileak uste du iraganeko zauriak egoki ixtea beharrezkoa izango dela prozesu politikoari ekiteko. Zalantzarik ez du Espainiako Gobernua saiatuko dela bide hori oztopatzen. Dani Codina

Katalunian ere legez kanporatzeak egotea?

Legez kanporatu agian ez, baina bai alderdi edo erakunde batzuen jarduna etetea. Ez horrenbeste CiUrekin, haiekin negoziatzeko tarte handiagoa duelako Espainiako Gobernuak. Baina ikusten ari dira nola Esquerra, CUP eta IU ere eskatzen ari zaizkiola Kataluniako Parlamentuari ez betetzeko Espainiako Konstituzioak ezartzen dizkion zenbait betebehar. Eta horri erantzun nahiko diote.

Esaten ari zaren guztia etsaiaren aurkako zigor zuzenbidearen barruan kokatuko zenuke?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Agerikoa da talde, erakunde edo pertsona zehatz batzuei aurre egiteko sortu direla zenbait lege, zigor mota Espainian. Zuzenbidea ulertzeko mota horrek izango ditu jarraitzaileak, boto asko emango dizkie boterean dauden alderdiei, baina epe ertain eta luzera begira, aurkako efektua sortzen du. Kontuz ibili beharko luke Espainiak horrekin.

Argi mintzatzen zara Kataluniaren independentziari buruz. Zigorren bat jasotzeko beldur zara? Fiskal nagusia kargutik kendu dute.

Fiskalburuaren adierazpenak erabat demokratikoak eta oso orokorrak izan ziren: esan zuen ondo iruditzen zitzaiola herritarrei galdetzea. Ez zuen gehiago esan. Eta hori fiskaltzako sektore kontserbadoreko kide izanik; pentsa zer egiteko gai izan daitezkeen beste zelaian gaudenokin. Baina beldurra ez. Hala ere, garai zailak datoz, are Ruiz-Gallardon ministroaren deriba fundamentalista ikusita. Aurrera eraman nahi dituen erreforma guztiak onartzen badira, zuzenbide estatua desagertu egingo da ia Espainian.

Adierazpen askatasuna aipatu duzu. Presoen irudiak erakustea zer da ikuspuntu juridiko batetik ikusita?

Pertsona batzuen argazkiak erakuste hutsa ezin da izan ezeren apologia. Pertsona horien irudiak erakustea edo haien iragana aldarrikatzea adierazpen eskubidea erabiltzeko jarrera legitimo bat da. Baina hori mugatzen da, eta ez soilik bide administratibotik. Zigor bidetik ere, terrorismoari gorazarre egitea edo terrorismoaren apologia egitea dela argudiatuta. Basakeria eta huts juridikoa da hori.

Epaile moduan, eskuin muturreko talde batzuen aurkako epaiak kaleratu dituzu, adierazpen askatsunarekin lotuta. Zein argudio erabili zenuen orduan?

Sententzia horiek idatzi nituenean, izan nuen barne eztabaida bat: batetik, adierazpen askatasuna mugatzen ari nintzen, eta, bestetik, zigor epai bat jartzen. Hori argudiatzeko saiatu nintzen azaltzen adierazpen askatasunak muga bat daukala eta muga hori dela gorrotora deitzea. Oinarriak jartzen direnean mezu horien hartzaileek ekintza fisikoak egin ditzaten. Euskal presoen argazkien kasuan, baina, ez da marra gorri hori zeharkatu. Halere, gogoratu behar da Konstituzionalak atzera bota zituela nik idatzitako zigor epaiak. Epaimahai kontserbadore batek adierazpen askatasunaren defentsa egin zuen kasu horietan, beste kasu batzuetan kontra egiten duen arren. Paradoxikoa, ezta?

Torturei buruzko epaiak ere kaleratu dituzu. Zer esan nahi du inkomunikatutako atxilotu batek polizia etxean ez deklaratzeko eskubidea izatea eta, hala ere, deklaratzea?

Nire ustez, hori da ageriko zantzu arrazional bat zeinak agerian uzten duen bigarren erabaki hori, deklaratzearena, ez duela libre hartu. Ez da kontu juridiko bat, zentzu komuna da. Ez da ulertzen norbaitek bere eskubideak ezagutzea eta eskubide horiek bete nahi izatea, baina hiru, lau, bost egun igaro direlako soilik iritziz aldatzea, ez bazaio, aske egoteko eskubidea salbu, beste eskubiderik urratu. Niretzat, hor zerbait gertatu den zantzuak daude.

