MUNDUA

35 urteko espetxe zigorra jarri diote Bradley Manningi

Ezkutuko 700.000 dokumentu filtratzeagatik eta gobernu informazioa lapurtzeagatik zigortu dute 25 urteko soldadua.

2013ko abuztuaren 21a
17:14
Entzun

Bradley Manning AEBetako soldadua 35 urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu du auzitegi militar batek, Marylandeko Fort Meade base militarrean (AEB) egin den epaiketa batean. Era berean, armadatik bota dute, desohoreagatik, Wikileaks atariari ezkutuko 700.000 dokumentu filtratu ostean. 90 urteko espetxe zigorra jar ziezaioketen, baina azkenean 35 bete beharko ditu.

Hainbat espioitza lege urratzea, gobernu informazioa lapurtzea eta Iraken izan zuen postuan nagusikeriaz jokatzea leporatu diote. 2010eko maiatzean atxilotu zuten Manning, eta leporatzen zitzaizkion delitu arinenak onartu egin zituen, besteak beste, agiriak filtratzea. Kargurik larrienetik, hau da, etsaia laguntzearenetik absolbitu egin dute —horregatik zigortuko balute, bizi osoko espetxe zigorra jasoko luke—.

Hierarkia militarrean maila apaleko postua izan arren, armadaren eta zerbitzu sekretuen agirietako sarbidea zeukan, besteak beste, AEBetako soldaduek Afganistanen eta Iraken egindako hainbat hilketaren material grafikorakoa. Armadarekiko desilusioz egin zuela azaldu zuen Manningek: "AEBetako atzerri politikaren eta armadaren funtzioari buruzko eztabaida publikoa suspertu nahi nuen".

Adrian Lamo izeneko hackerrak salatu zuen Manning, AEBetako prentsak jaso duenez, horrek filtrazioaren arduradun zela jakinarazi ostean. Prentsaren arabera, musika CD batekin sartzen zen lanera Manning, eta barruan hori hustu eta dokumentuen kopiekin betetzen zuen, ateratzean musika entzuten ari zelako imintzioa eginez. 23 urte zituen orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.