Tren istripua

Donostiako emakume bat dago Galizian hildako 80 lagunen artean

Oraindik ez dute eman emakumearen izena, baina, BERRIA.INFOk jakin duenez, 45 eta 50 urte bitartean zituen. Santiagora iristeko lau kilometroren faltan izan zen istripua, eta 80 hildako eta ia 180 zauritu utzi ditu, oraingoz. Madrildik Ferrolerako bidea egiten ari zen Alvia trena. Guztira, 178 lagun erietxeratu behar izan dituzte: horietatik 32 heldu larri zaurituta daude, eta berdin daude lau haur. Abiadura jo dute iturri ofizialek istripuaren arrazoi hipotetiko nagusitzat: orduko 80 kilometroko abiaduran joan ohi diren tarte batean, makinistak aitortu du 190 kilometroko abiaduran zihoala. Inputatu gisa deklaratu beharko du; dagoeneko, epaileen esku dago. Dena den, martxan da istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa, trenaren kutxa beltza epaileen esku utzita. Guztira, 218 bidaiari zihoazen bertan. Hogei zauritu oso larri daude, eta litekeena da hildakoen zifrak (78 oraingoz) gora egitea. Istripuaren lekuan bertan zauritu gehiago bilatzeari utzi diote dagoeneko. Trena Alvia izanik, ez zeraman Bilbotik ateratako kotxerik.

Maialen Unanue Irureta.
2013ko uztailaren 25a
17:09
Entzun

Festa eguna zena dolu egun bihurtu da Galizian. Atzo, 20:42 zirela, Madrildik Ferrolera zihoan tren batek kontrola galdu eta bidetik atera zen, Santiagora iristeko lau kilometro falta zituela. 80 dira hildakoak oraingoz eta horien artean dago 45 eta 50 urte bitarteko emakume donostiar bat. Jakinarazi dute hildakoen zerrenda osoa gaueko 22:00etan emango dutela.

Alvia etxeko trenaren bagoi guztiak gelditu ziren errailetatik kanpora ezbeharraren ondorioz: hiruk su hartu zuten, eta bat guztiz birrindu zen. EFEk jakinarazi duenez, 178 erietxeratuetatik 32 heldu larri zaurituta daude, eta egoera berean daude beste lau haur. Hala ere, datozen orduetan zifra horiek gora egitea espero da, hainbat baitira zauri oso larririk dituzten bidaiariak —koman daude horietako zenbait—.

Gorpu batzuk, oso desitxuratuta 

Hildako asko identifikatzeko ez direla "arazo larriak" izaten ari jakinarazi dute, baina gaineratu dute badaudela gorpu batzuk oso desitxuratuta daudenak; beraz, familiartekoen DNA beharko dute horiek zein diren jakiteko. Prozesu hori oso geldoa izan arren, iturriek jakinarazi dute ez direla "muturreko zailtasunik" izaten ari hildakoak eta zaurituak identifikatzerako orduan.

Guztira, 218 bidaiari zeramatzan trenak. Istripuaren uneko irudiak igo dituzte dagoeneko Youtubera (hamaika segundoko bideo batean, trena bidetik nola atera den ikusten da soilik). Dagoeneko, utzi diote zauritu gehiago bilatzeari. Alvia trena izanik, ez zeraman Bilbotik ateratako kotxerik: Renfeko iturriek baieztatu dute Arco trenak izaten direla Bilbotik eta Irundik ateratako kotxeak izaten dituztenak (Miranda de Ebron elkartzen direnak, Galiziara joateko). Hala ere, baliteke euskal herritarren bat tartean egotea, baina oraindik ez dute hildako eta zaurituen jatorria argitu.

"Gehiegizko abiadura"

Istripua gertatu eta berehala bertaratu ziren erreskate zerbitzuak eta anbulantziak, trenean harrapatuta zeuden pertsonei laguntzeko. Hainbat auzotarrek ere tapakiak eskaini zizkieten zaurituei. Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkaritzatik "gehiegizko abiadura" jo dute istripuaren kausa nagusitzat. Eta izatez, trenek 80 kilometroko abiaduran egin ohi duten zatian, istripu gertatu zenean, orduko 190 kilometroko abiaduran zihoala aitortu du treneko makinistak.

Inputatu gisa deklaratu beharko du; dagoeneko, epaileen esku dago. Dena den, trenaren kutxa beltza aztertuko dute, istripuaren kausak argitzeko asmoz: dagoeneko, epaileen esku dagoela jakinarazi dute. Istripua ikusi zuten lekukoei ere datuak hartu dizkiete, aurrerago deklaratzera deitu ahal izateko. Horrez gain, epaileak istripuaren uneko ahalik eta bideo eta irudi gehien lortu nahi ditu, gertatutakoa arretaz aztertzeko.

Antza, makinistak tren geltokiarekin irrati bidez hitz egin duenean (oraindik hildakorik ote zegoen jakin gabe), bizkarrean eta saihetsetan mina zuela adierazi du, eta baita trenean harrapatuta zegoela ere. Behin eta berriz "gizakiak gara" errepikatzen omen zuen, eta hildakorik ez egotea espero zuela, bestela bere "kontzientziaren gainean eroriko" zirela.

Gau osoa salbamendu lanetan

Gau osoa eman dute larrialditako zerbitzuek trenaren bagoietan harrapatutako pertsonak horietatik atera nahian. Azkenean, gaur goizean lortu dute azken bi bagoiak altxatzea: horien azpian zortzi hildako eta zauritu gehiago aurkitu dituzte. Istripua gertatu bezain pronto, larrialdi zerbitzuetatik Santiago inguruan zeuden pertsona guztiei dei egin zieten, ahal zuten neurrian odola ematera hurbil zitezen horretarako egokitutako eraikinetara: jendearen erantzuna hain izan zen handia, kolapsatu egin zela zerbitzua.

Fontes do Sar pabilioian antolatu dute larrialdiko tanatorioa. Hildako kopuru handiaren ondorioz, han bertan egin ahal izango dituzte familiartekoek behar dituzten beharrezko zuzemen judizial guztiak epaitegietara joan behar izan gabe. Galiziaren Eguneko zubiko lehen egunean gertatu da istripua: herritar ugarik baliatzen dute data hori oporretara joateko, eta hori dela eta, trena aski beteta zihoan. Hasiera batean, Xuntak gaurko aurreikusitako festa-ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu, baina azken informazioen arabera, zazpi eguneko dolua dekretatu du.

Informazio gehiago nahi duten familiarrentzat, bi telefono jarri dituzte jendearen eskura: 981551100 eta 900101660. Dena den, mesedez eskatu dute tren horretan zihoazen bidaiarien familiarrek soilik erabil ditzatela telefono horiek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.