Eta salaketa horiek ez ikertzea?

Asko kezkatzen nau Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreek, salbuespenak salbuespen, gai honekiko erakutsi duten jarrerak. Ez dira batere arduratu.

Inkomunikazioa amaitu beharko litzateke?

Bai. Nazio Batuen Erakundeko kontalariak duela hamar urte egindako gomendioak bete beharko lirateke. Terrorismoaren aurkako legedia bertan behera utzi behar da, oinarrizko eskubideei eragiten dielako. Baina horrela ez denez, epaileek lege hori oso modu murriztailean aplikatu beharko lukete, edukiz hustu. Nire ustez, terrorismo kasuen %90ean baino gehiagotan aplika daiteke ohiko atxiloketetan aplikatzen den araubide bera.

Zer iruditzen zaizkizu euskal presoei eskatzen dizkieten baldintzak espetxe onurak lortzeko?

Lekuz kanpo daude. Preso guztientzat berberak izan behar dira. Egungo egoeran urratu egiten da berdintasun printzipioa; preso denei ez zaie berdin aplikatzen legea, ez dira berdinak legearen aurrean. Hori oinarrizkoa da.

Barkamena eskatu behar dute?

Ez da beharrezkoa. Konstituzionalaren jurisprudentziak ere badio ez dela beharrezkoa. Presoak adierazi behar du egungo egoeran ez duela jokatuko lehen jokatu zuen moduan. Horrek ez du esan nahi barkamena edo damua. Gisa horretako adierazpenak behar dira, ez damua edo barkamena. Eta uste dut bide horretan urrats garrantzitsuak egiten ari direla. Niretzat nahikoa da, ezker abertzaleko batzuek esan zuten moduan, bidegabea izan dela biktima batzuei egindako mina. Niretzat nahikoa da. Bizikidetza prozesu baten oinarriak ezartzen ditu.

Zer iruditzen zaizu justizia trantsizionalaren eredua Euskal Herrirako?

Horren defendatzaile sutsua naiz. Horri esker lortu da betikotuta zeuden hainbat gatazkak aurrera egitea. Borondate politikoa egongo balitz, nahiko erraza izango litzateke prozesu horietako irakaspen batzuk aplikatzea.

Zein?

Adibidez, presoen eta biktimen arteko mahai bat edo mahaiak osatzea, nazioarteko adituren baten laguntzarekin, presoen irteera akordatzeko. Sudafrikan egindakoaren antzera: epaiketa batzuk egin ziren, eta kasu batzuk berriz aztertu ziren mahai horretan eginiko akordiorako oinarriak oinarri hartuta. Badakit horrelako ekinbide batzuk ere egin direla Euskal Herrian, eta badakit, baita ere, mahaitik altxatu ondoren aitortu dutela euren ikuspuntua aldatu dela. Nik uste dut gisa horretako bilerek balio behar dutela erabaki judizial eta administratiboak hartzeko, espetxe onurak emateko. Niretzat hori izan daiteke oinarri bat, eta horretarako ez da legea aldatu behar.

Prozesu hori behar bezala ez ixteak zer ondorio ekar ditzake epe labur eta luzera begira?

Aukera historiko bat du Euskal Herriak aurrean. Kataluniak bezala, etorkizuna du jokoan. Eta iraganeko zauriak ez baditu behar bezala ixten, arazoak izango ditu aukera horri heltzeko.

ESANAK

Testuingurua. "PSOEren gobernuak izan zuen aukera, testuinguru historiko egokia eta, printzipioz, borondatea ere urratsak egiteko, eta urrats defintiboa egiteko ausardia faltagatik ez zuen egin. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian".

'Bateragune auzia'. "Konstituzionalak ez die soilik arrazoibide juridikoei erantzuten. Hori ez da egia. Auzitegi Konstituzionalak argudio juridikoak erabiltzen ditu, baina baita argudio politikoak ere".

Presoen argazkiak. "Pertsona batzuen argazkiak erakuste hutsa ezin da izan ezeren apologia. Pertsona horien irudiak erakustea edo haien iragana aldarrikatzea adierazpen eskubidea erabiltzeko jarrera legitimo bat da".

Prozesu politikoa. "Aukera historiko bat du Euskal Herriak aurrean. Eta iraganeko zauriak ez baditu behar bezala ixten, arazoak izango ditu aukera horri heltzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.